Azkoitian egunotan musika elektronikoaren bueltan ari dira dantzan. Izan ere, Holz Und Blech jaialdia egiten ari dira asteazkenaz geroztik. Festaren izenak atentzioa pitz diezaioke askori, baina bat dator jaiaren oinarriarekin. Izan ere, Zuhaitz Urain Zizu musika elektronikoaren erreferente zen Azkoitian, eta, hura zendu zenean, ingurukoek haren omenezko festa bat egitea erabaki zuten, estilo horretako musika ardatz hartuta. Ordutik, musika elektronikoak girotzen ditu urtero Azkoitiko kaleak, eta izenburuarekin Zizuk etengabe ahotan zerabilen esaldi bati egin nahi izan diote erreferentzia: «Egurre ta txapa!» esaldiari, hain zuzen. Alemanez horixe esan nahi du Holz Und Blech-ek.
Jaiak bederatzigarren aldia du aurtengoa, eta asteazken arratsaldean hasi ziren lehen ekitaldiak. Lehen egunean, Bizkari musika eskola lagun, gaztetxoentzako tailer bat antolatu zuten, musika elektronikoa nola sortzen den erakusteko.

Julian Balenziaga jaialdiaren antolatzaileetako batek esan du «garrantzitsua» dela gaztetxoek musika elektronikoaren munduan murgiltzeko aukera izatea. «Tailerrak aukera eman zien musika elektronikoaren oinarriak modu dibertigarri batean arakatzeko eta sormenari mugarik ez jartzeko».
Atzo, ohi moduan, antolatzaileek omenaldiari egin zioten tartea, Zizu zena eta haren senideak omendu baitzituzten. Balenziagak esan duenez, «momentu goxoa, hunkigarria eta beharrezkoa» izan zen. Ondoren, Gela eta Telmo Trenor artistek hitzaldi bat eman zuten, bai eta zuzeneko musika eskaini ere. Behin festarako motorrak berotuta, Azkoitiko herritarrek zuzeneko emanaldietan gozatzeko aukera izango dute gaur eta bihar.
Berrogeitik gora DJ
Azken urteetako festa egiturari eutsiko diote aurten, eta, guztira, berrogei DJ baino gehiago ariko dira Azkoitian musika jartzen. Askotariko DJak arituko dira, hala nola Azkoitikoak eta inguruko herrietakoak —Alexander Loop, Beba, Maitx, Mr. Soto, Munizzio, Panda eta Zatibi—, Euskal Herriko eszena elektronikoan ezagunak direnak —Koldo Intermusic, Divorce from New York eta Galiano— eta nazioartekoak —Abdulla A., Maya, Mari. Te, Javier Carballo, Adre, Ladrillovitz, Lumbago eta Vass—. Emanaldiak herriko hainbat gunetan izango dira: Goiko Losan, Plazaberrin, eliza atarian, Matadeixen eta Hika, Zurt, Galipan, Txalintxo, Latz, Dean, Etxe-Aitz eta Tta-kun tabernetan.
Aurten, lau eguneko egitaraua prestatu dute, orain artekoak baino zabalagoa, eta Balenziagak adierazi du, jaialdia ez ezik, antolatzaile taldea ere handitzen ari dela. «Txikitik handira goaz, eta horrek eskaintza zabaltzeko aukera ematen digu. Egia da geroz eta urrunago entzuten dela gure oihartzuna, eta hori pozgarria da. Geroz eta jende gehiagorengana heldu nahi dugu, bertakoa zainduz».
«Egia da geroz eta urrunago entzuten dela gure oihartzuna, eta hori pozgarria da. Geroz eta jende gehiagorengana heldu nahi dugu, bertakoa zainduz»
JULIAN BALENZIAGA Azkoitiko Holz Und Blech jaialdiaren antolatzailea
Antolatzaileak kontatu du bederatzi urteotan musika elektronikoaren eszena ezagutzen duen «askotariko jendearekin» harremana izan dutela eta jaso duten erantzuna «oso ona» izan dela. Aurten, «soinuaren kalitatearen aldeko apustua» egin dute. Horrenbestez, Azkoitira agertzeko gonbita egin die joan ala ez zalantzan direnei. «Animatu eta izan zaitez jaialdiaren parte».
Duela hamar urte hil zen Zuhaitz Urain Zizu, eta bederatzi urte daramatzate Azkoitia haren gustuko musika grinaz betetzen. Beraz, pixkanaka hazten ari da zuhaitza, eta antolatzaileek diote are gehiago loratzen jarraituko duela.