Sexu indarkeriari erantzuna

Sexu indarkeriari erantzuna

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailean ireki zuen lehen aldiz sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko foru zerbitzua. Lehenengo egoitza Donostian dago, eta, azaroaz geroztik, behin betiko kokalekuan: Kale Berriko 10. zenbakian. Martxoan beste egoitza bat ireki zuen, Arrasaten, Uribarri kaleko 5. zenbakian, eta, Iker Uson aldundiko gizarte inklusioko eta indarkeria matxistaren aurkako arreta zerbitzuko buruak esan duenez, Zaldibian beste egoitza bat irekitzeko asmoa dute orain.

Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministeriotik dator krisi zentroak irekitzeko agindua. Hain zuzen, estatuko lurralde guztiak derrigortuta daude sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko egoitzak sortzera, eta Europako funtsak jaso dituzte proiektua aurrera eramateko. Gipuzkoan, hiru egoitza egongo dira eskuragarri, eta hainbat bide daude horiekin harremanetan jartzeko: hariberria@gipuzkoa.eus helbidera idatzita, 900-84 01 88 telefonora deituta, edo 747-44 43 89 Whatsapp zenbakira mezu bat bidalita.

Hariberria izena dute sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko Gipuzkoako zentroek, eta emakumeei, haien senideei eta gertukoei ematen diete zerbitzua han. Donostiako egoitza nagusia 24 orduz dago irekia, urteko egun guztietan, eta abokatuak, psikologoak, hezitzaileak nahiz gizarte langileak aritzen dira. Usonek azaldu duenez, aholkularitza soziala eta juridikoa eskaintzeaz gain, ospitalera edo epaitegira joaten laguntzen dute. Gainera, kasuaren arabera, lo egiteko eta dutxatzeko aukera ere izaten da. «Helburua da, batetik, indarkeria ikusezina azaleratzea, eta bestetik, arreta integrala eskuragarri egotea», esan du Usonek.

(ID_14811677) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-03-27, Arrasate. Hariberria Arrasateren inaugurazioa, sexu indarkeriari arreta integral...
Emakume bat Arrasateko Hariberria zerbitzuko egoitzan, martxoan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Arrasateko egoitzan, ezinbestekoa da aurretiaz hitzordua eskatzea; dena den, zera azaldu du Usonek: biktimaren beharrei berehala erantzun behar bazaie, «modua» egongo dela Hariberriaren egoitza irekitzeko eta bertako langileak mugiarazteko, beste eragile batzuen bitartez  —hala Poliziaren nola gizarte zerbitzuen bitartez—, edo norbanakoek zuzenean Hariberria zerbitzuaren telefono zenbakira deituta.

Zerbitzua eskuragarri

Aldundiko zerbitzuburuak ziurtatu du Hariberria zentroetako zerbitzuak jasotzeko ez dela beharrezkoa sexu indarkeria zerbitzura jotzen den garai berean jasan izana, eta iraganean erasoak pairatu dituztenak ere artatzen dituztela. Gainera, Usonek dioenez, salaketa jarri izana ere ez da ezinbesteko baldintza arreta jasotzeko.

Hala, Ana Txurruka Donostiako Udaleko berdintasun teknikari eta mugimendu feministako kideak azpimarratu du garrantzitsua dela salaketa ez jartzea esku hartzearen erdigunean: «Salaketa polizial batek edo epaiketa judizial batek ez du bermatzen emakumeok indarkeriarik gabe bizitzea». Teknikariak dio derrigorrezkoa dela lanketa gizarte guztira zabaltzea.

Krisi zentroei dagokienez, Txurrukak esan du helburu nagusia zera dela, «emakumeek erreferentziazko esparruak edukitzea, beste emakumeekin elkartzea, eta hainbat ikuspegitatik elkarri laguntzea». Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela aztertzea sexu indarkeriak inguruan zer eragin duen, «ez soilik biktimarengan, baita gertukoengan eta komunitatean ere».

