Obabazaleei harrera egiteko

Obabazaleei harrera egiteko

Asteasuko Udalak 2015ean sortu zuen Muskerraren Bidea, Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin lankidetzan. Ibilbideak Bernardo Atxaga idazle asteasuarraren Obabakoak liburu ezaguneko alegiazko lurralde literarioa du abiapuntu, eta helburua da idazleak inspirazio iturri izan zituen parajeak bertatik bertara ezagutzea. Bi kilometroko ibilbidea da Muskerraren Bidea, eta, hain zuzen ere, ibilaldi hori egiteko harreragunea inauguratu zuten maiatzaren 23an, Asteasuko udaletxe azpian. Zazpi interpretazio panelez osatu dute gunea, eta tokiko informazioa bildu dute, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin.

Pili Legarra Asteasuko alkateak inaugurazio ekitaldian azaldu zuen harreragunea irekitzearekin batera Bernardo Atxagari «merezi duen omenaldia» egin nahi izan diotela. «Atxagaren liburuez gain, hark idatzi dituen eta beste batzuek abesten dituzten kantuak jaso ditugu hemen. Eta, noski, haren ahotsa aditu ahal izango da Muskerraren Bidearen geldiuneetan». Hortaz, alkateak esan zuen harreragunea Muskerraren Bidearen «osagarri» bat dela: «Toki hau sortzeko egin den lana ondare garrantzitsua izango da, eta etorkizuneko idazleak sortzeko balio izatea ere nahiko genuke».

Turismo jasangarria

Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzen-eko lehendakaria ere izan zen aretoaren inaugurazioan, eta turismo jasangarriaren alde mintzatu zen. «Mundu globalizatu honetan, batzuetan ematen du gauza bera dela hiri batera edo beste batera joatea, ez bada monumentu bereizgarri batzuengatik. Harreragune hau euskal kultura nabarmentzen duen Muskerraren Bidea aberasteko lekua da, gure mundua ezagutarazteko aukera paregabea».

(ID_17483530342285) (/EZEZAGUNA)
Asteasuko Muskerraren Bidearen harreragunea, maiatzaren 23ko irudi batean. IMANOL GARCIA LANDA

Atxagak Asteasuko zenbait leku deskribatu zituen Obabakoak liburuan (1988); eliza eta eskola, adibidez. Idazleak liburuan dio leku horiek aldatu egiten dutela bertan sartzen den oro. Atxaga ere izan zen harreragunearen inaugurazioan, eta galdetu zioten ea jendea aldatuko duen leku bat izango ote den. «Hala izan beharko luke, eta, denborak laguntzen baldin badigu, hala izango da», erantzun zuen. «Zalantzarik gabe, horrelako leku bat izango da, beste mundu batean sartzen garenean beste esanahi batzuk eta beste albiste batzuk eskaintzen dizkizun leku batean sartzen zarelako».

Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordeak adierazi zuen Atxagak esaten duela landa eremuei beste ahots bat ematen saiatu dela, eta aipatu zuen «garrantzitsua» dela hori. «Gaur egun jendea hona etortzen da ez inoren kopia garelako, baizik eta hemen duguna benetakoa delako, eta hori jende askok egindako lanari esker da».