‘Estoucha’: antifaxismoaren lekuko eta partaide

‘Estoucha’: antifaxismoaren lekuko eta partaide

Estera Zilberberg Estoucha emakume judu komunista poloniar bat izan zen. Haren seme George Waysand ikerlariaren bidez izan dute Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak Estoucha-ren berri, Waysandek liburu bat idatzi baitzuen amaren hitzak jasota. Bi ikerlariek euskarara nahiz gaztelerara itzuliko dute liburua, eta emakume hari buruzko dokumental bat ere egiten ari dira.

[articles:2141037]

Estoucha, Abram Gostynskirekin batera, medikuntza ikasten ari zen Belgikan. 24 urte zituen Espainiako 1936ko estatu kolpea zela-eta boluntarioak eskatu zituztenean, eta dena utzi zuen gerrara abiatzeko; Hendaia (Lapurdi) helmuga zuen trena hartu zuten Estouchak eta Gostynskik, zortzi langilerekin batera. Estouchak kontatu duenez, «bi erizain eta zortzi langile» iritsi ziren abuztuaren 12an Euskal Herrira. Langileek metrailadoreak zekartzaten maletan, eta Gostynskik eta biek, botikak. Hendaia eta Irun lotzen dituen Etorbidearen zubia pasatu, eta, poloniarrak zioenez, «armak eta botikak frontera eraman zituzten zuzenean».

Gerra ibilbidea

Irunen aritu ziren borrokan, eta gero Donostiara eta Andoainera joan ziren, baita gerora Astigarragara ere. Bertan zauritu zuten Gostynski; zehazki, Benta auzoan. Azurkik kontatu duenez, Estouchak pasarte aipagarriak bildu zituen gerrak iraun bitartean: «Behin, frontean zaurituak artatzen ari zela, eta tiratzaileari buruan tiro egin ziotela ohartuta, metrailadorea hartu behar izan zuen, faxistak baitzetozen parez pare». Ez da ziurra, baina ikerlariek uste dute Elgetan jazo zela gertaera hori.

«Tiratzaileari buruan tiro egin ziotela ohartuta, metrailadorea hartu behar izan zuen Estouchak, faxistak baitzetozen parez pare»AITOR AZURKI Kazetaria

1936ko abenduan Legutioko (Araba) guduan zauritu zuten Estera Zilberberg Estoucha. «Gudari bat bizkar gainean mugiarazten ari zela, besoan zauritu zuten, eta azkenean gudariak heldu behar izan zion hari», gogorarazi du Azurkik. 1937ko Durangoko (Bizkaia) martxoaren 31ko bonbardaketa ospetsua baino lehen, Espainiako armadak beste behin ere bonbardatu zuen Durango, eta horren testigu izan zen emakumea. «Bonbardaketaren ondoren, Estouchak kontatu zuen jendea kalera atera zela haserre, preso eskuindarrak kartzelatik atera eta fusilatu egin zituztela. Gerra zer zen orduan jakin zuela aitortu zuen», oroitu du kazetariak. 

1937an, erredaktore eta berriemaile lanetan hasi zen Mujeres aldizkarian; aldizkariak «Gerraren eta Faxismoaren aurkako Emakumeen Komite Nazionalaren Organoa» zioen azpi-izenburuan. Bilbon sortu zuten, Astarloa kalean. Juanita Lefevre ezizenarekin sinatzen zuen Estouchak; hain zuzen, Belgikan ere militante komunista izateagatik erabili ohi zuen ezizen berarekin. 

Ez daitezen ahantzi

Orduan bukatu zen Estoucharen ibilbidea Euskal Herrian, baina ez zen orduan bukatu haren historia: lehenik, Asturiasera (Espainia) joan zen; gero, Frantziara ihesean; eta bueltan, Bartzelonako frontera. Sobietarren eta espainiarren arteko itzultzaile lanak egin zituen, eta gerra amaitzean Frantziako erresistentzian murgildu zen. Hamaika bider torturatua izan ondoren, kontzentrazio esparruetan hartu zuten preso, eta deuseztatze esparru batera eraman zuten gero. Bizirik irten zen.  

Estera Zilberberg Estoucha-ri buruzko dokumentala osatzen ari dira Aitor Azurki eta Aitzol Arroyo; batik bat, «Euskal Herrian izandako ibilbidea» hartuko dute kontuan. Area Audiovisual Gasteizko ekoiztetxearen eskutik aterako dute argitara, «bi edo hiru urte barru». Horrez gain, Estoucharen seme George Waysandek argitaratutako liburua euskarara eta gaztelerara itzultzen ari dira, Alberdania argitaletxearen bitartez; jatorrizkoa frantsesez dago. Aitortu dute, bai bolutario internazionalistei buruzko ikerketa liburua, eta, baita, Estouchari buruzko dokumentala ere, publiko zabalarentzat izatea nahi dutela, informazioa interesgarri izan dadin: «Helburua da gurera ekartzea batzuen borroka antifaxista, baita balioa ematea ere. Ahanzturatik atera nahi ditugu, eta horren bitartez omendu», berretsi dute Azurkik eta Arroyok.