Badoakigu mundua

Badoakigu mundua

Esan izan da gutako bakoitzaren barruan ez-dakit-zenbat izaki bizi omen direla: «Gure barruan bizi den umea» eta ez-dakit-zer. Batzuetan hartzen omen digu batek gorputza; besteetan besteak ahotsa. Pentsatzen dut hazi ahala joango dela norbera hor barruko izaki berriak ezagutzen; eta eraikitzen ere bai, seguruenik.

Nire barruan, besteren artean, atso bat bizi da; ezkutu xamarrean ibiltzea gustatzen zaiona, baina konfiantzazko ezein zirkulutan nagoenean, esapide desesperatu eta erdi-ernegatu forman agertzen dena eztarrira; eta hortik kanpora jauzi egiten duena gero, batzuetan, dakarren indarraren arabera. 

Duela lauzpabost hilabete, akorduan dut, lagun batzuek haien etxe berria ezagutzera joateko gonbita egin ziguten; etxea erakutsiko zigutela, eta de paso bazkalduko genuela zeozer, jatekoa haien kontu. Plan ona zen. Postrerako zeozer eraman genuen gonbidatuok. Joan ginen, gustatu zitzaigun pila bat etxeko izkina bakoitza, adierazi genuen halaxe, eseri ginen mahaiaren inguruan, eta, humusaren eta guakamolearen tartea bukatutzat emandakoan, bost plater igualetan serbitu genuen bazkaria: «Kalabaza risottoa». Igual egongo nintzen bereziki gosetuta, igual jaikiko nintzen umore on-onez, igual ez dut risotto asko probatu bizitzan, igual konpainia onak ere ondu egingo du egoeraren zaporea, auskalo: inoiz jan dudan arrozik goxoenetakoa iruditu zitzaidan. Errezetaren harira galdezka hasi nintzaien ustezko sukaldariei orduan, eta hala aurkeztu ziguten txefa: sukaldeko beste gailuen artean bere tokitxoa eginda zuen kozinatzeko robota, Mambo. Esango duzue berandu natorrela igual, ez dakit, baina flipatu egin nuen. Oso-oso goxoa zegoen. Egun hartan, akorduan dut, etxera bueltatu nintzenean, pisukideei komentatu nien, komentatu zien «nire barruko atsoak»: mundua badoakigu.

Etxepeko tabernako terrazan pintxo hotz bana bazkaldu dugu pisukideok, eta behera bultza eginda ere ez dut lortu eztarritik apartatzea behin eta berriz azkura eragiten didan ahotsa: mundua badoakigu.

Geroztik, ezagutu ditut kozinatzeko robot gehiago, ikusi ditut existitzen ez diren tokietako bideoak, izan dut ChatGPTrekin txateatzearen ohikotasunaren berri, ohartu naiz askotan ez naizela gai bereizteko kartel bat adimen artifizialak egin duen edo ez, testu bat adimen artifizialak itzuli duen edo ez, aditu dut karterak molestatu egiten omen duela eta mobila izanez gero, zertarako hartu kartera, enteratu naiz kotxearen aparkalekua mobil bidez ordaintzen dela orain, ia dena programatu daitekeela orain: korreo elektronikoko mezuak, arropa garbigailua, Instagrameko argitalpenak, kozinatzeko robota. Geroztik, flipatu dut behin baino gehiagotan; mututu dut behin baino gehiagotan, eztarrira etorritako ahots desesperatu eta erdi-ernegatua.

Eta robotak, eta mobilak, eta ordenagailuak, eta aplikazioak, eta programak, eta entxufeak, eta kargagailuak eskuetan hartuta genbiltzala, wifiaren erroreagatik kexatu da pisukidea. Konturatu naiz nire ordenagailuko kargagailuak ere ez duela funtzionatzen, argirik ez dela pizten etxean, portalean ere ez. Leihora atera gara, bizilagunak elkarri hizketan ari dira, semaforo denak itzalita omen daude hirian, ez dakigu zer bazkalduko dugun, telelanik ezin dugu egin, «itzalaldi mundialaren ordua da», dio parekoak, zenbat iraun dezakeen imajinatu eta urduri jarri gara, «ez-dakit-non eta ez-dakit-non ere argirik gabe daude» entzun da urrunagotik, koberturarik ere ez dugu, notiziak entzuterik ere ez, ez irratian ez telebistan; kalera atera gara, ea zer dioten auzokoek.

Etxepeko tabernako terrazan pintxo hotz bana bazkaldu dugu pisukideok, eta behera bultza eginda ere ez dut lortu eztarritik apartatzea behin eta berriz azkura eragiten didan ahotsa: mundua badoakigu.