Bihar hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Herrialdeko 44 udalerritako 460 pilotari elkartuko ditu, gizonezkoak eta emakumezkoak. Oraindik ere pilotari gehienak gizonezkoak diren arren, Leire Montes Gipuzkoako Pilota Federazioko kideak uste du azken urteetan «aldaketa bat» izan dela, «pixkanaka» gero eta emakumezko gehiago baitabiltza pilotan. Nolanahi ere, esan du iazko txapelketan adina emakumek hartuko dutela parte aurten. Montesi iruditzen zaio dagoeneko ez duela atentziorik ematen halako txapelketetan parte hartzaileen zerrendetan andreen izenak irakurtzeak. «Hori oso pozgarria da», dio. Gaur egun, kadete mailan ari dira emakume gehien.
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan bederatzi emakumek hartuko dute parte: eskuz bostek —Nora Mendizabal (Andoain), Irati Betegi (Aretxabaleta), Ainhitze Arratibel (Lazkao), Amaiur Artetxe (Oiartzun) eta Lide Lopez (Zaldibia)—, gomazko paletan batek —Amaia Aizpuru (Azkoitia)— eta zesta-puntan hiruk —Ane Elezgarai (Mutriku), Frida Watkins (Zumaia) eta Oaia Otaño (Mutriku)—.

Montesek dio aurtengo txapelketan «maila altuko» partidak ikusteko aukera izango dela. Gaineratu du txapelketa egun goi mailan lehiatzen diren pilotari askoren plaza izan dela; kasu baterako, Iñaki Artolarena eta Erik Jakarena. Iazko Emakumezkoen Master Cupeko promesen mailan txapeldun izandako Lide Lopez zaldibiarra arituko da aurten, bai eta Ainhitze Arratibel ere, Master Cupeko gazteen mailan bigarren egin zuen pilotari lazkaotarra.
Goierriko zazpi herri lehian
Eskuzkoa da txapelketako modalitaterik zaharrena, 57. aldia izango baitu. Larruzko pala eta pala motzaren 34. aldia izango da, zesta-puntaren 27.a, eta gomazko paletarena, zazpigarrena. Montesek jakinarazi du parte hartuko duten 44 herritatik 21 lehiatuko direla eskuz, sei larruzko paleta eta pala motzez, hamalau gomazko paletaz eta hiru zesta-puntaz. Goierriko zazpi herri daude parte hartzaileen artean: Ataun, Beasain, Lazkao, Zaldibia eta Zegama eskuz arituko dira, Ordizia larruzko paleta eta pala motzez, eta Zumarraga gomazko paletaz.
Lehendabiziko finala larruzko paletako eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 7an; ondoren, zesta-puntakoa, ekainaren 22an. Eskuzko finala ekainaren 28an jokatuko da, Donostiako Atano III.ean, eta ETB1ek emango du, zuzenean, 10:30ean. Ekainaren 30ean izango da azken finala: gomazko paletarena. Montes federazioko kideak zera azaldu du, eskuzko finala salbu, dohainik ikusi ahal izango direla partida guztiak, baldin eta partida jokatuko den herriko klubak kontrakorik erabakitzen ez badu.