Amildegi bat iraganera

1976ko ekainaren 28an, sei euskal mendizale Vignemale mendira abiatu ziren, espedizio bat egiteko asmoz. 3.000 metrotik gora ditu Vignemalek, eta Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan dago. Espedizioan zirela, sokaldi berean zihoazen hiru gipuzkoar zendu ziren: Sebastian Sanchez beasaindarra, Fernando Terradillos ordiziarra eta Jose Luis Orbegozo azpeitiarra. Luizi batek eragin zien erorikoa, eta bertan hil ziren. Ia 50 urte igaro dira harrezkeroztik, eta, espedizioa gogoratzeko, Amildegi argazki bilduma ondu du bidaian hil zen beasaindarraren senide Telmo Sanchez Ugaldek. Lanak Argazkia.eus lehiaketa irabazi du, Gipuzkoa mailan. Mendizaleek espedizioan filmatuko bideo irudiak jaso ditu, bai eta Sanchezek berak Goierriko mendiei ateratako gaur egungo zenbait argazki analogiko ere.

«Amildegi 2020an abiatu nuen ikerketa bisual bat da, eta hiru bat urte pasatu ditut lanean», esan du Telmo Sanchezek. «Une jakin batean du jatorria: nire aitonaren etxeko argazki album zaharrei begira ari nintzela, lehenago ikusi gabeko artxibo bat ikusi nuen. Aitonaren anaiarena zen: Vignemaleko espedizioan hil zen Sebastian Sanchezena». Telmo Sanchezek gaineratu du familian apenas hitz egiten zela gizon hartaz, nahiz eta haren memoriak «bizirik» jarraitzen duen. «Irudiekin izandako lehen kontaktuak piztu zidan Sebastiani buruz gehiago jakiteko grina; non egon zen jakin nahi nuen, baita familiaren historian zer leku izan zuen ere».

(ID_17485011374515) (/EZEAGUNA)
Telmo Sanchez argazkilariak ‘Amildegi’ proiekturako egindako argazki bat. TELMO SANCHEZ

Hortaz, aitonaren etxean aurkitutako dokumentuak biltzen hasi zen Telmo Sanchez, baita Sebastian Sanchezen bizitzarekin lotura zuten lekuak bisitatzen ere. «Niretzat, proiektu hau pertsonala eta kolektiboa lotzeko modu bat izan da, aitonaren anaia zenari omenaldi bat egiteko modu bat, eta, aldi berean, bizitzaren hauskortasunaz, doluaz eta bizi garen paisaiarekin sortzen ditugun loturez hitz egitekoa».

Argazki bildumaren egileak kontatu du, behin artxiboa aurkituta, Sebastian bizi izan zen lekura joateko gogoa sartu zitzaiola. «Beasaingoa zen, eta Goierriko mendietan eman zuen bizitza osoa, gure aitonarekin batera». Telmo Sanchezek dio naturalki sortu zela «lan bisual bat» sortzeko ideia. «Aitonaren etxean aurkitu nituen argazkiek paisaia Sebastianen begiradaren bidez ikusteko aukera eman zidaten, eta hark egin bezala esploratu nahi izan nuen».

Iragana eta oraina

Amildegi-k irudi analogikoen bitartez batzen ditu iragana eta oraina. «Artxiboko irudien eta neuk egindako argazkien arteko harremanak iragana eta oraina lotzen dituen denborazko ehun bat sortzen du, narratiba bisual bat sortuz», esan du. «Proiektuak, lurralde bat dokumentatzeaz gain, denboraren joanak norbanakoaren eta taldearen oroimenean uzten dituen aztarnak ikusarazten ditu, une, testuinguru eta asmo desberdinetan sortutako material heterogeneoei esker».

(ID_17485012279455) (/EZEAGUNA)
Sebastian Sanchez zena, 1976an, Vignemalen ateratako argazki batean.

Albuma ontzeko garaian, Sanchez saiatu da berak ateratako irudiak artxiboko irudien gainetik jar ez zitezen. «Bi garaien arteko elkarrizketa bisual bat izatea nahi nuen, eta pertsonalaren eta oinordetzan hartutakoaren arteko mugak lausotu».