Orain bi mila urte, Oiassoko erdigunea zegoen gaur egungo Irunen. Terma erromatarrak izan ziren han, eta oraindik bertan daude terma horien arrastoak. 1996an aurkitu zituzten lehen aztarna arkeologikoak, eta 2005ean ekin zieten indusketa lanei. Erromatar garaiko zenbait elementu aurkitu zituzten urte hartan, eta gune horren alboan eraiki zuten Oiasso Erromatar Museoa. Termak estalki batez babestuta egon dira ordutik, eta orain bisita daitezke, aurkitu eta 29 urtera. «Museoaren zentzua borobildu egin dugu», esan du Aizpea Goenagak, Oiasso Erromatar Museoko koordinatzaileak. «Eskualde osoan aurkitutako erromatar garaiko elementuak ditugu museoan, baina termak irekitzea falta zitzaigun». Apirilaren 11n zabaldu zituzten, eta antolatzaileek jakinarazi dute «harrera ona» izan dutela.
Termak aurkitu zituzten gunean lehen aldiz indusketa lanak egin zituztenean, absidea topatu zuten, eta, barnean, opus spicatum-a: erromatarrek paretak eta lurrak egiteko erabiltzen zuten sistema bat. «Pilae-ak aurkitu zituzten gero, eta horrek agerian utzi zuen aurkitutakoak terma erromatarrak zirela, horrelako lekuetan oso ohikoak baitziren», azaldu du Zohartze Galan arkeologoak. «Ondoren, 2005eko indusketan, termen egiazko tamaina ikustea lortu zuten». Galanen ustez, Oiassoko termak Euskal Herriko erromatar garaiko arrasto garrantzitsuenetariko bat dira. «Termen tamainagatik, badakigu ez zirela pribatuak; publikoak izango ziren, segur aski. Oiassoren erdigunean zeuden, portutik gertu, eta, beraz, gizartearen funtsezko elementu bat izan ziren. Ura Beraungo mendixkatik ekartzen zuten, hodi batzuen bidez, baina ezin izan dugu jakin zehazki non zegoen iturburua».
«Terma erromatarrak Oiassoren erdigunean zeuden, portutik gertu, eta, beraz, gizartearen funtsezko elementu bat izan ziren»
ZOHARTZE GALAN Arkeologoa
Arkeologoak esan du termak oso ondo mantendu direla bi mila urtez. «Gaur egun termak dauden gunean inoiz ez da ezer eraiki, eta horregatik mantentzen dira hain ongi. Museoa dagoen lekuan, adibidez, badakigu termak egon zirela, baina eskolak eraiki zituzten gero, eta azpian zegoena atera egin zuten». Gainera, egindako indusketei esker, arkeologoek jakin dute iparraldera dauden lurretan terma arrasto gehiago daudela; hala ere, ezin izan dute ikertzen jarraitu, lur horietan etxe pribatuak baitaude. «Badugu noizbait ikertzen jarraitzeko itxaropena. Eskualdean baditugu indusketa lanak egiteko beste hainbat leku, eta ea zerbait aurkitzen dugun».
Museo «bizia»
Museoko koordinatzaileak adierazi du termek «harrera ona» izan dutela. «Iaz bisita datu onak izan genituen Aste Santuan, baina aurten hirukoiztu egin da bisitari kopurua. 1.500 pertsona baino gehiago igaro dira Oiassotik bi aste horietan. Ilusio handiz eraikitako proiektu bat da termena, eta ikusi dugu Irungo herritarrek bazutela dena bukatuta ikusteko gogoa».
Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura zinegotziaren ustez, ezinbestekoa da hiriko ondareari garrantzia ematea. «Irundar batzuk, termak bisitatzearekin batera, lehenengo aldiz etorri dira Oiasso museora. Horrek zera pentsarazten digu: nola da posible, dugun ondarearekin, lehenago etorri ez izana? Kanpora goazenean, azkar joaten gara hango museoak eta monumentuak bisitatzera». Hori dela eta, Alzagak nabarmendu du garrantzitsua dela Irungo ondare historikoa ezagutzea. «Erromatar aztarna oso garrantzitsuak ditugu».
«Oiasso Erromatar Museoan Bidasoa eskualdeko aztarna asko ditugu, baina ate berriak irekitzen saiatzen gara»
AIZPEA GOENAGA Oiasso Erromatar Museoko koordinatzailea
Termez gainera, hainbat erakusketa daude ikusgai Irungo Oiasso Erromatar Museoan. «Museo bizia osatzen saiatzen gara. Hainbat jarduera antolatzen ditugu, hala nola antzerki tailerrak, kontzertuak, ikastaroak…», esan du Aizpea Goenaga museoko koordinatzaileak. «Bidasoa eskualdeko aztarna asko ditugu gurean, baina ate berriak irekitzen saiatzen gara». Esaterako, Neandertalak erakusketa da ikusgai daudenetako bat. «Bildumaren helburu nagusia da argitzea neandertalak nor izan ziren eta euskal lurraldean zer-nolako historia luze eta harrigarria izan zuten».