«Gure helburuetako bat da drogen normalizazioa murriztea»

«Gure helburuetako bat da drogen normalizazioa murriztea»

Badirudi drogaren arazoak 1980ko hamarkadan geratu zirela, baina errealitateak ez du hori erakusten. Iñigo Izargaraik (Donostia, 1971) maiz ikusi zuen drogak Altzan, bere auzoan, zer ondorio eragin zituen, eta egungo bere bizilekuan ere nabaritzen ditu: Oiartzunen. Gazteetan askotariko adikzioak daudela dio: droga, jokoa, sakelakoa, pornografia… Horrek ekar ditzakeen ondorioak ikusarazteko, Izargaraik talde bat sortu du, bi lagunekin batera. Hiru kideak hasiak dira Oiartzungo eskoletan prebentzio lanak egiten, baina taldea handitzeko eta beste hainbat adikzio jorratzeko nahia dute. Bihar egingo dute bigarren bilera irekia, 18:30ean, Oiartzungo udaletxean.

Nondik dator drogen arriskuaz ohartarazteko taldea sortzeko ideia?

Duela bi urte, bederatzi hilabetez ospitaleratua egon nintzen depresioa zela eta. Gauza asko ikusi nituen han, egoera lazgarri asko. Besteak beste, adikzio oso gogorrak zituzten hainbat lagun ezagutu nituen. Iazko urtarrilean atera nintzen, eta, momentu hartan, egoera txar bat pasatu nuen etxean, familiako kide batekin. Ospitaletik atera nintzenean, konturatu nintzen Oiartzunen droga asko dagoela, eta gazte batzuk oso gaizki zeudela. Egoera horrek bultzatuta, hiru lagun elkartu ginen, gure kezkak komentatu genituen eta ondorio bakarra atera genuen: zerbait egin behar genuela.

Zer egin?

Ez dakigu zehazki zer egingo dugun. Zaila da. Inguruan adikzioak lantzen dituzten elkarte asko ditugu, Agipad, Gizakia Helburu eta Alkoholiko Anonimoak, eta haiekin harremanetan jarri gara gazteen egoerari buruzko informazioa jasotzeko. Errenteriako Ekintza Bibe elkartearekin ere harreman bat egin genuen; haiek ludopatia jorratzen dute, gaur egun adikzioak ez baitira soilik beti ezagutu ditugun drogak. Azken finean, gure helburua da herriaren eta halako elkarteen artean zubi lanak egitea, gazteei erakusteko arazoa non dagoen.

«Konturatu nintzen Oiartzunen droga asko dagoela, eta gazte batzuk oso gaizki zeudela. Egoera horrek bultzatuta, hiru lagun elkartu ginen, eta ondorio bakarra atera genuen: zerbait egin behar genuela»

Drogak debekatzea da zuen helburua?

Ez, hori ez da gure helburua. Guk prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditugu. Adibidez, gure helburuetako bat da drogen normalizazioa murriztea. Badirudi batzuentzat gauza bera dela zurito bat eskatzea eta kokaina marra bat sartzea, eta hori oso kezkagarria da. 1980ko hamarkadan drogaren aurkako kanpainak egiten ziren, droga debekatzea sustatzen zen, baina guk ez dugu hori egin nahi. Guk zera nahi dugu, gazteek jakitea drogak hartzeak zer ondorio ekar diezaiekeen, eta, beraz, jakin dezatela zer den eurentzat onena.

Esan duzu Oiartzunen droga asko dagoela. Zer-nolakoa da egoera?

Badira 14 urterekin kokaina probatzen dutenak. Kokaina hartu aurretik, marihuana porruak erretzen dituzte, eta lehenago, segur aski, alkohola probatu. Hori izaten da ordena; azken batean, droga baten kontsumoa hurrengoarekin lotuta baitago. Droga potenteagoekin ludopatia eta prostituzioa lotu ditzakegu, besteak beste. Ikusi dugu AEBetan fentaniloarekin dituzten arazoak, eta uste dugu urrun gelditzen zaigula hori, baina hona iristen bada, zer? Prestatuta egon behar dugu. Bartzelonara eta Madrilera ailegatu dira fentaniloaren arrastoak. Gainera, askotan, gazteek kontsumitzen duten droga oso kalitate txarrekoa izaten da.

Droga mota horiek al dira gazteek dituzten adikzio bakarrak?

Eskoletan izan gara; gure helburuak kontatu dizkiegu ikasleei, sentsibilizazio prozesu hori egite aldera, eta konturatu gara nerabeek beste adikzio batzuk ere badituztela. Mugikorrarekiko adikzioa, adibidez, oso hedatua dago gazteen artean, eta eskolek hainbat ekinbide egiten dituzte horren aurka. Altxa Burua, esaterako, mugikorren adikzioaren aurka esku hartzen duen sarea da. Edari energetikoak ere egungo beste adikzio bat dira, baita vaper-ak ere. Beraz, ikusita beti ezagutu ditugun drogez gain beste adikzio batzuk badaudela, gure artean hitz egin genuen eta erabaki dugu gure jarduera mendekotasun mota guztietara hedatzea, adikzio guztiak landu nahi baititugu.

Mendekotasuna duten gazteei zaila zaie laguntza eskatzea?

Normalki, ez dira daukaten arazoaz ohartzen, harik eta gurasoei dirua lapurtu edo zorrak izaten hasten diren arte. Hondoa jo behar izaten dute egoeraz jabetzeko. Adikzio bat gaixotasun bat da, eta hori horrela dela ulertu behar du adikzioa duen gazteak, eta baita gurasoak ere. Guk konfiantza transmititu nahi diegu, zubi lana egiteko. Kalean arituko gara, droga kalean dagoelako. Egiten ari garena jendeak begi onez ikustea nahi dugu.

Martxo bukaeran Oiartzunen bilera bat egin zenuten zuen taldea aurkezteko. Zer moduz joan zen?

Bilera haren helburua taldea sendotzea zen, gure taldea irekia baita. Asmoa zen interesa zutenekin taldea osatu eta lanean hastea. 70 bat lagun bildu ginen; gehienak, adikzioak jorratzen dituzten elkarteetako kideak ziren. Gu gustura geratu ginen jendearen interesarekin, badakigulako gaur egun bilera bat egitea oso zaila dela eta are zailagoa prest dagoen jendea aurkitzea. Askotan, arazoa etxean baduzu, zailagoa izaten da horrelako hitzorduetara joatea, lotsagatik edo beldurragatik. Izan ere, gogorra da Alkoholiko Anonimoak edo Gizakia Helburu hitzak entzutea.

«Gazte guztiengana iristeko, garrantzitsua da herritarren bizipenen berri izatea, horrek hurbiltasuna ematen dutelako eta gazteei begiak irekitzeko balio dezakeelako»

Bihar izango duzue bigarren bilera irekia.

Segur aski, aurrekoan baino jende gutxiago etorriko da, baina taldea osatzea espero dugu.

Eta ondoren, zer?

Orain arte eskoletan izan gara, eta, eskoletara joanda, erraza da gazteengana iristea, behartuta daudelako gu entzutera. Baina eskoletan ez dauden gazteengana iristea zaila da, eta, horretarako, beste lanketa batzuk egin beharko ditugu. Adibidez, irratian presentzia eduki nahiko genuke, edo mendi elkartearekin irteerak egin, Haizegain baserrian daudenekin ekintzak antolatu… Halako gauzak egiteko gogoa dugu. Gazte guztiengana iristeko, garrantzitsua da herritarren bizipenen berri izatea, horrek hurbiltasuna ematen dutelako eta gazteei begiak irekitzeko balio dezakeelako.