Urtarrilaren 23an jakin zen albistea: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarria zuen betebehar bat. 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin izan badute, ezinbestean izena eman behar izan dute eskola kirolean. Araua 1990eko hamarralditik egon da indarrean. Baina auzitegiak, Pasaiako familia batek betebehar horren kontra abiarazitako auzibideari erantzunez, bertan behera utzi zuen. Diputazioaren bi aginduren zenbait puntu baliogabetu zituen, eta ebatzi zuen klub batean aritu nahi duten umeek ez dutela ezinbestean eskola kirola egin beharko. Aldundiak berehala iragarri zuen ebazpenari helegitea jarriko ziola. Kasazio helegite hori ebazpen zain dagoela gogoratu du gaur erakundeak, baina bitartean epaia behin-behinean betetzea agindu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta, diputazioak jakinarazi duenez, ez du aurkeztuko epaiaren exekuzio autoaren kontrako helegiterik.
«Erakundeak errespetatu eta onartu egiten du epailearen erabakia, jarritako kasazio errekurtsoaren ebazpenaren zain dagoen bitartean», adierazi du erakundeak gaur arratsaldean zabaldu duen prentsa oharrean. Hasieran, albistearen berri izan bezain pronto, multikirola programaren gaineko irizpideak lehengoan mantentzeko era izango zutela aurreratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Sententziaren kontrako helegiteak horretarako modua emango zuela aurreratu zuten: «Errekurtso horrek eten egin du epaiaren aplikazioa, harik eta auzitegi eskudunak kasazio errekurtsoa ebatzi arte».
Goizane Alvarez Kirol diputatuak irmoki defendatu zuen orduan eredua: «Multikirola defendatuko dugu aurrerantzean ere, orain arte egin dugun bezala; izan ere, oraindik ere oso argi daukagu Gipuzkoako kirol hastapenaren ereduak onura handiak dakartzala adingabeen garapenerako eta pertsonen prestakuntzarako». Solaserako borondatea ere azaldu zuen. «Familien edo adingabeen eskubideren bat urratzen dela uste bada, aintzat hartuko da, betiere Gipuzkoako errealitatea kontuan hartuta».
Haren adierazpenak zabaldu ditu Gipuzkoako Diputazioak. Orain arte landutako bidean urratsak egiten jarraitzeko asmoa azaldu du berriro. «Gure konpromisoa da eskola kirolaren eredu ez baztertzaile bat eraikitzea». Bide horretan ezinbestean lurraldeko haur guztiei «kirola egiteko eskubidea» bermatzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dutela nabarmendu du, eta horretarako hainbat ekinbide dituztela martxan. Urrats horien atzean beti egon behar duten balioak ere gogora ekarri ditu: «Inklusioa, ekitatea eta kalitatea».
Lankidetzan
Bide horretan aldundia lankidetzarako prest dagoela gogoratu du foru diputatuak. Gipuzkoan «kirol hastapenetan» jarduten duten eragileekin lanean ari direla adierazi du, eta hor urratsak egiten jarraitzeko «konpromisoa» dutela. Era berean, eskola kirolaren inguruko ponentzia bat sortu dute propio. Programa «indartzeko eta birpentsatzeko» abiaburu bat izatea nahi dute, eta nabarmendu du hor ere hainbat eragilek parte hartuko dutela.
Alvarezek berak azaldu du asmoa duela Gipuzkoako Batzar Nagusietan gai honi buruzko azalpenak emateko. Apirilaren 11n egin zuen han hitza hartzeko eskea. Bi asmo nagusi izango ditu. Batetik, eskola kirolaren finantzaketa aztertu duen ikerlan bati buruzko informazioa emango die batzarkideei. Aurreko agerraldi batean horri buruzko hausnarketa bat «aurreratu» zuela gogoratu du erakundeak, eta orain zehaztapen gehiago emango dituela. Bide batez, etorkizuneko «agertokiak» ere aurreratu nahi ditu, zehazteko zer bide hartu ditzaketen arloan hazten jarraitzeko.
Aurrez ere hitz egin izan du Alvarezek Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaiari buruz, eta kezka adierazi izan du, besteak beste, aldeko sententzia lortu zuen Pasaiako familia horren gisara beste sendi batzuek ere jo dezaketelako auzitara orain arte indarrean egon den ereduaren kontra egitera. EH Bildu, PSE-EE, Podemos eta EAJko kideen babesa jaso izan du diputatuak: denek egin dute bat inor bazterrean utziko ez duen eskola kirolaren eredu baten aldeko asmoan.
Pasaiako familiari arrazoia eman zion sententziaren antzeko ebazpen bat eman zuen EAEko arartekoak 2016an; baztertu egin zuen eskola kirola derrigorrezkoa izatea. Errenteriako familia batek aurkeztutako kexaren harira eman zuen iritzia; familia horren 8 urteko umeak futbola eta judo egiten zuen, baina derrigorrez parte hartu behar zuen eskola kirolean ere. Orduan, Ahal Dugu-ren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten azter zezala indarrean zegoen eredua, «hain inposatzailea» izan ez zedin. Garai hartako Kultura eta Kirol diputatua, Denis Itxaso, prest agertu zen batzorde bat sortzeko eta eredua malgutu edo ez aztertzeko.