Aretxabaletako Udalak datorren asteazkenean tupper sex ikastaroa antolatu du, Jabetze Eskolen egitarauaren barnean. Idoia Sanchezek (Aretxabaleta, 1994) gidatuko du saioa; erizaina, sexologoa, terapeuta menstruala eta metodo sintotermikoko monitorea da. Ez-mistoa izango da, eta jendeari produktu erotikoak aurkeztea izango da helburua. Sanchezek Xarma bilerak proiektua sortu zuen orain urte batzuk, herriz herri jostailu erotikoak ezagutarazteko.
Zergatik sortu zenuen Xarma bilerak proiektua?
Interesa eta kuxkuxeatzeko gogoa nuen, eta hortik dator ideia. Jostailu erotikoak neure kabuz deskubritu nituen, eta mundu plural eta ezezaguna dela ohartu nintzen. Denok uste dugu zeharo aurrerakoiak garela, baina jostailuak aipatzean maiz zera entzun ohi da: «Nik ez dut horrelakorik behar». Ez gara beharraz ari, nahiaz baizik. Jostailuak osagarriak dira, nahi duzunean erabiltzeko eta nahi ez duzunean ez erabiltzeko. Mundu oso bitxia eta berezia dela iruditu zitzaidan, eta are gehiago aberastu behar zela pentsatu nuen.
Sexu heziketak garrantzia izango du gisa horretako proiektu bat abiatzeko…
Asko hitz egiten da sexu heziketaz, eta iruditzen zait sarri nahasi egiten dela larrutan egiten ikasi nahi izatearekin; ez dira gauza bera. Sexu heziketa zera da: aukera edukitzea nork bere sexualitateari buruz lasai berba egiteko, sexualitatea lasai deskubritzeko, nork bere buruarekin, parekoarekin edo parekoekin; komunikatzeko baliabideak izatea norberaren nahiak albokoari esateko; autoestimua eta norberaren gorputz irudia zaintzea; jakitea preserbatiboa erabiltzeak ez lukeela aukerakoa izan behar; hilekoari buruzko formakuntza izatea… Sexu heziketa ez da larrutan egiten ikastea, eta nahasi egiten dira. Eskoletan erakutsi beharko litzateke sexu heziketa, baina denon ardura ere bada. Horregatik, nire aletxoa jarri nahi dut.
«Eskoletan erakutsi beharko litzateke sexu heziketa, baina denon ardura ere bada. Nire aletxoa jarri nahi dut»
Ikastaroak eta formakuntzak ematen dituzu.
Erizaintza ikasita emagin izan nahi nuen, baina ez zitzaidan ondo atera. Sexologia masterra egin nuen azkenean, eta tupper sex tailerrak emateko formakuntza ere jaso nuen. Dena den, nik nahiago dut ikastaro deitu baino tailer deitu, hezkuntza ez-formalean kokatzen baititut nire saioak. Tupper sex saioak ematen hasi nintzen, baina ez nintzen behin ere halako batean egon. Lagunartean aspaldidanik genuen asmoa, eta azkenean nik eman nuen lagunarteko lehenengo tupper sex saioa.
Aretxabaletan duzu hurrengo saioa.
Martxoan ziklo menstrualari buruzko ikastaroa egin genuen Jabetze Eskoletan. Saio hartan, obulazioa ziklo menstrualaren erdigunean kokatzen dela azpimarratu nahi izan nuen, baita mina eta ondoezaren arteko desberdintasunari buruz hitz egin ere. Ekainean beste saio bat egiteko proposatu zidan Aretxabaletako Udalak; gainera, ekainak badu sexualitatearekin lotura, ekainaren 28a LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da eta.
Zer da tupper sex ikastaro bat?
Jendeak ikastea da saioetako helburua; gero, mahai gainean jarritako jostailu bat gustatuz gero, erosteko aukera dago, baina hori ez da helburu nagusia. Produktu erotikoak jendeari hurbiltzea da asmoa, inguru seguru eta erlaxatu batean. Azken finean, sexualitatearekin lotutako produktuak sex shop delakoetan eros daitezke, baina baliteke denda horiek oso arrotzak suertatzea. Gainera, kanpoaldetik ez da barnealdea ikusten, eta zalantzak argitzeko aukera gutxi ematen dizkizute. Azken urteotan, Internet bidezko erosketek gorakada handia izan dute, baina erosi baino lehen ez duzu aukerarik produktua ikusteko, zer pisu duen jakiteko, zer testura, zer usain edo zer zarata. Zure sexualitatean txertatuko duzun produktu bat erosten ari zara, baina ez duzu aurrez ukitzeko aukerarik ere izan.
Ez-mistoa izango da Aretxabaletako saioa.
Elkar ezagutzen duten pertsonak elkartzea izaten da aberasgarriena, eta, herrian izanik ere, baliteke albokoarekin ez izatea harreman handirik; horregatik, agian lotsa eta ziurtasunik eza sentituko dituzu. Ez-mistoa izatea erabaki genuen hori iruditu zitzaigulako formularik egokiena talde bat osatzeko eta jendea eroso egoteko, baina ez da erabaki zurruna. Nik askotariko taldeak gidatu izan ditut, eta bihotzez esango dizut: oroitzapen politena talde ez-misto baten saiokoa da, konfiantza handia baitzuten euren artean.
«Gustukoen dudan publikoa euren alabentzat jostailuak erostera etortzen diren amak dira»
Lasai hitz egiten al da sexualitateaz?
Lasai egiten da berba besteen sexualitateari buruz; norberarena, nik uste, norberarentzat gordetzen dugula. Bere garaian Satisfyer jostailuak sekulako booma izan zuen, eta horri esker emakumeen orgasmoari buruz hitz egiten zen kalean. Gainera, aditzera eman zen emakumeak orgasmora iristeko ez duela behar zakil itxurako tramankulurik. Pentsa: oraindik badago jostailu erotikoei kontsolatzaile deitzen dionik. Emakumeen orgasmoa kaleratu zen Satisfyer jostailuari esker, eta uste dut beste elkarrizketa batzuk sortu direla geroztik.
Aurreiritziekin topatzen al zara?
Jostailua zenbat eta handiagoa izan eta zenbat eta garestiagoa hobea izango dela uste du jendeak. Guztiz desados nago. Gainera, ezezagutza handia dago lubrifikatzaileei buruz: zer motatakoak dauden, zer efektu sor ditzaketen, zer den egokia lubrifikatzaile moduan erabiltzeko eta zer ez… Egia esan, telebistak ez du laguntzen, eta ez digute erakutsi zer lubrifikatzaile erabili beharko litzatekeen bakoitzaren beharren arabera.
Adinak baldintzatzen al du ikastaroetako publikoa?
Denetarik dago. Niregana jo baino lehen, azaldu egiten diet nola egiten dudan lan. Hortaz, elkartzen garenean, badakite zer topatuko duten; inor ez da asaldatzen. Gustukoen dudan publikoa euren alabentzat jostailuak erostera etortzen diren amak dira. Halere, gazteen lokaletan, tabernetan, etxeetan eta elkarteetan egon izan naiz.