«Euskara hizkuntza akademiko huts geratuko zaigun kezka daukat»

«Euskara hizkuntza akademiko huts geratuko zaigun kezka daukat»

Mari Karmen Garmendiak (Ormaiztegi, 1947) gaztetatik izan du mundua ikuspegi ugaritatik ezagutzeko irrika. Haurra zela, urtebete igaro zuen Frantzian, eta esan du horrek aukera eman ziola beste errealitate batzuk ezagutzeko. Ibilbide profesionala hainbat arlotan garatu du: irakaskuntzan, politikan eta euskalgintzan, besteak beste. Aitzindari izatea ere egokitu zaio jardun batzuetan. Matia fundazioko aurreneko emakumezko lehendakaria izan zen, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde izendatu zuten 1985ean.

13 urte zenituela, Frantziara joan zinen frantsesa ikastera. Nola oroitzen duzu garai hura?

Gurasoek esan zidaten ondo etorriko zitzaidala beste hizkuntza bat ikastea, hirugarrena, eta 1960an Goierriko hiru neska Verfeil herrira joan ginen: bi ormaiztegiar eta lazkaotar bat. Hasierako asmoa zen uda baterako joatea, baina azkenean erabaki genuen urtebetez han gelditzea. 13 urterekin joan nintzen, eta bueltakoan, sentitu nuen 18 nituela. Asko eskertzen dut aukera hori eduki izana; izan ere, hemen frankismo garaia zen. Izugarrizko aldaketa izan zen guretzat, alderdi askotan.

Zer alderditan, adibidez?

Nik han aurkitu nuen lehenengo gauza gizartearen sekularizazioa izan zen. Elizaren presentzia eta haren agintea ez ziren guk hemen bizi genituenen parekoak, Frantzian gizartea irekiagoa baitzen. Txunditu ninduen bigarren gauza emakumezkoen nolabaiteko askatasuna izan zen: han galtzak erabiltzen zituzten, eta hemen oso gaizki ikusita zegoen hori. Horretaz gain, emakumezkoak gizonezkoen lanak kontsideratzen ziren horietan ere aritzen ziren; txofer lanetan, esaterako. Gerra zer zen ere ikasi genuen. Guk Euskal Herrian Espainiako gerraren ondorenak bizi izan genituen, baina Frantzian, gurekin ikasten zebiltzan neska askoren senideak Aljeriako gerran zebiltzan, eta oso gertutik bizi izan genuen hori. Izugarri heldu nintzen bidaia hartan, eta, frantsesa ikasteaz gain, bestelako gauza asko ikasi nituen.

«Tesia egiten hasi nintzenean, konturatu nintzen gure memorian zulo beltz handi bat zegoela, eta Francoren garaian dena isiltasuna zela»

14 urterekin argitaratu zenuen lehenengo lana, Umeen Deia aldizkarian.

Bai. Aitak esan zidan bazegoela oso euskaltzalea zen kaputxino bat, abertzalea, ikaragarri saiatzen zena euskararen alde egiten. Umeen Deia izeneko hilabetekari bat sortu omen zuen hark, eta aitak zerbait idaztera animatu ninduen. Artikulu xume bat bidali nuen, Verfeildik.

Zeri buruzkoa?

Gure hango egonaldiari buruzkoa eta euskarari buruzkoa.

Eta Frantziatik itzuli ondoren, zer?

Aitari esan nion batxilergoa egin nahi nuela. Banekien zerbait ikasi nahi nuela, baina ez nekien zehazki zer egin nahi nuen. Oroitzen dut guretzat orduan oso ezezaguna zen lanbide bat deskubritu nuela Frantzian: gizarte langintza. Horretan lan egiten zuen emakume bat ezagutu nuen, eta txundituta gelditu nintzen. 1961ean, Ormaiztegira itzuli eta hilabete batzuetara, elizbarrutiak eskola bat ireki zuen Donostian, Mirakruzen, eta ikusi nuen gizarte langintza ikasteko aukera eskaintzen zutela. Tamalez, 18 urte izan behar ziren han sartzeko. Lau urtez batxilergoa egin ostean, irakasletza ikasi nuen Donostian. Nire plana zen irakasletza egin ondoren gizarte langintza ikastea, baina irakaskuntzaren eta ikastolen munduan sartu nintzen pixkanaka, eta ez nintzen gizarte langile egin. Urte batzuk geroago, unibertsitatera joan nintzen, eta Filologia Erromanikoa gradua egin nuen. Horren ostean, doktoretza, Estrasburgon.

Zeruko Argia-n idazten hasi zinen garai hartan.

Garai mugituak izan ziren. Garai hartan izan zen Andereñoen Erresidentzia, baita ikastolen sorrera ere. Eta garai hartan sartu nintzen Zeruko Argia-n. Rikardo Arregi, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Xabier Leterekin batera aritu nintzen, besteak beste. Talde hartan emakume bakarra izan nintzen denbora batez. Herrietan hitzaldiak ematen hasi ginen, baita alfabetatze lanak egiten ere, jendeari euskaraz idazten eta irakurtzen irakasten. Garai zailak izan ziren, baina oso interesgarriak. 

Frankismo garaian euskararen alde aritzea ez zen erraza izango.

Ordurako erregimenak gogoko ez zituen eta zigortzen zituen esparruetan nenbilen buru-belarri: euskaran, Ikastoletan, Zeruko Argia-n… Neure burua babestu egin behar nuen.

(ID_14982208) Mari Karmen Garmendia
Mari Karmen Garmendia euskararen, ikastolen eta euskal kulturaren alde aritu izan da lanean. Esaterako, gai horiei buruzko askotariko hitzaldiak eman ditu. Bestelakoak ere bai. Irudian, Garmendia, gizarteari eta balioei buruzko hitzaldi bat ematen, 2005ean, Ordiziako jubilatuen etxean. MAIDER DEL OLMO
Nola?

Gogoan dut Irakasletzako lehen urtean Obras Completas de Jose Antonio oso ondo ikasi nuela, eta azterketan 10ekoa atera nuela. Horrekin, pentsatu nuen nolabait babestuta nengoela. Irakasletzako bigarren urtea egin genuenean, Debako aterpetxe batera joan ginen, Seccion Femeninak zeukan etxe batera, diploma bat ateratzera, gero titulua jasotzeko. Hango zuzendariak esan zidan bertan zela Pilar Primo de Rivera, Seccion Femeninako buru zena, eta ni ezagutu nahi ninduela. Oraindik ere begien aurrean daukat nola agurtu nuen emakume hura. Jakin izango balu zer gauzatan nenbilen…

Zeri buruz idazten zenuen Zeruko Argia-n?

Emakumeek orduko gizartean zuten egoerari erantzun nahi nion, eta munduko politikari indartsuak ziren emakumeei buruz idazten nuen; Indira Gandhiri buruz, esaterako. Beste gai batzuk ere jorratzen nituen, beti emakumeari eta gizarteari buruzkoak. Emakumearen jasokundea izena jarri nion nire sekzioari.

Irakasle aritu zinen Donostiako Santo Tomas lizeoan, baita Donostiako Elizbarrutiaren Irakasle Eskolan ere.

1965ean hasi nintzen Santo Tomas lizeoan, artean ikasle nintzela. Irakasletza bukatu eta Donostiako Deustuko Unibertsitatera joatea erabaki nuen, Filologia Erromanikoa ikastera. Han nenbilela, Patxi Altuna jesuitak eskatu zidan bere euskarako hizkuntza eskolan klaseak emateko, eta urte batzuetan han ibili nintzen. 1970ean, Santo Tomas lizeotik deitu zidaten berriro, eta 1979ra arte aritu nintzen han lanean. Urte horretan, Elizbarrutiaren Irakasle Eskolatik deitu zidaten, eta ni ordurako doktoretzako tesia egitekotan nenbilen.

Zeri buruz egin zenuen tesia?

Garai hartan kezkatzen ninduen gauza bat zegoen: geroz eta ikasle gehiago zetozkigun ikastetxeetara euskararik ez zekiten familietatik. Erronka hari erantzuteko beharra sentitu nuen. Tesia egiten hasi nintzenean, konturatu nintzen gure memorian zulo beltz handi bat zegoela, eta Francoren garaian dena isiltasuna zela. Gure aurrekoen historia arakatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen ez genekiela zer gertatu zen XIX. mendeaz geroztik. Gai horretan murgildu nintzen, eta honako hau izan zen eta tesiaren izena: Irakaskuntza elebiduna: ikastolak Espainiako Euskal Herrian. Frantsesez egin nuen lana. 

Zer alde dago garai hartako eta oraingo Euskal Herriaren artean?

Orain nazionalitate askotako jendea bizi gara Euskal Herrian. Garai hartako etorkinak gazteleradun etorkinak ziren; hau da, Espainiako Estatuko beste leku batzuetatik etorritakoak. Orain erabat aldatu da egoera, eta errealitate honi ezin diogu muzin egin: erantzun bat eman behar diogu.

«Boluntariotzan, ematen duzun modu berean, jaso egiten duzu, eta gizartearen alde egiteak asebete egiten nau»

Nola ikusten duzu gaur egun euskara?

Egia esan, zinez kezkatuta nago ikastetxeetan euskaraz hezi diren ikasleen euskararen erabilerarekin. Euskara hizkuntza akademiko huts geratuko ote zaigun kezka daukat. Asko sumatzen ari naiz gaztelerak sekulako inertzia eta indarra daukala familia, lagun talde eta lankideen artean, nahiz eta euskaldun peto-petoak izan. Ikastetxeetan, esaterako, jolasgaraian entzuten den euskara kopuruan erreparatzea besterik ez dago.

Zertan zabiltza gaur egun?

Orain boluntario nabil; Matia fundazioko presidentea naiz, besteak beste. Boluntariotzan, ematen duzun modu berean, jaso egiten duzu, eta gizartearen alde egiteak asebete egiten nau.

MOTZEAN

Plazer txiki bat? Lorezaintza.

Azkena irakurri duzun liburua? La gloire de mon pére. Oso barregarria da.

Errepikatuko zenukeen momentu bat? Seme-alabak izan nituen momentua. Biloben jaiotza ere bai. Oso barrutik bizi izan ditut. 

Alaitzen zaituen zerbait? Musika entzutea. Oso musikazalea naiz, eta buruarekin baino gehiago bihotzarekin entzuten dut.