Orklidea, proiektu sozialen aldeko apustua

Orklidea, proiektu sozialen aldeko apustua

Ordiziako Orkli kooperatibako Gizarte Kontseiluak Orklidea izeneko laguntza programa sortu berri du, Euskal Herrian garatzen diren proiektuentzat, eta laguntzak jada baditu lehen bi onuradunak: Horbel eta Pausoka elkarteak. Kooperatibako kideek azaldu dute proiektu sozialak egiteko dirua behar duten elkarte eta taldeentzako deialdi bat dela programa hori. Lehen aldi honetan 25 proiektutik gora jaso dituzte, eta Orkliko kolektiboak bi «onenak» aukeratu ditu. Horretarako, askotariko irizpideak hartu dituzte aintzat, hala nola «pertsonen aukera berdintasuna, balioetan heztea eta euskara». 

Proiektuak bi kategoriatan bereizi dituzte —A eta B—, dimentsioaren arabera. A kategorian Horbel elkartea izan da hautatua, eta 35.000 euro inguruko laguntza jasoko du. B kategorian, berriz, Pausoka elkartea izan da irabazlea, eta 15.000 euro inguru jasoko ditu proiektua garatzeko.

«Gure helburua da komunikagailu digitalen erabilera zabalduz joatea, ahalik eta haur eta familia gehienengana iristeko»

ESTIBALIZ IRURETAGOIENA Pausoka elkarteko koordinatzailea

Pausokak jakinarazi du komunikatzeko zailtasunak dituzten Gipuzkoako haurrei laguntzeko erabiliko duela diru laguntza. Estibaliz Iruretagoiena elkarteko koordinatzaileetako batek esan du Pausokak «komunikazio sistema alternatibo eta aumentatiboen alde» egin duela azken urteetan. Izan ere, Pausokaren arta jasotzen duten zenbait umek zailtasunak dituzte komunikatzeko, eta elkarteak erabaki du jasotako diru laguntzarekin beste urrats bat egitea. Hain zuzen ere, komunikagailu digitalak txertatu dituzte.

Iruretagoienak azaldu du «pertsona ororen komunikatzeko eskubidea aintzat hartzea» dela proiektuaren helburua, iruditzen baitzaie komunikazio arazoak dituztenak «oso baldintzatuta» bizi direla. «Haur horiek egoera desatseginak bizi behar izaten dituzte egunero», esan du Iruretagoienak. «Azkenean, inguruak ez bazaitu ulertzen eta ez badaki zer gertatzen zaizun edo zer nahi duzun, frustrazioa pizten da. uste dugu komunikagailu digitalak txertatzea aurrerapauso bat izan daitekeela muga horiei aurre egiteko».

Komunikagailu digitalak 

Komunikagailu digitalen laguntza behar duten haurrek hainbat arlotan nabarituko dituzte onurak, Pausokako kideak dioenez, hala autonomian, nola sozializatzeko gaitasunean eta bizi kalitatean. Elkarteko erabiltzaile batzuek jada probatu dituzte gailu berriak, eta koordinatzaileak esan du emaitzak ontzat jo dituztela. Orklidea programako diru laguntzak eman die modua proiektua aurrera ateratzeko. «Gure helburua da komunikagailu digitalen erabilera zabalduz joatea, ahalik eta haur eta familia gehienengana iristeko».

Gainera, elkarteak uste du tresna horiek egoki erabiltzeko «ezinbestekoa» dela haurrak eta familiak trebatzea. «Komunikagailuak elikatu egin behar dira pixkanaka, eta jakin behar da hori nola egin», adierazi du Iruretagoienak. «Azken batean, gure ahozko komunikazioa zabalduz doan bezala, ume hauen hiztegia ere handituz doa». Horregatik, Pausokak «beharrezkotzat» jotzen du eskolekin «koordinazio estua» izatea, haur guztien ongizatea esparru guztietara zabaltzeko.

«Komunikagailu digitalak elikatu egin behar dira pixkanaka, eta jakin behar da hori nola egin»

ESTIBALIZ IRURETAGOIENA Pausoka elkarteko koordinatzailea

Pausokak komunikagailu digitalen alde egin duen arren, Iruretagoienak esan du halako arazoak dituzten haurrei laguntzea «gailu bat lortzea baino prozesu konplexuagoa» dela. Izan ere, uste du haur bakoitzaren komunikatzeko zailtasunak fisioterapeutekin eta bestelako profesional batzuekin batera landu behar direla. «Pausokan, lehenik, aztertzen dugu haur bakoitza eta haren familia nola komunikatzen diren. Horren balorazioa egiten dugu, eta, dauden sistema alternatiboen artean, familiari hobekien egokitzen zaiona aukeratu».