Andoaingo azeri dantzak 50 urte bete ditu, eta 25 urte dira emakumeek lehen aldiz parte hartu zutela. Bi urteurrenak direla eta, erakusketa bat antolatu dute Axeri Dantza elkarteko kideek Andoainen, Bastero kulturgunean; maiatzaren 9an ireki zuten, eta ekainaren 27a bitarte egongo da zabalik. Ianire Huizi (Andoain, 1998) eta Amaia Armendariz (Andoain, 1998) elkarteko kideek esan dute erakusketan jantzi tipikoak, aspaldiko argazkiak eta eskuizkribu bat edo beste bildu dituztela. Merchandising-a ere egin dute: erakusketan salgai dauzkate kamisetak eta poltsak.
Axeri Dantzak 25/50! da erakusketaren leloa. Zergatik urteen bereizketa?
IANIRE HUIZI: Azeri dantza orain 50 urte berreskuratu zen Adunan, baita Andoainen ere, Lizar Makil dantza taldearen laguntzarekin. Baina emakumeek ez zuten parte hartzen. Emakumeak 23 urte beranduago joan ziren ate joka, parte hartu nahi zutela esanez, baina ezezkoa eman zieten, eta hurrengo urtean itzultzeko eskatu. Gero bilera formalago bat egin, eta baimena eman zieten azkenean. Tirabirak izan ziren, emakumeak hastearekin batera, gizon batzuek utzi egin baitzuten taldea.
AMAIA ARMENDARIZ: Gizonek beldurra zuten emakumeena ez ote zen moda kontua izango, baina ikusi da ezetz. Horregatik egiten dugu bereizketa: 25 urte dira Axeri Dantza parekidea dela, eta Basteroko erakusketan bertan emakumeek badute euren tokia.
Ospatzeko eta omentzeko egin duzue erakusketa.
HUIZI: Urte osoko egitaraua antolatu dugu: otsailean puska biltzea izan genuen. Martxoan, mahai inguru bat egin genuen lehenengo aldiz azeri dantzan parte hartutako emakumeak omentzeko: gonbita egin, haien izenak azpimarratu, eta hitza eman genien. Belaunaldi berriek azeri dantza parekidea ezagutu dute, eta ez zuten orain 25 urteko egoeraren berri.
«Belaunaldi berriek azeri dantza parekidea ezagutu dute, eta ez zuten orain 25 urteko egoeraren berri»IANIRE HUIZI
ARMENDARIZ: Dantza berreskuratu zuten eta hasiera-hasieratik hor egon diren horiek ere omendu nahi izan ditugu. Adibidez, erakusketan Lizar Makil dantza taldearen banderola bat dago ikusgai. Aitortza egin nahi izan diegu, hasieran oso gutxi ateratzen baitziren plazara.
Zer moduz joan zen erakusketaren irekiera?
ARMENDARIZ: Denetarik egon zen: txalaparta, adarra, dantzariak… Azken finean, txalaparta joleak azeri izandakoak dira, eta adarra puska biltzeetan erabiltzen dugu. Andoain ez da herri txiki bat, baina denok ezagutzen dugu elkar.
HUIZI: Andoaingo eta Adunako alkateak ere izan ziren. Gainera, orduantxe izan zen San Joan festen pregoia nork irakurri bozkatzeko aldia, eta erakusketaren inaugurazioan esan ziguten Axeri Dantza elkarteko kideoi tokatua zitzaigula.
Egitarautik zer gehiago azpimarratuko zenukete?
HUIZI: Orain arlo instituzionalean gabiltza lanean, Axeri Dantza ondare immaterial gisa aitortzea nahi dugu eta. Andoaingo eta Adunako udalekin hitz egiten ari gara, eta udalbatzarrean onartzeko zain gaude. Halere, adosteko dago baldintzak zein izango diren.
ARMENDARIZ: Nahiko genuke noizbait elkartea egongo ez balitz udalak hartzea azeri dantzaren ardura. Babesa eta ohorea eskaintzea, alegia. Gure herriko ondarea da, eta nahiko genuke udalak ere bere egitea, inoiz gal ez dadin.
HUIZI: Sorpresa bat ere badaukagu: hiru edo lau urte daramatzagu dokumental bat grabatzen, Aitor Arrutirekin batera. Ez dago osatua, baina urtea dokumentala proiektatuz amaitu nahi dugu.
Nolakoa da azeri dantza?
HUIZI: Baserrian egiten ziren jolasak sorberritzen ditugu. Ez gara dantzariak: gu azeriak gara, bihurriak. Izatez, jolas bakoitzak baserriko giroarekin zerikusia duen esanahi bat dauka, eta jolas horiek lehenengo aldiz duela 50 urte atera ziren plazara.
ARMENDARIZ: Ekainaren 24an egiten da beti azeri dantza, eta 30-70 lagun izaten gara; ezberdina da astegunen batean tokatu edo asteburuan. Goizean goiz janzten hasi, gosaldu, dultzaineroekin batera kalejiran atera, eta dantza egiten dugu. Gero, dantzan ibili garenok bazkaria izaten dugu, baina aurten, lehenengo aldiz, nahi duen oro etorri ahal izango da gurekin bazkaltzera.
«Emakumeak plazara irteten hasi zirenean, alboratu egiten zituzten soka dantzan; dantza hori ez zuten egiten»AMAIA ARMENDARIZ
Jantziak bereziak izaten dira.
ARMENDARIZ: Gizonezkoak ateratzen ziren garaian, blusa gorria, mahonezko galtzak eta abarkak izaten zituzten. Baina soka dantza egitean, blusa gorria kendu eta alkandora zuria izaten zuten soinean. Emakumeak plazara irteten hasi zirenean, alboratu egiten zituzten soka dantzan; dantza hori ez zuten egiten.
HUIZI: Gero erabaki zenean dantza osoa, hasieratik bukaerara, gizonek eta emakumeek dantzatuko zutela, erabaki zen jantziekin bereizketarik ez egitea. Gaur egun denek blusa gorria izaten dugu, koloretako zapia buruan, milarraiazko galtzak eta apreta zuriak. Alkandora zuria azpitik janzten dugu, baina ez dugu, lehen gizonek bezala, blusa gorria kentzen.
Zer da azeri dantza Andoaingo herriarentzat?
ARMENDARIZ: Andoaindarrok ekainaren 24an egiten dugu: oso gure sentitzen dugu, eta, gainera, arbasoekin lotzen gaitu. Belaunaldi ezberdinak elkartzeko ere balio digu: bestela hitz egingo ez zenukeen lagunekin topatzeko aukera duzu azeri dantzan. Ez dugu zerikusirik batak bestearekin: adin ezberdinetakoak gara, eta pentsaera ezberdinetakoak. Baina badago batzen gaituen zerbait: azeri dantza.
HUIZI: Andoainen urte osoan elkartzen ez diren laurogei lagun elkartzen dituzten ekitaldi bakarrenetakoa izango da. Gainera, egunean bertan laurogei azeri izanez gero, beste laurogei herritar behar izaten ditugu gurekin dantzatzeko, ikusleen artetik plazara ateratzen baititugu. Garrantzitsua da Andoaingo herriarentzat, eta beste herrietara ere gonbidatu izan gaituzte. Azeriak munduan barrena ikusteko aukera ere badago Basteroko erakusketan.