Nekea eta asperra

Nekea eta asperra

Albistegi espainiar baten kontatu zuten estatuko biztanle askok neke klimatikoa dutela. Pertsona horiek onartzen dute aldaketa klimatikoa badela, baina ez zaiela lehen beste axola. Adituek bataiatu dute fenomenoa: neke klimatikoa. Bataiatzaile horiek larritzat jo dute gertakaria, gizartearen (edo gizabanakoaren) konpromisoak indarra galtzen duelako larrialdiaren kontra egiteko orduan, jende horrek ez duelako esfortzurik egingo, edo ez hainbeste, behintzat, bizimodua konplikatzen badio ahalegin horrek. 

Neketzat hartu dute, baina asperdura izena ere eman ziezaioketen. Aspertuta dago jendea, gogait eginda. Azkenean asperdura eta akidura ez daude hain urrun, ezta? Dena nahasten da: gogo falta, baldakerkeria eta axolagabekeria puntu bat. Guztia kokteleran sartuta, eta ezezagutza ale batzuekin, kopan zerbitzatuta. Galbana, berba baten. Horrek ekintza ezara garamatza, eta aldaketa klimatikoa frenatzen saiatu beharrean, handitu egiten dugu. 

Zoritxarrez, baina, beste zenbait konturekin ere antzera gertatzen dela deritzot. Euskararekin, esate baterako; edota genero berdintasunarekin. Denak daude euskararen alde, inor ez dago, oro har, kontra. Denek maite dute gure hizkuntza, argazkian agertuko dira Euskararen Egunean, Abenduaren 3an, Euskaraldiarekin bat egingo dutela adieraziko dute, baina gero hizkuntza eskakizunen aurka joko dute, epai euskarafoboei men egingo diete, edo ez dute ahalegin txikienik ere egingo gure hizkuntzan jarduteko: en erderaz, por favor. 

Genero berdintasunarekin ere antzera. Denak daude alde, inor ez dago, oro har, kontra. Argazkian agertuko dira Emakumeen Egunean, Martxoaren 8an, baita Azaroaren 25ean ere. Baina ez dute garbigailurik jarriko etxean, ez dute zaintza lanen ardurarik hartuko, feministak urrunegi joan direla esango dute, soldata arrakala ez dela existitzen, eta eskubide berdintasuna existitzen dela eta bermatuta dagoela legeen bidez.

Nekeak eta asperrak paralizatu egiten gaituzte, eta bide honetatik jarraituz gero, aldaketa klimatikoak baino lehenago akabatuko gaituzte

Gai horiekin ez ezik, beste hamaikatxo gai sozialekin ere bai. Bat da publikoki esaten dena, eta beste bat benetan pentsatzen dena. Hipokrisia handia dabil bazterretan, askotan azalutsak garelako, itxurakerian instalatuta. Cool eta guai izatea da garrantzitsuena, eta argazki ederrak atera Instagramen jartzeko.

Badaude beste pertsona batzuk, ordea, benetan pentsatzen dutenak egoera sozial batzuk txarto daudela. Egon litezke aldaketa klimatikoaren kontra, euskararen eta berdintasunaren alde… Baina lehen aitatu dudan bezala, gogo falta, baldakerkeria eta axolagabekeria puntu bat instalatuta dago gizartean, eta guztioi eragiten digu. Sarritan errealitateak gainezka egin liezaguke, estres moduko bat eragin, eta horrek paralisira eraman gintzake. Agobiatuta senti gintezke, eta ezer ez egitea erabaki. Total, eginak egin, ezingo dut ezer aldatu

Baina, neke hori ez dago bakarrik aitatutako gaietan, zeharo instalatuta dago gure egunerokoan. Askotan neke fisikoa da, gero eta eginkizun eta beharleku gehiago ditugulako, eraiki dugun bizimodua bulimikoa delako erabat, ez duelako toperik. Anbizioak eta eginbeharrak jaten digute patxada, eta neke psikologikoa eragin. Larria benetan. Nekeak eta asperrak paralizatu egiten gaituzte, eta bide honetatik jarraituz gero, aldaketa kimatikoak baino lehenago akabatuko gaituzte.