Donostiako Gros auzoko Basque Culinary Centerren (BCC) Gastronomy Open Ecosystem eraikinaren lanak direla eta, «kezkatuta» daude Manteo auzuneko bizilagunak. Izan ere, esan dute obrek «kaltea» eragin dietela, «mugitzeko arazoak» izan baitituzte hala oinezkoek nola ibilgailuek. Euren kexak azaleratzeko asmoz, prentsaurrekoak eman zituzten maiatzaren 9an eta 13an, eraikina egiten ari diren lekuaren alboko eskaileretan. Udalak duela hemezortzi hilabete abiatu zituen lanak, eta bizilagunek bi agerraldietan salatu zuten udalak galarazi egin duela ibilgailuak Rodil kaletik Nafarroa etorbidera jaistea —lanetarako kamioiek badute horretarako modua—. Lanak abiatu zituztenetik, bide bakarrekoa bihurtu dute errepide hori: igotzea baimenduta dago, jaistea ez. «Auzoan itxita utzi gaituzte», diote bizilagunek.
Ibilgailuak, hala pribatuak nola publikoak, Alexandria eta Zemorilla kaleetatik jaisten dira orain, hori baitute Grosera jaisteko modu bakarra. Gainera, bizilagunek jakinarazi dute udalak kendu egin nahi dituela Manteo Grosekin zuzenean lotzen duten eskailerak, eta iruditzen zaie horrek kalte egingo diela familia askori. «Erabateko irisgarritasuna eskatzen dugu oinezkoentzat, mugitzeko zailtasunak dituztenentzat, ibilgailu motordunentzat eta bizikletentzat».
«Erabateko irisgarritasuna eskatzen dugu oinezkoentzat, mugitzeko zailtasunak dituztenentzat, ibilgailu motordunentzat eta bizikletentzat»
DONOSTIAKO MANTEO AUZUNEKO BIZILAGUNAK
Horrenbestez, bizilagunek Donostiako Udalari eskatu diote BCCren eraikinaren lanak hiru hilabetez gelditu ditzala. «Epe horretan, modua izango genuke eremu horretako garraioaren eta irisgarritasunaren gaia birplanteatzeko udalarekin eta behin betiko adostasuna lortzeko erakundeen eta herritarren artean».
BCCrekin ere jarri dira harremanetan, hiru hilabeteko etenaldia onar dezala eskatzeko. «Udaleko ordezkari politiko guztiei eskatu diegun moduan, Basque Culinary Centerreko patronatuari ere eskatu diogu denbora tarte hori har dezala sarbidearen hobekuntza birpentsatzeko. Haiek direnez gero funts publikoekin finantzatutako eta udal lurretan kokatutako proiektu horren sustatzaileak, funtsezkoa iruditzen zaigu Donostiako herritarren aldeko jarrera hartzea».
Irtenbidea: semaforo bat
Bizilagunak Eneko Goia alkatearekin bildu ziren orain hilabete bat, eta galdetu zioten zer gertatuko litzatekeen larrialdiren bat izanez gero. «Zer gertatuko da auzoan anbulantziak edo suhiltzaileak sartu behar badira? Auzunetik irteteko irteera bakarra dago orain, eta auto ilarek hartuta egoten da», diote auzoko bizilagunek. Alkateak aipatu zien semaforo bat jar daitekeela Manteotik Groserako igoera eta jaitsiera arautzeko, eta, justuki, Goiak asteon jakinarazi du udala aukera hori aztertzen ari dela.
«Bizilagunekin bildu ginenean, konpromisoa hartu genuen arazoa konpontzeko modu bat bilatzeko, eta azterketa lan horretan ari gara orain», esan du Goiak. «Nolanahi ere, ezintasun fisiko nabarmen bat dago bide horretan: espaloi irisgarri bat egin nahi badugu, ezinezkoa da bi zirkulazio bide egotea. Kontu fisiko bat da, ez borondatezkoa». Oraingoz, txandakako semaforoaren aukera aztertzen ari da udala, nahiz eta esan duen kontuan hartuko duela bizilagunek eskailerak ez kentzeko eskatu izana.