«Mikroipuin batek laburbiltzen du bizitzan zer jarrera dudan: ‘Eskerrak ausartu nintzen’»

«Mikroipuin batek laburbiltzen du bizitzan zer jarrera dudan: ‘Eskerrak ausartu nintzen’»

Usurbilgo Artzabal jatetxean dago Idoia Torregarai (Usurbil, 1974), eta infusio bat eskatu du elkarrizketa hasi aurretik. «Ez duzu kroketarik eskatuko?», galdetu dio kazetariak. Barre egin du orduan Torregaraik. «Eguneko edozein ordutan jan ditzaket, eta oso goxoak egiten dituzte hemen, baina ordu hauetan ez dituzte ematen». Urdaiazpiko eta bakailaozkoen artean, urdaiazpikozkoak ditu maiteen —«galdetzea ere!»—. Sareetan mezu ugari zabaldu izan ditu kroketei buruz; «kroketeatu» egiten duela dio. Zaporeak amaren altzora daramala kontatu du, amaren ondoan egoten baitzen hark kroketak prestatu bitartean. Torregarairi komunikatzea gustatzen zaio, eta horixe du ogibide. Maite du umorea egitea ere, bere «softwarearen parte handitzat» jota.

Wikipediak dio kazetaria, gidoilaria, komunikazio arduraduna eta umorista zarela, besteak beste. Hori guztia zara?

Erantzun formal bat ematekotan, esango dut lanbidez UEUko komunikazio arduraduna naizela, eta bizioz umorista.

Kazetaritza ikasi zenuen, EHUn.

Bai, eta konturatu nintzen ez nuela kazetari senik. «Nik ez dut balio horretarako», pentsatzen nuen. Laugarren mailan nengoela, Noaua Usurbilgo herri aldizkaria sortzeko lanetan ari ginenok dei bat jaso genuen Elhuyarretik. Hango zuzendaria zen. «Norbait animatuko al litzateke udan UEUren prentsa bulegoan lan egitera?». Nik artean ez nekien UEU zer zen ere, baina baiezkoa eman nuen, hori baita nire erabakiak hartzeko modua: zalantza izanez gero, beti baiezkoa eman, eta gero ikusiko dut zer egin. Pili Kaltzadaren gidaritzapean ikasi nuen zer zen prentsa bulego bat eta zer zen UEU, eta mundu bat zabaldu zitzaidan. Zera pentsatu nuen: «Hau da nire tokia: hemen ikusten dut neure burua».

«Konturatu naiz horixe gustatzen zaidala niri: jendearekin hartu-emana izatea eta sinisten dudan proiektu bat zabaltzea»

Gaur egun UEUn ari zara lanean, komunikazio arduradun. Zer-nolako lanak egiten dituzu?

Komunikazio arloan hiru kide gara, eta ni arduratzen naiz taldea koordinatzeaz: prentsaurrekoez, proiektu bakoitzaren plangintza komunikatiboez, harreman publikoez, publizitate kanpainez… Komunikazio arduradun baten lanak badu kazetaritzatik, baina hartu-emanetik du, batez ere. Askotariko moduetan proiektu baten berri ematean datza. Konturatu naiz horixe gustatzen zaidala niri: jendearekin hartu-emana izatea eta sinisten dudan proiektu bat zabaltzea. Gainera, goroldiorik aterako ez zaion leku bat da UEU: beti sortzen ditugu proiektu berriak, irudimena erabiltzen dugu gauzak sortzeko, eta horrek oso ondo definitzen nau ni. Herrigintzak ere oinarri sendo bat du nigan. Jakin-min handikoa naiz, eta gauza berriak ezagutzea gustatzen zait.

Esan duzu Usurbilgo Noaua aldizkariaren sorreran aritu zinela. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Oso polita izan zen. 20-21 urte nituen, eta herri komunikabideak loratzen ari ziren garai horretan. Talde bat hasi ginen Noaua sortzen; batzuk kazetaritza ikasleak ginen. Talde lan bat izan zen, herri lan bat: zer atera, nola antolatu, komunikabideari zer izen jarri… Ikaragarria izan zen hasiera. Gauza bat esango dut: nik graduan ez nuen ikasi pieza bat idazten, eta Noaua izan zen nire kazetaritza eskola. Aldizkariak sustrai sendoak ditu gaur egun, eta ekarpen handia egiten du astero. Gure helburua zen Usurbilgo etxe guztietan euskaraz irakurtzeko aukera sustatzea, eta hori lortu da.

(ID_17477342700285) (/EZEZAGUNA)
Idoia Torregarai komunikazioaren alorrean aritu da, gehienbat. Askotariko lanak egin ditu jardun horren barruan. Irudian, Txema Ramirez de la Piscina, Idoia Torregarai, Jasone Mendizabal, Mikel Arrieta eta Ana Urkiza, 2004an, Bilbon, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO
Umoreak ere badu oinarri bat zugan.

Bai. Are gehiago, umorearen apologia egiten dut nik. Nire softwarearen parte handi bat da, eta saiatzen naiz bizitzako arlo guztietan txertatzen. Naturalki ateratzen zait, eta laguntzen dit giro onean bizitzen eta lan egiten. UEUk, gainera, aukera ematen du horretarako. Unibertsitatea gauza serioekin lotzen dugu askotan, gauza zurrunekin, protokolokoekin, eta UEUk zirrikituak topatzeko bidea ematen du, gauza dibertigarriagoak egitekoa.

