Asier Vitoria Gureak taldeko zuzendari nagusia eta Amaia Jaunarena lan arriskuen prebentziorako arduraduna «harrituta» daude LAB sindikatuak egindako salaketa ikusita: Gureak-ek ez dizkiela langileei lan istripuak aitortzen. Salaketa egiteko, afiliatuek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin zuten agerraldia joan den asteko astelehenean, eta erantzunaren zain daude. Gureak-eko zuzendariak dio enpresak «denbora» eskaintzen diola edozein ezbehar kudeatzeari.
Gureak-ek 50 urte beteko ditu aurten, enpresa 1975ean sortu baitzuen Atzegik. Egun, 6.000 langile baino gehiago dabiltza han, eta %83k desgaitasunen bat dute. Taldeak hainbat sektore kudeatzen ditu: elikadura, garbiketa, lorezaintza, ikuztegia… Ainhoa Diez garbiketaren sektorean aritzen da 2013. urtetik, eta Oscar Cillero, DataPost sektorean, 1995etik. LABeko afiliatuak dira biak, eta adierazi dute egoera aldatzeko «borrokan» ari direla. Hori dela eta, biak agerraldian izan ziren maiatzaren 19an.
Diezek esan duenez, duela hamarkada bat heldu zioten Gureak-eko lan baldintzen auziari. Kontua da, istripu bat izatean, enpresak jakinarazpen bat betetzeko eskatzen diola ezbeharra izan duen langileari edo momentuko arduradunari, eta jakinarazpen horrekin Mutualiara joaten dela langilea; Mutualian tramitatu beharko lukete istripua, baina langileek salatu dute ez dela hala gertatzen. «Mutualiak Gizarte Segurantzara bideratzen gaitu, istripuak gure patologiaren ondoriotzat jotzen baititu», esan du Diezek. «Lanean egon eta besoan kolpea hartuko banu [elbarritasuna du besoan], baliteke Mutualiak ezbeharra lan istripu gisa ez izendatzea». Jakinarazi du «ohikoa» dela Gureak-eko langileei ez aitortzea lan istripuak, eta, ondorioz, ez dutela izaten baja ehuneko ehunean kobratzeko eskubiderik.
Eskaerak eta erantzunak
Egoerari irtenbidea emateko hainbat bilera izan dituzte azken urtean: Ainhoa Diezek eta Oscar Cillerok azaldu dute enpresa batzordearekin, prebentzio zerbitzuarekin eta Mutualiarekin elkartu direla. Argia da langileen eskaera: enpresak zuzenean Gizarte Segurantzara bidera ditzala langileak, Mutualiatik pasatu behar izan gabe. «Mutualiak beti bideratzen gaitu Gizarte Segurantzara; hortaz, Gureak-ek salta dezala pauso hori eta tramita ditzala lan istripuak ere Gizarte Segurantzaren bidez», esan du Cillerok. Gainera, bertan dago ezagutzen gaituen medikua, gure patologien berri duena». Negoziatzeko borondatea daukatela ziurtatu du: «Arazoari konponbidea emateko formula bat behar dugu. Hori da gure proposamena, baina beste proposamenik balute, pozik entzungo genuke».
«Mutualiak beti bideratzen gaitu Gizarte Segurantzara; hortaz, Gureak-ek salta dezala pauso hori eta tramita ditzala lan istripuak ere gizarte segurantzaren bidez»
OSCAR CILLERO Gureak-eko langilea eta LABeko afiliatua
Zenbait jan hitzarmen dituzte Gureak taldean, sektorearen araberako enpresak bereizten baitira. Horren arabera, LABeko afiliatuek diote langileak baja arrunt batekin hilean 600 euro inguru kobra ditzaketela: «Soldataren %40 kentzen digute baja arrunt batekin, baina hitzarmenaren arabera ezberdina izaten da soldataren zenbatekoa», adierazi du Diezek. Gainera, esplikatu du Gureak-eko sektore batzuek badutela berezitasun bat: langileek lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute, baina nominan erantsitako gehigarri bati esker. Hortaz, baja prozesatzean, LABeko kideek adierazi dute gehigarria ez dela kontuan izaten; hau da, baja arruntarekin jaso beharreko soldata ez dela gutxieneko soldataren arabera kalkulatzen.

Lanean gertatutako istripu bat ez balitz lan istripu gisa izendatuko, enpresak baieztatu du kontingentzia aldaketak eskatu ohi dituela, baina horrekin ez daude ados LABeko kideak. «Indibidualki egin behar izaten da kontingentzia aldaketa. Abokatu bat kontratatu edo sindikatuaren bitartez egoera bideratu behar izaten dugu», esan du Cillerok. Kontingentzia aldaketen sententziak, gainera, urtebete baino gehiago behar izaten dutela aipatu dute sindikatuko kideek, eta sententzia argitaratu ondoren beste urtebete behar izaten dela epaia gauzatzeko. Beraz, Diezek jakinarazi du langile gutxi murgiltzen direla prozesu horretan: «Prekaritatea kontuan izanda, inor ez dago prest hamabost eguneko baja batengatik abokatu bat ordaindu, urtebete sententziaren esperoan egon eta, gero, beste urtebete itxaroteko». Jendea lanera beldurrez joaten dela nabarmendu dute bi langileek: «Ezin dugu istripurik izan».
«Prekaritatea kontuan izanda, inor ez dago prest hamabost eguneko baja batengatik abokatu bat ordaindu, urtebete sententziaren esperoan egon eta beste urtebete itxaroteko»AINHOA DIEZ Gureak-eko langilea eta LABeko afiliatua
Egoera salatzeko, langileek agerraldia egin zuten maiatzaren 19an Donostian, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aldundiari ardura har dezala eskatu zioten, eta aitortu gabeko lan istripuen zenbait kasu hartu zituzten hizpide langileek. Ainhoa Diez eta Oscar Cillerok esan dute ez dutela enpresaren erantzunik jaso kasuei dagokienez; ez Mutualiaren partetik, ez Gureak-en partetik. Bitartean, Batzar Nagusietan zer adostuko egongo dira; erabaki horren arabera, auzia diputaziora bideratuko litzateke.
Enpresa, hitz egiteko prest
Asier Vitoria Gureak-eko zuzendari nagusiak azaldu du euren enpresa bakoitzean prebentziorako komite bat dagoela langileen egoeraren jarraipena egiteko. Amaia Jaunarena Gureak-eko enpresa horien prebentzio komiteen koordinatzaileak eta biek iritzi diote positiboa dela Mutualiarekin duten harremana. «Ona da profesionalen arreta, eta, oro har, positiboa da balorazioa». Gainera, kontatu dute orain gutxi «indartu» egin dituztela enpresaren eta Mutualiaren arteko barne prozesuak.
«Gipuzkoan ez dugu lan istripuak gizarte segurantzarekin kudeatzen dituen kasu bakar baten berri izan. Aurrekariak behar ditugu balorazioa egin ahal izateko»
ASIER VITORIA Gureak taldeko zuzendari nagusia
LABek aurkeztutako kasuei dagokienez, Vitoriak esan du «berehalakotasuna» funtsezkoa dela azterketak egiteko; hain zuzen, zuzendariak dioenez, sindikatuak aurkeztu duen azkeneko kasua iazko udakoa da. Hala, Vitoriak dio egon badaudela lan istripu diren erabakitzeko «zalantza» sortzen duten kasuak, baina argitzen ari direla «enpresaren proaktibitateari esker».
Jaunarenak jakinarazi du LABek maiatzean egindako agerraldian aurkeztutako kasuak «jada jorratuta» daudela, eta beti izan dutela hitz egiteko borondatea: «Edozein kasutan borrokatzeko prest egon gara». Laneko arriskuen prebentziorako arduradunak adierazi du lanean gertatutako edozein ezbehar bildu eta erregistratu egiten dutela, «lan istripu izan edo ez». Nolakotasunari buruzko zalantza dutenean, enpresa Mutualiarekin jartzen da harremanetan: «Astero izaten ditut jarraipen bilerak Mutualiarekin». Hala, baliteke kasu batzuetan kontingentzia aldatzea; Jaunarenak esan du duela gutxi izan dutela halako kasu bat: «Mutualiak arrazoia eman zigun, eta lan istripu gisa izendatu da esku artean izan ditugun azken kasuetako bat».
«Mutualiak arrazoia eman zigun, eta lan istripu gisa izendatu da esku artean izan dugun azken kasuetako bat»AMAIA JAUNARENA Gureak taldeko lan arriskuen prebentziorako arduraduna
Mutualia alboratu, eta kasuak gizarte segurantzaren bitartez bideratzeko eskakizunaren aurrean ezezkoa eman du Vitoriak, «oraingoz» ez zaielako «bideragarria» iruditzen. «Gure taldeak ezaugarri bereziak dauzka, eta, gainera, sektore ezberdinetan egiten dugu lan. Halere, inguruan kontsulta egin dugu, eta Gipuzkoan ez dugu lan istripuak gizarte segurantzarekin kudeatzen dituen kasu bakar baten berri izan. Aurrekariak behar ditugu balorazioa egin ahal izateko». Dena den, ziurtatu du Gureak-en ezezkoa ez dela erabatekoa, baina oraintxe aldaketak ez lukeela «onurarik» ekarriko.
Prebentzio zerbitzuen datuak aintzat hartuta, zalantza sortzen duten kasuak %5 direla esan du Vitoriak: «Badakigu kudeatu behar den gai bat dela, eta denbora eskaintzen diogu». Horregatik, Vitoriak eta Jaunarenak elkarlanerako gonbita egin dute, LABen agerraldiak ezustean harrapatu dituela aitortu baitute.