Irunen eta Hendaiaren (Lapurdi) arteko Santiago zubia eta Etorbidearen zubia gune gatazkatsuago bilakatu dira 2018tik geroztik; hain zuzen, Frantziak migranteen aurkako polizia kontrol zorrotzagoak ezarri zituenetik muga administratiboan. Helburua da migratzeko ahaleginetan ari diren horiek muga ez zeharkatzea. Ordutik, kezka soziala ere areagotu egin da, eta badira migranteen eskubideen alde ari diren taldeak: besteak beste, Irungo Harrera Sarea. Hango kide Ion Arangurenek esan du bi funtzio betetzen dituela sareak: migratzaileei informazioa ematea eta gizarteari egoera ikusaraztea. Berriki, film bat ere estreinatu da migrazioaren auziari eta zehazki migratzaileek Irunen eta Hendaiaren arteko mugan izaten dituzten oztopoei buruz: Faisaien irla.
Ikusita Irungo tren geltokian gero eta migrante gehiago zeudela, herritar batzuek erabaki zuten bertan lotan ari zirenengana joatea, zer behar zuten galdetzera. Horrela hasi zen, Arangurenek dioenez, Harrera Sarearen ibilbidea; izan ere, Arangurenek kontatu du ordura arte ez zegoela herritarren sareaz gaindiko beste baliabiderik: «Instituzioek ez zuten aurreikusia egoera hori nola bideratu, eta ikusi zuten antolatu beharrean zeudela, baina ez zuten denborarik, ezta baliabiderik ere». Herritarrak gaztetxean elkartu ziren lehenengo hilabeteetan, otorduak prestatu eta egoera kudeatzen saiatzeko. «Ez zegoen ezer antolatuta, baina, edozein behar izanda ere, jendea prest azaldu zen laguntzeko».
Herritarrek osatutako sarea
Gaur egun, Irungo Harrera Sareak informazioa ematen die Frantziako Estatura migratu nahi dutenei, eta bidaian aurrera egiteko aholkuak ere bai. Gainera, solasaldiak ematen dituzte Harrera Sarearen esperientziaren berri zabaltzeko eta migranteen egoera ikusarazteko. Arangurenek adierazi du «Irun eta Hendaia arteko migrazio prozesua ezagutaraztea» dela helburua, eta aldi berean, Frantziako Estatuan dauden «kontrol arrazistak» salatzea. «Polizia kontrolak izateaz gain, patruilak ibiltzen dira bueltaka, baina soilik beltzen edo arabiar itxurakoen bila», esan du sareko kideak.
Sareak, pixkanaka, lortu ditu baliabideak; Irunen arropa biltegi bat du, adibidez. Dena dela, Arangurenek dio ez dutela askorik erabiltzen. «Guregana etortzen direnak bidean daude, eta helmuga bat dute. Muga pasatu ahal izateko laguntza eskatzen digute guri». Irundik Baionara iristea izan ohi da lehenengo erronka, bertan aterpetxe bat baitago, baina Arangurenek zehaztu du xedea ez dela izaten lotarako lekua topatzea, baizik eta bidean aurrera jarraitzeko baliabideak lortzea: «Autobus txartelak lortu ahal izatea, horixe da Baionako aterpetxearen zerbitzurik onena. Internet bidez eskuratu behar izaten dira, eta paperik gabe ezin da». Irunen ere badago aterpe bat: Gurutze Gorriak kudeatzen du, eta erabiltzaile bakoitzak hiru egun pasatu ditzake han.