Barretartia bloga sortu zenuen 2012an. Bertan diozu zure helburua zera dela, umorearen bidez «pertsonei eta erakundeei bizitza kalitatea hobetzea». Hori egiteko gauza al da umorea?

Bai, noski. Ni, behintzat, umorearen jarraitzaile sutsua naiz. Zera esaten didate beti: «Idoia, zu beti zure umorearekin, baina malaletxea ere izango duzu, ezta?». Noski badudala, ez naiz robot bat, baina, niretzat,  momentu zailei aurre egiteko helduleku bat da umorea. Onena da praktika daitekeela. «Nik ez daukat batere graziarik», esaten dute batzuek. Ados, eta ni ez naiz batere kirolaria, baina, egunero entrenatzen hasiko banintz, hobetuko nuke. Umorearekin gauza bera gertatzen da.

Nondik datorkizu umorearekiko grina?

Etxetik. Aita Usurbilgo txiste kontalari ofiziala izan zen. Ni konturatzen nintzen nola kontatzen zituen txisteak eta jendeak zenbat maite zuen horregatik. Hala lortzen zuen herrikideekin konektatzea.

Eta zure ama?

Ama oso pertsona baikorra zen. Oso gauza gogorrak bizi behar izan zituen, eta bazuen erresilientzia. Beti zuen irribarrea ahoan jendea alaitzeko. Badirudi gurasoen izaera hori hartu nuela nik, eta asko lagundu dit zenbait egoerari aurre egiten. Kontzientzia hori pizteko sortu nuen Barretartia bloga.

X sare sozialean baduzu umorea egiteko plaza bat. Mikroipuinak idazten dituzu han.

Nik oraindik badut X sareko kontua, nahiz eta Mastodonen eta Blueskyn ere banabilen. X erabiltzen hasi nintzenean, orain hamabi bat urte [orduan, Twitter], konturatu nintzen oso egokia zela niretzat.

Zergatik?

Hitza zelako protagonista, eta ni hitzezkoa naiz. Hasieran, 140 karaktere kabitzen ziren txio bakoitzean, eta aukera ematen zuen istorioak oso labur kontatzeko. Kontu faltsu bat sortu nuen hasiera hartan: Josune Estilist. Euskararekiko kontzientzia handia zuen ile apaintzaile bat zen Josune, eta oso ondo funtzionatu zuen, komunitate handi bat sortu baitzuen. Gerora ireki nuen neurea, pertsonala, eta nire pentsamenduak, burutazioak, aforismoak idazten hasi nintzen. Konturatu nintzen edozein momentuk ekar zezakeela istorio polit bat. Ohituta gaude istorio handien epikotasunarekin, baina nik istorio txikietan biltzen dut epikotasuna.

«Unibertsitatea gauza serioekin lotzen dugu askotan, protokoloko kontuekin, eta UEUk zirrikituak topatzeko bidea ematen du, gauza dibertigarriagoak egitekoa»

X sare sozialeko mikroipuinak bildu, eta liburu bat atera zenuen iaz, Zaldieroaren ilustrazioekin.

Bai. Oso prozesu polita izan zen. Betidanik izan dut amets liburu bat idaztea, eta X-k oso jende interesgarria ezagutzeko aukera eman dit; Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea, adibidez. Hari idaztea erabaki nuen, eta kontatu nion nire mikroipuinekin zerbait egiteko asmoa nuela eta ea Elkarri interesatzen zitzaion halako zerbait argitaratzea. Baietz esan zidan, eta ni, pozik. Zaldieroari idatzi nion gero, eta baietz hark ere. Oso prozesu polita izan da azkenean, eta bidaia polit bat eginarazi dit. Begira, mikroipuin batek laburbiltzen du bizitzan zer jarrera dudan: Eskerrak ausartu nintzen. Bada, horixe, eskerrak ausartu nintzen.

Umorezko ikuskizunak ere egiten dituzu, Mirari Martiarenarekin. Nola hasi zineten?

Duela urte asko ezagutu genuen elkar. Ni UEUn ari nintzen lanean, eta Mirari bekadun hasi zen. Konexio estua sortu genuen. Baserri mundutik gatoz biok, eta konturatu ginen antzeko umorea genuela. Duela urte batzuk, elkarrizketa bat egin zidan Oiartzun Irratian, eta zera galdetu zidan: «Zer geratzen zaizu egiteko?». Gauza bat falta zitzaidala esan nion: berarekin bakarrizketak egitea. 2017ko Euskararen Egunean igo ginen lehenengoz oholtzara elkarrekin, Usurbilen, Noaua-k antolatutako ekitaldi batean.

Hamaika oholtzatan izan zarete geroztik.

Mirari nire umore bikia da. Askotan gizonezkoek hartzen dituzte umore plazak, eta emakumeok ez gara hainbeste ausartzen, ez baitakigu jendeari interesatuko zaion, barre egingo ote duen, ondo egingo ote duten… Eskerrak gu ausartu ginen.

MOTZEAN

Zein dituzu nahiago, urdaiazpiko edo bakailao kroketak?
Urdaiazpikozkoak.

Umorista bat?
Mirari Martiarena.

Umorea egiteko kide bat?

Mirari.

Oholtza bat?

Arantzakoa [Nafarroa].