Bertsolaritzak izen handiak eman ditu Euskal Herrian, eta, azkeneko hamarkadetan, horretan zerikusi handia izan dute bertso eskolek. Bertsogintzaren transmisioa bermatzeko tresna nagusietakoak dira. Legazpikoak 25 urte beteko ditu aurten: Bertso Olariak-ek.
Hango kide Asier Iriondok esan du «ofizialki» 2000. urtean sortu zutela. Herrian orduan bazen bertso grina, bazen «parranda giroan» bertsotan egiten zuen gazterik, eta, elkarrengana batuta, talde bat egitea erabaki zuten, izaera juridikoduna. Hala sortu zuten Bertso Olariak. «Taldearen izena Aitor Irastortzak proposatu zuen. Asmoa zen bertso eskolak lotura izatea Legazpiko ola gizonekin, Mirandaolarekin…», dio Iriondok. «Gero taldearentzako moduko logo bat egin zuen Iñigo Aranburuk, eta hala hasi ginen».

«Taldearen izena Aitor Irastortzak proposatu zuen. Asmoa zen bertso eskolak lotura izatea Legazpiko ola gizonekin, Mirandaolarekin…»
ASIER IRIONDO Legazpiko Bertso Olariak taldeko kidea
Helduentzako eskolak ematen hasi ziren aurrena, eta hamabost bat lagun elkartzen ziren bertsotan egiteko. Ordurako, herriko Haztegi ikastola hasia zen haurrentzako bertso eskolak ematen, eskolaz kanpoko ekintza gisa. Bertso Olariak sortu zutenean, bateratu egin zituzten Haztegiko eta bertso eskolako eskaintzak. «Bertso eskolak helduei ematen zizkien klaseak, eta gero hartu zuen umeekin ere lan egiteko ardura».
Harrezkeroztik, heldu zein haur, herritar ugari aritu dira Bertso Olariak-en bueltan lanean. Iriondok esan du sorrera garaian «asko» egiten zutela bertsotan, eta iruditzen zaio azken urteotan helduek ez dutela lehen bezainbeste egiten. «Helduak ekitaldien antolakuntzan aritzen dira gehienbat». Umeei dagokienez, urtero eman dute izena hainbatek. Pandemiaren ondoren zailtasunak izan zituzten haurren taldea eratzeko garaian, baina lortu zuten eustea: «Handiagoa edo txikiagoa, urtero lortu dugu umeen taldea ateratzea. Pandemia garaian, bertso eskola bertan behera geratu zen, eta urte batzuetan kostatu egin zaigu umeen taldea eratzea. Dena dela, azkeneko bizpahiru urteotan lortu dugu».
Bat-batekotasunari begira
Ane Beloki legazpiarra irakasle dabil Bertso Olariak-en. Plaza ugaritan parte hartu du, bai eta txapelketetan ere. Belokik esan du etxetik datorkiola bertsozaletasuna, aitona bertsotan aritu baitzen garai batean, eta zalea du aita. 10 edo 11 urte inguru zituela hasi zen Bertso Olariak taldean, ikasle moduan. Handik zazpi bat urtera sartu zen irakasle, Beasaingoan. Legazpin hasi zen gero, baita Tolosaldeko Harituz bertso eskolan ere. Egun, Bertso Olariak taldeko irakaslea da.
«Lehen, bertsotan hasten ari zirenei neurria eta metrika erakusten zizkieten, eta, orain, zuzenean bat-batekotasuna lantzea bultzatu nahi dugu»
ANE BELOKI Legazpiko Bertso Olariak taldeko kidea
Belokik, bertso munduan murgiltzen hasi zenetik hona, eskoletan «aldaketa ugari» nabaritu ditu; bat-batekotasunari dagozkionak, batez ere. «Lehen, hasten ari zirenei neurria eta metrika erakusten zizkieten, eta, orain, zuzenean bat-batekotasuna lantzea bultzatu nahi dugu». Iruditzen zaio teknika horrek balio duela, eta ikasleak gustura aritzen direla. «Ikasleek gehiago gozatzen dute bertsoak bat-batean sortuz, paper batean bertsoak idazten jarduten baino». Bertso Olariak taldeko irakasleak esan du metodologia aldatu egin dela, eta material berria sortu dela. «Asko aldatu dira eskolak, eta uste dut onerako izan dela aldaketa». Gaur egun, hamarna lagun dabiltza Bertso Olariak-en antolakuntzan eta ikasle taldean.
«Ate batzuk zabaltzen»
Belokiren ustez, bertso eskolak dira bertsogintzaren oinarria. Esan du bertsogintza sustatzeko ezinbestekoak direla eskolak, baita jardun horretan gozatu nahi dutenentzat ere. «Bertsotan egiten ikasi nahi duten gazteak trebatzeko espazioak dira, ondarearen transmisioa bermatuko dutenak eta aurrera begirako ate batzuk zabaltzen dituztenak». Nabarmendu du taldeko jardun bat dela bertsolaritza, «bakarrik ezin delako eta «asko» duelako hartu-emanetik. «Ezinbestekoa da talde bat izatea. Bertsogintza sustatzeko eta zale direnei espazio bat emateko oso egokiak dira eskolak. Halako guneetan bertso giroa eta zaletasuna sortzen dira. Beraz, bide bat egin nahi duenak hor izango du aukera».
Dena den, Belokik esan du Legazpin lehen baino jende gutxiagok egiten duela bertsotan. Nerea Elustondo plazetan eta txapelketetan aritzen da, baita Beloki bera ere. «Bertso Olariak taldeko beste kide batzuk ere aritzen dira plaza puntual batzuetan, baina hortik harago herrian ez dago bertsotan dabilen jende asko».
Nolanahi ere, baikor begiratzen dio eskolaren etorkizunari. «Orain hamar ikasle daude bertso eskolan, ikusi beharko da datorren ikasturtean zer gertatuko den: jarraitzeko asmoa duten ala ez, talde berriren bat sortuko den ala ez… Saiatuko gara eusten, eta talde berriak sortu behar badira, sortzen».