Euskal Gastronomiaren Topaketak laugarren aldia izango du aurtengoa; bihar ospatuko dute, Getarian. Mantala elkarteak antolatu du. «Arabaz, Bizkaiaz edo Gipuzkoaz hitz egiten dugunean, denok dakigu zertaz ari garen. Baina aurtengo Euskal Gastronomiaren Topaketan itsasoaz hitz egingo dugu; itsasoa izango da gure lurraldea», esan du Aitor Arregi Getariako Elkano jatetxeko sukaldariak. «Euskaldunon itsas izaera ez da ezer berria; gure herria itsasoarekin oso lotuta dago, eta, topaketa honetan, itsaso herri bat erakutsi nahi dugu, euskararen herria». Arregik dio itsasoa gertutik bizi ahal izango dutela topaketan. Izan ere, aurtengo topaketaren helburuetako bat izango da «itsasoak kulturaren, ekonomiaren eta sukaldaritzaren motor gisa duen eginkizunaz» gogoeta egitea.
Hain zuzen, Arregik sarritan egin du hausnarketa hori. «Itsasoak badauka diskurtso bat: XV. mendean, baleontziak hemen egiten ziren, gure inguruan. Kanadaraino joaten ziren baleak harrapatzera, eta sagardoa eramaten zuten. Baserriak sortu ziren kabotaje handietarako sagardoa egiteko. Basoetatik ateratzen zuten gero itsasontziak egiteko materiala. Itsas eta egur ikatza egiten zen. Mundu bat sortu da itsasotik». Are, kontatu du itsasoak lotura jakin bat duela sukaldaritzarekin. «Getarian, gaur egun, parrillan egiten dugu arraina, baina arraina erretzea ez da sukaldaritzako elementu soil bat, zerbait gehiago da. Arraina ingurua eta inguruko jendearen jakintza defendatzea ere izan daiteke. Gauza asko ditu atzetik».
«Getarian, gaur egun, parrillan egiten dugu arraina, baina arraina erretzea ez da sukaldaritzako elementu soil bat, zerbait gehiago da. Arraina ingurua eta inguruko jendearen jakintza defendatzea ere izan daiteke»
AITOR ARREGI Getariako Elkano jatetxeko sukaldaria
Euskal GastronomiarenTopaketan 250 profesional elkartuko dira, eta hainbat ekintza egingo dituzte; mahai inguruak, dastaketak eta ekintza kulturalak, besteak beste. Herriko sukaldariek arraina parrillan erreko dute, eta Arregik aurreratu du zapoa erreko duela Elkano jatetxeak, «orain hori ari baitira arrantzatzen». Hegaluzea ere jarri nahi dute, baita «bazterreko arraina» ere, «bertako arrantzaleak ikusarazteko». Getarian parrilla duten jatetxe guztiek parte hartuko dute topaketan, hala nola Kaiak, Elkanok, Astillerok, Balearrik, Myflowerrek, Iribarrek eta Txokok. Arregik esan du itsasoa eta parrilla «lurraldeko gastronomiaren funtsezko elementuak» direla, eta, hain justu, daukaten garrantzia landuko dute biharko topaketan. «Edariaren munduko joera berriak» ere izango dituzte hizpide, bai eta ohitura horiek itsasoarekin duten lotura ere.
Omenaldiak ibilbideei
Arregirekin batera, Euskal Herriko hainbat sukaldari izango dira ekitaldian: Igor eta Julen Arregi (Kaia Kaipe jatetxea), Julen Baz (Garena), Martin Berasategi (Martin Berasategui), Edorta Lamo (Arrea), Ane Lore Lasa (R), Dani Lasa (Ama Brewery), Maria Rosa Larrañaga (Kaia), Maria Laskibar (Kea), Belen Sandrin eta Jokin Loma (Palacio Añana) eta Gorka Rico eta Javi Rivero (AMA). Gastronomiako eta lehen sektoreko aditu eta profesionalak ere izango dira, hala nola Xabier Agote (Albaola itsas kultur faktoria), Jon Zapiain (Zapiain sagardotegia) eta Mikel Zeberio (Basque Culinary Center). Kultur arloko artistarik ere izango da; Getarian bizi den Eñaut Elorrieta musikaria, adibidez.

Izango da omenaldietarako tartea ere. Elkano jatetxeko sukaldariak aurreratu du Martin Berasategiri sukaldean egindako 50 urteko ibilbidea aitortuko diotela, «ekitaldi hunkigarri batean». Mari Jose Artano eta Maria Rosa Larrañaga ere omenduko dituzte, Getariako Elkano eta Kaia jatetxe ezagunei «bizitza oso bat» eskaini dietelako.
Egitaraua, goizetik
Biharko jardunaldiaren lehen zatia 10:00etan hasiko da, Balentziaga museoan. «Erreferentziazko sukaldarien, sektoreko eragileen eta itsasoaren munduko adituen artean ideiak, zaporeak eta esperientziak partekatzeko diseinatutako dinamikak egingo ditugu han», adierazi du Arregik. Ekitaldia amaitzeko, bertara agertutakoek aukera izango dute azoka gastronomikoaz gozatzeko Elkano Arrantzaleen Kofradian eta portu inguruan. «Itsasoa inspirazio eta ardatz» hartuta, herriko parrilladun jatetxe guztiek eta tokiko ekoizle eta kontserba enpresek hainbat jaki eskainiko dituzte azokan. Txakolinak ere «protagonismo berezia» izango duela esan dute antolatzaileek, «lurraldean duen sustraitzearen eta kostaldeko zaporeekin duen uztarketaren balioa» nabarmentzeko.
Euskal Gastronomiaren Topaketaren aurreneko aldia 2022an egin zuten, Donostian, Basque Culinary Centerren egoitzan. «Mantala elkarteko guztiok bildu ginen, elkar ezagutzeko eta elkarrekin bide berriak jorratzeko edo lehengoko bideei jarraitzeko helburuz», esan du Elkano jatetxeko kideak. Bigarren topaketa, «Bizkaira begiratu nahian», Urdaibain egin zuten, Bisubi fundazioan —Bizkaiko Sukaldarien Bilkura—. Araban egin zuten iaz, Arkautin, eta aurten, Getarian, «itsasoa bisualizatzeko asmoz». Arregik azpimarratu du kostaldeko «edozein herritan» egin zitekeela aurtengoa.