Mendira joko dute mila lagunek

Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak jokatuko dira bihar, Azpeitian. Ia mila korrikalarik hartuko dute parte: seiehun lagunek korrituko dute Domusa Teknik 40 MLK proba, eta 350 lagunek 15 MLK.

08:00etan abiatuko da bi probetan luzeena. Korrikalariek 65 kilometro egin beharko dituzte, 3.700 metroko desnibel positiboarekin. Laugarren aldia izango da proba hori Azpeitian egingo dena, eta, aurten, Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako Espainiako Ultratrail Running Txapelketa ere jokatuko dute proba horren barruan. Seiehun korrikalarietatik laurogei inguruk egingo dute txapelketa hori. «Punta-puntan aritzen diren kirolariak espero ditugu Ultratrail Running txapelketan», esan du Iker Ezama lasterketaren antolatzaileetako batek.

«Inguruak asko lagundu digu: herriak bere egin du lasterketa. Festa handi bat da, eta herriaren bultzadak asko lagundu digu aurrerapausoak ematen»

PEDRO SEGUI Domusa Teknik mendi lasterketaren antolatzaileetako bat

Antolakuntzako kide Pedro Seguik adierazi du Ultratrail Running txapelketak ez diela aparteko lan kargarik sortu. «Ez zaizkigu aldatu ez kudeaketa, ez funtzionamendua, ez antolaketa. Zenbait gauza hartu behar izan ditugu kontuan, baina lana, oro har, antzekoa izan da». Proba horretan Espainiako Atletismo Federazioan federatuta dauden atletek soilik parte hartu ahal izango dute, eta dortsal desberdina izango dute, bereizgarri moduan.

65 kilometroko proba hasi eta ordubetera hasiko da Domusa Teknik 15 MLK, bigarrenez. Korrikalariek 26 kilometro egin beharko dituzte, 1.400 metroko desnibel positiboarekin.

Emakume gehiago

Seguik esan du «gutxika-gutxika» gero eta emakume gehiago parte hartzen ari dela probetan, eta uste du antolatzaileek aurreko aldien ostean egindako lanketaren ondorio dela. «Lehen urtean, laurehun parte hartzailetatik 35 izan ziren emakumezkoak, eta shock bat izan zen guretzat. Plan estrategiko bat jarri genuen abian, emakumeen parte hartzea handiagoa izan zedin etorkizunean». Hala, neskentzako mendi irteerak antolatzen hasi ziren 2022an, kirol munduan erreferenteak diren emakumeek lagunduta. Iaz, berriz, 26 kilometroko mendi lasterketa bat antolatu zuten, eta ikusi zuten emakumeen parte hartzea «nabarmenagoa» izan zela orduan.

Biharko proban luzean, parte hartzaileen %10 izango dira emakumezkoak, eta, proba laburrean, kasik erdiak —350etik 156—. Seguik azaldu du probarako izen ematea zabaldu baino egun bat lehenago dortsalen erdiak eskuragai jarri zituztela emakumeentzat esklusiboki. «Arriskua hartu genuen, ez baikenekien nolako erantzuna izango zuen. Dena den, guk espero baino askoz hobea izan zen emaitza, egun bakar batean 150 emakumek eman baitzuten izena. Euskal Herrian eta Espainian dortsalen erdiak emakumeentzat gorde eta banatzea lortu duen lehen trail lasterketa da gurea».

(ID_17461922100255) (/EZEZAGUNA)
Hainbat korrikalari, iaz, Domusa Teknik mendi lasterketan, Azpeitian. ROMAN AZKUE

Ezamak eta Seguik esan dute antolatzaile taldeak «hasieratik» jakin duela noraino eraman nahi zuen lasterketa, eta hastapenetatik gaur arteko ibilbidean «zortea» izan dutela. «Inguruak asko lagundu digu: herriak bere egin du lasterketa. Festa handi bat da, eta herriaren bultzadak asko lagundu digu aurrerapausoak ematen». 

Dena den, identifikatuta dauzkate bestelako erronka batzuk. Seguik dio gehienbat «inguruko jendeak» parte hartzen duela eta, hortaz, deialdia zabaltzeko asmoa dutela. «Oso garrantzitsua da bertakoen parte hartzea, baina dugun erronka handiena eta zailena da hemendik kanpoko jendea erakartzea. Zaila izango da bertakoak beti aktibo egotea, eta, horregatik, beharrezkoa izango da dibertsifikatzea. Esku artean dugu horretarako lanketa».

Hainbat gune egokituko dituzte biharko lasterketetarako. Azpeitiko ikastola-Ikasberrin, anoa gune urdina jarriko dute, eta jolas inklusiboak eta puzgarriak izango dituzte han, baita jateko eta edateko postuak ere. Alde zaharrean, Olber DJaren, 3indarrok elektrotxarangaren eta Azketa taldearen emanaldiak izango dira.