«Aurrerapausoak ematen ari gara, baina baliabideak jartzeak ez du automatikoki gizarte parekide bat ekarriko»ANA TXURRUKA Donostiako Udaleko berdintasun teknikaria

Datuen arabera, uztailean Donostian behin-behineko egoitza ireki zutenetik martxora bitarte 350 kontsulta egin ziren Hariberriaren bitartez. Kontsultaren bat egin zutenetatik 147 donostiarrak dira, 168 Gipuzkoako beste udalerrietakoak, bi beste lurralde batekoak, eta hiru atzerrikoak. Beste 30ek ez zuten jatorria zehaztu. 175 kontsulta profesionalek egin zituzten, eta beste 175ak partikularrek: 137 lagun zuzeneko biktima ziren.

Berdintasun teknikari Txurrukak adierazi du mito eta aurreiritzi asko daudela oraindik sexu indarkeriari dagokionez, eta ezinbestekoa dela uste horiek deseraikitzea: «Mitoa da uste izatea gizon ezezagun batek espazio publikoan, gauez eta bakarrik zoazenean bortxatuko zaituela. Datuek diote hori ez dela gehien gertatzen dena. Ezagutzen ditugun gizonek bortxatzen gaituzte, eta, normalean, gure eremu seguruetan». Gainera, gehitu du emakumeek maiz ez dutela nahikoa tresna sexu indarkeria identifikatzeko, bikote harreman heterosexualetan ohikoa delako nahi izan gabe sexu harremanak edukitzea: «Historikoki, uste izan da bikote harremanetan ez dela sexu indarkeriarik gertatzen, baina askotan ikusten dugu hori ez dela horrela».

Gertatu baino lehen zer?

Prebentziorako funtsezko tresna gisa identifikatu ditu Ana Txurrukak «sentsibilizatzea, trebatzea, emakumeen artean elkartzea eta jabekuntza prozesuak egitea». Horretarako, aitortu du Hariberriak eta halako proiektuek «zuzen-zuzenean» izan behar dutela gizartean sexu indarkeriari buruz egiten diren «hausnarketen» berri. Iker Usonek ere aitortu du «lan handia» dagoela egiteko prebentzioari dagokionez, eta ezinbestekotzat jo du beste sistemekin elkarlanean aritzea: «Segurtasuna, justizia, hezkuntza eta norbanakoaren borondatea» aipatu ditu aldundiko zerbitzuburuak.

Txurrukak iritzi dio indarkeriari aurre egiteko zentroek modua eman dezaketela gizartearen eraldaketa bultzatzeko baldin eta ikuspegi feministarekin jarduten bada: «Aurrerapausoak ematen ari gara, baina baliabideak jartzeak ez du automatikoki gizarte parekide bat ekarriko: ezinbestekoa da ikuspegi feminista eta jabekuntza ikuspegia izatea. Horrek eraldaketa bat ekar dezake, bai gure bizitza indibidualetan, baita emakumeon bizitza kolektiboetan ere». Erantsi du arreta jarri behar dela prebentzioan, eta, horretarako, eremu guztietan hitz egin beharra dagoela familiari buruz, maitasunari buruz eta genero rolei buruz: «Bai ikastetxeetan, bai familian, bai aisialdian, baita lantokian ere».

Usonek azpimarratu du sentsibilizazioa ezinbestekoa dela, baita «tolerantziarik eza» agertzea ere edozein indarkeria mota tartean denean. Horren harira, nabarmendu du gizonek ardura zuzena dutela sexu indarkeria amai dadin: «Gizonezkook lanketa indibidual eta kolektiboa egin behar dugu, erasotzaileak gizonak baitira. Horrek zuzenean interpelatzen gaitu».

BESTE egoitza BAT zaldibian

Hariberria zerbitzua eskaintzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaldibian ere irekiko du zentro bat, Donostiako egoitzaren eta Arrasatekoaren osagarri. Iker Uson gizarte inklusioko eta indarkeria matxistaren aurkako arreta zerbitzuko buruak kontatu du sexu indarkeriaren biktima direnei arreta integrala eskaintzeko egoitza bat ireki nahi izan zutela Goierrin ere, baina behin-behinean egongo dela Zaldibian. Zerbitzu motari dagokionez, ordua eskatu beharko da aurretiaz, Arrasatekoan bezala.