Arrasaten buru osasunari buruzko hitzaldi zikloa antolatu dute udalak, Katearen Loturak elkarteak eta Ediren osasun kooperatibak. Urtarrilean izan zen lehen hitzaldia, eta ekainean bukatuko dute zikloa. Datorren asteazkenean izango da hurrengo saioa: Idoia Madarieta psikologo, psikoterapeuta eta psikodramatista (Ispaster, Bizkaia, 1971) ariko da hizlari, 18:00etatik aurrera. Nortasunaren muturreko nahasmendua; piztia arraro bat naiz edo pertsona berezia? jarri diote titulua hitzaldiari.
Zer dela-eta buru osasunari buruzko hitzaldi ziklo bat?
Ni Ediren osasun kooperatibakoa naiz, eta azken urteotan Katearen Loturak elkartearekin aritu gara elkarlanean patologia duala lantzen; horretarako, batik bat, gurasoekin elkartu izan gara. Patologia duala eta adikzioari buruzko gaiak plazaratu nahi izan ditugu, baina modu dibulgatzaile batean; hau da, guk ez dugu izan nahi psikologia azaltzera datozen profesionalak, baizik eta ulergarri diren hitzaldiak eman nahi ditugu. Giro atsegin bat sortzen saiatzen gara, lasaitasunez hitz egin ahal izateko. Gainera, buru osasuna zaintzeko ezinbestekoa da prebentzioa.
Zertaz ari zara patologia dualaz ari zarenean?
Buru osasuneko nahasmenduak adikzioarekin nahasten diren kasuei buruz ari naiz. Kasu horietan zaila izaten da zehaztea zerk eragin duen zer: nahasmenduak adikzioa ala adikzioak nahasmendua.
«Guk ez dugu izan nahi psikologia azaltzera datozen profesionalak, baizik eta ulergarri diren hitzaldiak eman nahi ditugu»
Zeri buruz hitz egingo duzu Arrasateko hitzaldian?
Nahasmendu hitza entzutean sortzen zaizkigun aurreiritziak alboratzea da helburua. Maiz pentsatu ohi dugu nahasmendua ezin dela sendatu, edo nahasmendua dutenak gatazkatsuak direla, zaila dela haiekin harremana izatea… Denok gara ezohikoak eta apartekoak, eta denok ditugu berezitasunak eta maniak. Nortasunaren muturreko nahasmendua dutenekin gertatzen da denbora behar izaten dutela heldutasun emozionala garatzeko. Hitzaldian, nahasmenduaren ezaugarriak aipatuko ditut, baita sintomak ere.
Erraza al da ezaugarriekin identifikatzea?
Zerrenda irakurri eta pentsatzen duzu: «Nork ez du inoiz horrelako ezer sentitu?». Adibidez, haserrealdi handi bat, ezinegon emozionala, erabakiak hartzeko ezintasuna, zalantzak… Sutsuki bizi ohi dute ona eta txarra. Horretaz ere hitz egingo dugu, eta garrantzitsua da hau gogoratzea: nahasmendua duena heldutasuna lortzeko prozesuan baldin badago, esan nahi du heldutasuna lor dezakeela. Gainera, badago nortasunaren muturreko nahasmenduaren ezaugarri izan daitekeen bat, gizartean desberdin antzematen dena gizon edo emakume izanda: nagusitzeko gaitasuna.
Eta zer eragin du horrek?
Gizonekin alderatuta, ia bi halako dira nahasmendua diagnostikatua duten emakumeak. Zera datorkit burura: gizarteari zailago al zaio nagusitu ohi den emakume bat jasatea, nagusitu ohi den gizonezko bat jasatea baino? Berdin toleratzen al da oldarkortasuna emakumeengan eta gizonengan? Iruditzen zait gizon batek nagusitzeko gaitasuna duenean lider izendatzen dugula, baina, aldiz, emakumeei nortasunaren muturreko nahasmendua diagnostikatzen diegula.
«Oinarrizkoa bermatua ez dagoenean, ikuspegia indibiduotik harago zabaldu behar da»
Orduan, gizarteak eragina du nahasmenduaren ezaugarrietan…
Orain gutxi lankide batzuek aipatu zidaten nahasmendua dutenek dena orain eta azkar behar izaten dutela: «Ni neu eta oraintxe». Ezin zain egon eta ezin frustrazioa kudeatu. Nire ustez, gaur egungo gizarteak eragina du horretan, baina baita beste hamaika gauzatan ere: lanak gaixotzen gaitu, etxerik eduki ahal ez izateak gaixotzen gaitu… Oinarrizkoa bermatua ez dagoenean, ikuspegia indibiduotik harago zabaldu behar da.
Lehenagoko hitzaldietan, familiarengan jarri izan duzu arreta.
Asteazkeneko saioan ere presente izango dugu nahasmendua dutenei zer esatea komeni den, eta zer den hobe isiltzea. Adibidez, horrelakoak ez dira esan behar: «Ez dago ulertuko zaituenik», «zergatik egin duzu hau?» edo «zergatik zara horren oldarkorra?». Esaldirik okerrena hauxe izaten da: «Nik ezin dut zurekin». Adibide bat jartzearren: desberdina da piano bat afinatzeko behar den denbora eta gitarra bat afinatzeko behar dena. Horrek ez du esan nahi gaixo gizajo moduan tratatu behar direnik; ulertu behar dugu zer gertatzen zaien eta horren arabera jokatu: mugak ezarri, baina mindu gabe. Badago liburu gomendagarri bat horri buruz hitz egiten duena: Dolores Mosqueraren Diamantes en bruto.
Beraz, zeinentzat da asteazkeneko hitzaldia?
Batez ere, nahasmendua duten pertsonen ingurukoentzat eta kuriositate apur bat duen edonorentzat.