Maiatza iristen denean, uda-koloreak iristen dira herrira, auzora, etxera, kuadrillara, kotxera, mendira, agendara. Ez beti zerura; bai, ordea, ia beste denera. Planen kolapsoaren garaia iristen da, fomo-aren garaia, iluntze luzatuen garaia, krema itsaskorren garaia, ez-dakit-zeren amaierako lanen garaia, izerdi usainaren garaia, txosnen garaia, kanta errepikakorren garaia, ikasturte bukaerako ekitaldien garaia, ikasle (eta ez ikasle) pisuetako kontratuak eteteko garaia, sandalien garaia, kaleko garaia. Horren guztiaren hasiera-edo iristen da, niretzat, maiatzarekin batera. Eta maiatzak ez duelako gehienean asko irauten, bat-batean ekaina iristen da, eta ekainak ere horren guztiaren hasiera-edo ekartzen du.
Gure herrian, Beasainen, barrakak iristen dira maiatzean. Abisu bat izaten da: «Egun gutxi falta dira Murumendiko Mari herriko plazara jaisteko». Eta herriko denok dakigu Murumendiko Mari herriko plazara jaisteak txupinazoa daramala zerura; eta txupinazoak hasiera ematen diela Loinatz jaiei, bai, baina baita errutinen uda aurreko hausturak dakartzan dinamikei ere. Barrakak jartzen dituzte errepide ertzeko aparkaleku handi batean, eta zurrumurruak hasten dira zabaltzen herrian, ilusiotxoa hasten da zabaltzen herrian, ez umeen artean bakarrik. Ze barrakak jartzeak dakar baita ere txosnak berehala muntatzea hantxe atzeraxeago, eta horrek ja gertuago kokatzen du txupinazoaren zeruratzea. Pare bat aste daramatzagu barraken atzeko karparik gabeko txosnaguneari ilusiotxoz begira. Baina listo, karpa prest dago eta gu ere bai; gaur hasiko dira gure herriko festak. Iuju.
Gure hirietako jaiak desagertzeko arriskuan badaude, gure herrietakoak ere halatsu egongo dira laster. Urduritu egin nintzen albistea irakurrita. Eta akordatu nintzen ze inportantea den herria, herriko festetan ere
Eta gure herrikoen atzetik, beste herri, hiri, auzo mordo batekoak etorriko dira. Tokietako jaien garaia ere iristen da maiatzarekin batera; guretzat, jai herrikoien garaia. Baina esan berri digute agian ez dela denbora luzez izango: ze gure hirietako jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan badaude, gure herrietakoak ere halatsu egongo dira laster, gu konturatzerako. Urduritu egin nintzen albistea irakurrita. Imajinatu nuen maiatza iristen, txupinazoak zeruratzen, barrakak etortzen, karpa erraldoi bat errepide ertzeko aparkaleku handi batean, langileak esplotatuta barran, urrutiko musika-taldeak oholtzan, sarrerak kobratzen norbait atean, polizia kotxeak inguruan, ezkutuko kale kantoietan gazteak, plastikozko botilak, paretak garbi eta tragoak oso garesti. Uda-kolorerik ez herrian, auzoan, etxean, kuadrillan, kotxean, mendian, agendan. Zeruan agian bai; ez, ordea, ia beste inon. Imajinatu nuen Murumendiko Mari herriko plazara jaisten, eta ez txalapartarik, ez dantzarik, ez antzerkirik, ez abesbatzarik, ez ilusiotxorik. Urduritu egin nintzen albistea irakurrita. Eta akordatu nintzen ze inportantea den herria, herriko festetan ere.
Gure herri-hirietako jai herrikoiak desagertzeko arriskuan daude. Israelgo Estatuaren aldeko KKR inbertsio-funtsa Espainiako Estatuko musika jaialdi gehienak bereganatzen ari da. Makrofestibalak ari dira nagusitzen gure festa dinamiketan. Sold out-aren jolasean barruraino ari gara sartzen. Segi dezakegu geldirik, sarrerak erosten hemendik bi urtera ez-dakit-zeinek BECen egingo duen kontzerturako, karparik gabeko txosnaguneari ilusiotxoz begira; edo har dezakegu espazio publikoa, antola gaitezke herrian, bana ditzakegu txandak, presta ditzakegu ekitaldiak, ikuskizunak, tailerrak, formakuntzak, munta dezakegu karpa dena delako aparkaleku, parke, plaza, errepide zatitan. Eta inposatutako oztopo bakoitzaren aurrean, bil gaitezke elkarrengana eta hainbesteko ilusiotxoa pizten diguten jai herrikoiak defenda ditzakegu; adibidez, bihar, maiatzak 31, 11:30ean, Bilboko Miribillako anfiteatroan egingo den ekitaldira batuz.