«Autobus txartelak lortu ahal izatea, horixe da Baionako aterpetxearen zerbitzurik onena. Internet bidez eskuratu behar izaten dira, eta paperik gabe ezin da»ION ARANGUREN Irungo Harrera Sareko kidea
Irungo Harrera Sareko kideak San Juan Harria plazan izaten dira goizero. Herritarrek badakite zein diren, eta erreferente bilakatu dira migratzaileentzat. Arropa biltegi bat dute harrera egiteko, baina gaueko kontuak Gautxori esaten dioten figuraren esku uzten dituzte: gauero geltokietara joaten da Gautxori, azken autobusetan nor iritsiko. Laguntza behar duen inor baldin badago, Gurutze Gorriaren aterpera bideratzen dute, gaua pasatu eta otordu bat izan dezan. 2018tik geroztik jasotako datuen arabera, 40.000 lagun inguru pasatu dira Harrera Saretik, eta Arangurenek jakinarazi du denek lortu dutela muga pasatzea, salbuespen batzuk kenduta; «batzuek errazago, besteek nekezago».
Bidasoa ibaiaren marea
Faisaien irla filma estreinatu du Asier Urbieta zuzendariak. Hendaian bizi den bikote gazte bat da protagonista, eta biek egunero igarotzen dute Hendaiaren eta Irunen arteko muga administratiboa. Filmean, Bidasoa ibaiaren ertzetik paseatzen ari direla, ustez migratzaileak diren bi gazte ikusten dituzte uretan, ibaia zeharkatu ezinean; handik egun batzuetara, pertsona beltz baten hilotza agertuko da Faisaien Uhartean, eta Frantziako eta Espainiako estatuek ez dute erantzukizunik hartu nahiko.
Hain zuzen, badu berezitasun bat Faisaien Uharteak: Irun eta Hendaia artean dago, eta jabetza eskualdatu egiten da sei hilabetean behin: urte erdi batez Espainiako Estatuarena da, eta, beste erdi batez, Frantziakoarena.
«Ibaiak ez du ezer egiten. Migrazio politikak dira errudun, eta migranteek beren burua ibaira botatzen badute, zubiak erabili ezin dituztelako da»ION ARANGUREN Irungo Harrera Sareko kidea
Aranguren Harrera Sareko kideak kontatu du badagoela pelikulan pertsonaia adierazgarri bat: argazkilaria. Urbieta zuzendariak ere apirilean BTEAM Pictures plataformari eginiko elkarrizketa batean aipatu zuen Gari Garaialde fotokazetaria izan duela pertsonaia hori osatzeko oinarri; izan ere, azken urteotan Garaialdek Irundik abiatzen diren migrazio prozesuen berri jaso du argazki kameraren bitartez. Hala, zuzendariak apirilean eginiko elkarrizketan esan zuen albiste batek eman ziola Faisaien irla pelikula ekoizteko bultzada: behin, gosaltzen ari zela, irakurri zuen Bidasoa ibaian pertsona bat ito zela, eta horregatik erabaki zuen Irunen eta Hendaiaren arteko mugari buruzko pelikula bat egitea. Dokumentazio lanak urtebete inguru iraun zuela kontatu izan du Urbietak, eta bitarte horretan zortzi pertsona hil zirela Bidasoa ibaian.
Harrera Sareko kide Arangurenek kontatu du gero eta migrante gutxiago hiltzen direla ibaian, gaur egun hori ez baita migratzeko biderik ohikoena. Adierazi du ibaiari «errua» kendu behar zaiola: «Ibaiak ez du ezer egiten. Migrazio politikak dira errudun, eta migranteek beren burua ibaira botatzen badute, zubiak erabili ezin dituztelako da».
Hainbat herritarrek manifestazioa egin zuten urtarrilean, eskatzeko ez ziezaietela mugarik jarri «elkartasunari eta immigrazioari». Izan ere, iazko martxoan, 36 migrantek Irun eta Hendaia arteko muga zeharkatu zuten Korrikarekin bat eginez, eta zazpi lagun auzipetu egin zituzten pertsonen trafikoko talde antolatuaren delitua egotzita. Epaiketaren zain daude. «Frantziak kriminalizatu egin nahi du migranteak laguntzen dabilen jendea», esan du Arangurenek. «Harrapatu eta identifikatu egiten dituzte, badakiten arren elkartasunean ez dagoela deliturik».