Ribera bekak, Bidasoa ibaiaren memoria nabarmentzeko

Ribera bekak, Bidasoa ibaiaren memoria nabarmentzeko

Irunen berebizikoa da Bidasoa ibaiaren garrantzia. Irundarren izaeraren oinarrizko elementua da, haren ertzean baitago hiria. Hain justu, ibaia goraipatzeko eta memoriak bizirik irauteko sortu zuten Ribera beka, 2016. urtean. Bikoteka egindako proiektuak saritzen ditu bekak, eta ikertzaile batek eta artista batek osatu behar dute bikotea. Asteon iragarri dituzte lan irabazleen izenak: Ageda Blasco eta Izaro Ieregiren Través eta Ruben Avila eta Maria Jose Noainen Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa. Lehenak gorputzen eta ibaiaren arteko harremanak ditu ardatz, eta bigarrenak, Etorbidea zubiaren memoria historikoa.

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura Saileko ordezkariak esan du Ribera beka «berezia» dela; «bakarra» dela lurralde osoan. «2016an, Ribera beka aurrenekoz antolatu genuenean, berrikuntza bat izan ziren, lehen aldia baitzen antropologia eta artea uztartzen zituzten bikotekako proiektuak saritu zirela. Beka aitzindaria da horregatik, eta, gainera, bikoteka egiteak modua ematen du eskualdearentzat oso aberasgarriak diren planteamenduak sortzeko». Orain arteko proiektu irabazleek Irungo hainbat istorio ezagutarazi dituzte, askorentzat ezezagunak zirenak orain arte.

«Ribera beka aitzindaria da, eta, gainera, bikoteka egiteak modua ematen du eskualdearentzat oso aberasgarriak diren planteamenduak sortzeko»

NURIA ALZAGA Irungo Udaleko Kultura ordezkaria

Aurten, bost proposamen aurkeztu dituzte bekara, eta bi irabazleek 11.250 euroko laguntza jasoko dute —orain arteko aldietan 9.000 eurokoa izan da—. Bi bikoteek bederatzi hilabete izango dituzte aurkeztutako lanak garatzeko.

Ibaiarekiko harremana

Ageda Blasco Humanitate eta Komunikazioan lizentziatua da, eta Genero Harremanetan eta Ikasketa Feministetan doktorea. Izaro Ieregik Arte Ederrak egin zituen, eta aditua da euskal kulturaren transmisioan; hainbat erakusketa ondo ditu, bai eta bestelako proiektuak ere, hala nola tailerrak, performanceak eta proiekzioak. 

Través-en funtsa bi egileek Bidasoa ibaiarekin duten harremana da. «Subjektu baten espresioaren ikerketa bat» proposatzen dute. Gorputza eta ibaia kontzeptuak dira proiektuaren abiapuntua, eta helburua «maitasunaren afektu iraultzaileak zeharkatu duen subjektu baten adierazpena esploratzea» da. Hala, «hainbat gorputzen praktika» baliatuz, «ibaiaz blaituz» joango dira. «Través lanaren premisa, Bidasoa ibaiaren lurralde mugapena gorputzez eta afektiboki sortzen den banatze bat ere bada», azaldu du antolakuntzak, hedabideei igorritako ohar batean. Bi egileek kontatu dute Través-ek sortzen duen esperientzian murgildu nahi duten «lagun talde ireki batekin» gauzatuko dela proposamena, performance gisara.

Zubiaren garrantzia

Maria Jose Noain arkeologoa eta antropologoa da ikasketaz, eta kulturaren mundua hezkuntzan eta museoetan zabaltzen aritu da. Ruben Avila filosofian da doktore, eta egun Irungo Gachiro Films ekoiztetxean dabil lanean, gidoilari moduan. 

Bikoteak egindako lanaren asmoa da Irungo Etorbidea zubiak hirian eta haren historian izan duen garrantzia ikertzea. 1915ean ireki zuten Etorbidea zubia, eta, harrezkeroztik, «elementu oso garrantzitsua» bilakatu da irundarrentzat; izan ere, lehen hura zen ibaia zeharkatzeko bide bakarra. Egileek bi eratan aurkeztuko dute proiektua: dokumental moduan eta idatziz. «Bekan izena eman dutenen lanak epaitu dituen batzordeak balioa eman nahi izan dio zubiak Irunen izan duen garrantziari, baita Noainen eta Avilaren lanak jende kopuru handi batengana iritsi ahal izateko duen potentzialari ere», adierazi du antolakuntzak.