Ormaiztegiko ondarea, oreka hauskorrean

Ormaiztegiko ondarea, oreka hauskorrean

Zubiek, pasalekuek eta iraganbideek muga fisikoak eta sinbolikoak gainditzeko eta leku batetik bestera igarotzeko balio dute. Leku estrategikoak izan dira historian zehar, horietako asko matxinaden eta gerren testigu izan baitira luzaroan. Horren erakusgarri da, esate baterako, Ormaiztegiko zubibidea, Alexander Lavalley ingeniariak diseinatua eta 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zutena. Balio historiko eta kultural handiko eraikuntza da, eta iragan gatazkatsuen aztarnak erakusten ditu. Dena dela, gisa horretako egitura bat mendeetan zehar mantentzeko, ez da nahikoa alderdi sinbolikoari soilik erreparatzea, eta ondotxo daki hori Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak. Hala, Galarzak esan du zubibidearen egoera dela-eta «etsipen» sentipena nagusitu dela herrian; izan ere, badirela hamar urte baino gehiago segurtasun aldetik egoera txarrean dagoela, eta Euskal Herriko erakundeen aldetik ez dute inolako laguntzarik jaso zubibidearen mantentze eta kontserbatze lanetarako. Era berean, ingeniaritza obraren aitortzari dagokionez ere, ez dute erakundeen babesik jaso. «Laguntza eskatzen dugunean, ez ikusi egiten dute bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bai Eusko Jaurlaritzak». 

Gaur egun, Adif enpresa da biaduktuaren jabea, eta hari dagokio Ormaiztegiko zubiari buruzko administrazio lana. Alkateak dio erakundeak prest daudela zubia berritzeko diru laguntzak emateko, baina dirua ez dela arazo nagusia, baizik eta zubia gero noren esku geratuko den. «Garbi dago jabetza arazo bat dela; alegia, zubia zaharberritu ondoren norena izango den. Inor ez da bustitzen, eta Adifek gainetik kendu nahi du». Ormaiztegiko Udalak saiakera ugari egin ditu zubibideari balioa emateko, zaharberritzeko eta ikusgarri jartzeko, baina kexu da, uste baitu «oso bakarrik» geratu dela horretan.

«Laguntza eskatzen dugunean, ez ikusi egiten dute bai Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bai Eusko Jaurlaritzak»

JON ENRIQUE GALARZA Ormaiztegiko alkatea

Galarzak azaldu du hitz egin beharreko guztiekin bildu direla, baina ez dutela «erantzun sendorik» lortu: «Bi aldiz egon gara Madrilen, eta telematikoki ere bilera asko egin ditugu; Adifen ondareaz arduratzen direnekin ere elkartu izan gara, baina ez dugu ezer konpontzerik lortu».

Ormaiztegiko alkateari iruditzen zaio Euskal Herriko ondarea babesteko ardura dutenek «jarrera proaktibo» bat izan beharko luketela. «Argi eta garbi eskatzen diegu jarrera proaktiboa izateko zubiaren ardura duten erakundeei. Haiei dagokie irtenbideak bilatzea». Beraz, Galarzak uste du «ezinbestekoa» dela gaia negoziazio politikoetara eramatea. «Adifek eta Eusko Jaurlaritzak negoziazioa bultzatu behar dute, partzuergo bat edo bestelako zerbait sor dezaten».

Haren esanetan, Ormaiztegiko zubiaren auzian «lurralde desoreka garbia» dago. «Ormaiztegi herri txiki bat da, eta interes eskasa pizten die horrek erakundeei, inork ez baitio arretarik jartzen». Alkatearen iritziz, zubibidea hiri handi batean egongo balitz, «honezkero zaharberrituta» egongo zen, eta ez zen arazorik izango jabetzari dagokionez.

Zubibiderako beharrak

Ormaiztegiko zubia Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen elkartean egon da 2017-2018az geroztik, inguruko beste zenbait herri eta elkarterekin batera. Galarzak dio «oso gustura» daudela orain arte egindako lanarekin, baina elkarteak «beste norabide bat» duela, eta, azkenean, handik ateratzea erabaki dutela. «Elkarteak jadanik balioa duten lekuak biltzen ditu gehienbat, turismo gidetan daudenak, eta museo eta bestelako kultur erakundeekin lan egitera bideratuta dago. Gu ez gaude horretan, gure ondareari balioa eman behar baitzaio oraindik», esplikatu du alkateak. «Lehenik, dagokion aitortza eman beharko litzaioke Ormaiztegiko zubiari, Euskal Herri osoan dagoen ingeniaritza obra garrantzitsuenetako bat baita».

(ID_14963461) ormaiztegiko zubia
Ormaiztegiko biaduktua eraitsita, 36ko gerran. HITZA

Madril-Hendaia (Lapurdi) burdinbidea 1856 eta 1864 bitartean eraiki zuten, eta 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu. Gipuzkoan 34 zubi egin behar izan zituzten garai bertsuan: 11k metalezko egitura zuten, eta gainerakoak harlanduz egin zituzten. Metalez egina da Ormaiztegikoa. Alexander Lavalley frantziar ingeniariak diseinatu zituen sareta habeak, eta Ernest Gouin et Compagnie sozietateak Parisko Batignolles auzoan zuen lantegian fabrikatu ziren.

Garai batean «balio estrategiko handia» izan zuen Ormaiztegiko zubibideak. 36ko gerran, esaterako, Bergarako labe garaietako langileek moztu egin zuten, sopleteak erabiliz, tropa frankistek aurrera egin ez zezaten. 1995eko uztailaren 1era arte erabili zuten, eta, ordutik aurrera, haren ondoan eraikitako hormigoizko zubi batek ordezkatu zuen. Zubibide zaharraren eraistea aurreikusita zegoen, baina Ormaiztegiko Udala horren aurka agertu zen. Erreferendum bat egin, eta herritarrek zubibidea kontserbatzea erabaki zuten. 2003an, monumentu izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak.