Titulu faktoria

Titulu faktoria

Igandea da, eta idazlanak zuzentzen nabil. Atzo ere zuzendu nituen, eta bihar ere tokatuko zait. Destajuan. Azken txanpan gaudenez, batzuek turboa jarri dute, akabatzaile lanetan. Beste batzuek, ostera, ez, absentismoan. Eskerrak esatekotan nago, aprendiz alferrek zerbait ona ere izan behar dute eta.

Azken txanpan gaudela idatzi dut, ostegun, ostiral eta larunbatean; hau da, artikulu hau argitaratuko den egunean, buru-belarri, edo buru-esku ibiliko direlako euskarako B1, B2, C1 eta C2ko idatzizko azterketak egiten EAEn, HABEk antolatutakoak. Azterketa-makineria. Milaka pertsona aurkeztuko dira titulua lortzeko asmotan, batzuk euskaltegietakoak (Udal Euskaltegi, AEK, euskaltegi homologatu eta autoikaskuntzako zentroetakoak), eta besteak, libretik. Makinatxo bat jende urduri eta izerditan inork egiten ez duena egiten: idazlanak. Gutuna, iritzi artikulua, formala, informala, Alkate agurgarri hori, Kaixo, lagun!, adeitasunez, besarkada bat, alde batetik, beste aldetik, izan ere, alde onak eta txarrak… Inora ez doazen letra eta lerroen fabrika. 

Idaztearen alde nago, nola ez. Lan probetxugarria dela deritzot, idazteak hizkuntza ikasprozesuan ikaragarri laguntzen duelako, ikasitakoaz hausnartzera bultzatzen gaituelako, eta ahozkoak ematen ez duen patxadaz, dakiguna eta ez dakiguna zehazteko langintza bikaina delako. Horregatik, idaztea erreminta baliotsua dela begitantzen zait, baina nire uste makalean, denbora, energia eta indar larregi jaten digu euskara klaseetan, horrelakoak produzitzen zentratzen garelako, batez ere (idatzia gainditu ezean, ezin da ahozkora pasatu). Trepetxua helburu-produktu bihurtu dugu. Beraz, egokitasunak, koherentziak, kohesioak, zuzentasunak eta hitz kopuruak bizi gaituzte. Ekoitzi eta ekoitzi. 

Langile publiko batzuek behar dute hizkuntza eskakizuna, baina frankok, dagokion titulua bereganatu ostean, tiraderan sartu eta inoiz ez dute euskararik erabiliko inon. Alferreko lana

Askotan ikasleak langintza absurdoan trebatzen nabilelako sentsazioa daukat. Izan ere, nork idazten du luze gaur egun? Nork gutunak eskribitu? Hirurehun hitz dituzten emailak? Hizkuntzaren bat ikasten ari diren ikasleek, presoek, kazetariek, txostengintzan dihardutenek, nire moduko astunek… Kito!

Titulitisaren menpe gaude euskalduntze fabriketan, eta ez da beharleku gozoa. Makineriaren parte gara, eta denok sartuta gaude muntaketa-kate honetan. Piezak fabrikatu, iritzi-emaile eta gutun-bidaltzaileak sortu, paper bat lor dezaten. Engranajeak gara eraiki den titulu-tailer honetan. 

Ikastun gazte askori lehenbailehen eskura dezatela gomendatzen diegu, betiko zertifikazio hori izango dutelako, nahiz eta, agian, gero behar ez izan. Langile publiko batzuek, ostera, behar dute hizkuntza eskakizuna, baina frankok, dagokion titulua bereganatu ostean, tiraderan sartu eta inoiz ez dute euskararik erabiliko inon. Alferreko lana.

Etortzen zaizkigun horietako askok uste dute papertxoa lortzeko era bakarra azterketako idazlanak egitea eta egitea dela, inongo desbideratze barik eta lehenengo momentutik. Irakurtzeak ere ariketa atxikia izan behar du, baina, betiere, azterketako eredukoa. Ez aldendu ekoizpen modu horretatik, kexatu egingo dira eta. «Solo voy a hacer lo que entra en el B2». Euskara ikastea? Tira, subjuntiboren bat beti geratzen da ondo idazlanetan, ezta? Xedea titulua da ia beti, benetan euskara ikasi nahi dutenen kaltetan.

Euskara tailerrak izan beharrean, titulugintza faktoriak bihurtu gara!