Elikadura osasungarria digitalki hedatzea

Elikadura osasungarria digitalki hedatzea

Hamalau ikasle taldek parte hartu dute Gazteak On Elikadura Erronka lehiaketan, eta elikadura iraunkorrari buruzko askotariko bideoak aurkeztu dituzte. Gaur zortzi jakinarazi zuten irabazlea: Irungo Toki Alai institutuko 3. eta 4. mailako ikasleek egindako Ohitura osasuntsuen bila lana. Hain justu, kideek elikadura ohiturak aztertu dituzte ikasturte honetan, 2030erako Agenda egitasmoaren barnean, elikadura osasuntsuaren alde egiteko asmoz. Honako ondorio hauek atera dituzte ikerketan: gazte askok opil industrialak kontsumitu ohi dituzte gosarian eta eskolako klaseen arteko atsedenaldietan, eta gero eta gutxiagok aukeratzen dute fruta hamaiketakorako. Gisa horretako ohiturak gaitzat hartuta, Bidasoko hainbat denda eta egitasmo jasangarriri buruzko bideoak aurkeztu zituzten lehiaketan. Maia Permakultura kooperatibak, Bidasoa-Txingudi kontsumo taldeak, Labore Txingudik eta Hendaiakoopek sustatzen dute txapelketa.

«Badira bertako produktua sustatzen duten dendak eta egitasmoak, eta ikasleek, lehiaketaren bidez, halakoak bultzatzea zuten helburu; hau da, elikadura osasuntsua eta bertakoa indartzea», esan du Amaia Garcia Toki Alai ikastetxeko irakasleak. Lehiaketaren antolatzaileek erronka bat jarri zieten parte hartzaileei: euren ikastetxean aldatu nahiko luketen elikadura ohitura bat identifikatu, aztertu, eta hurrengo ikasturterako nola aldatuko luketen hausnartu.

«Jakin dugu ikasleen %8 gosaldu gabe etortzen direla eskolara, %16k ez dutela egunero gosaltzen eta gehienek opil industrialak jaten dituztela»

AMAIA GARCIA Irungo Toki Alai ikastetxeko irakaslea

Toki Alaiko ikasleek lehenago ere landu izan dute elikadura osasuntsuaren gaia. «Oraingoan, gosaria izan da gure diagnosiaren abiapuntua», adierazi du Garciak. «Hainbat gauza ikertu ditugu galdetegien bitartez. Adibidez, jakin dugu ikasleen %8 gosaldu gabe etortzen direla eskolara, %16k ez dutela egunero gosaltzen eta gehienek opil industrialak jaten dituztela». Aurretik egina zuten diagnosiari jarraipena emateko asmoz, gosariari eta hamaiketakoari buruzko bideoak aurkeztu dituzte Gazteak On lehiaketara, baita irabazi ere.

«Laguntza txikia eskaini diogu talde irabazleari», esan du Irungo institutuko irakasleak. «Ikasleek eurek egin dituzte grabazio eta edizio lanak». Hamaiketakoari dagokionez, ohitura horrek urteetan eduki duen bilakaera irudikatu dute lanean: 1975. urtetik gaur egun arte, hain zuzen ere. Toki Alaikoen proiektuaren arabera, duela 50 urte ikasleen gehiengoak fruta eramaten zuen hamaiketakorako; zuhaitzek emandako fruta, batez ere, eta orain plastikoetan bildutako jatekoak kontsumitzen dituzte, gehienbat. «Osasungarriak ez izateaz gain, bilgarriak ez dio onik egiten ingurumenari».

Jasangarritasuna ikastetxeetan

2030erako Agendak etorkizun hobea eta jasangarria lortzea du helburu, baita asmo horiek gizartean hedatzea ere. «Gazteak On lehiaketa eta halako proiektuak oso lagungarriak dira jasangarritasunarekin lotutako gaiak gazteengana hurbiltzeko», esan du Toki Alaiko irakasle Garciak. «Eurek sortutako bideoak aurkezten dituzte, eta horrek motibazioan eta inplikazioan eragiten du». Hark beharrezkotzat jo du 2030erako Agenda egitasmoa, uste baitu «gazteengana iristeko tresna bat» dela.

«Gazteak On lehiaketa eta halako proiektuak oso lagungarriak dira jasangarritasunarekin lotutako gaiak gazteengana hurbiltzeko»

AMAIA GARCIA Irungo Toki Alai ikastetxeko irakaslea

Nolanahi ere, Garciari iruditzen zaio gazteek 2030eko Agendaren inguruan duten interesa gaiaren eta ekintzen araberakoa izaten dela. «Elikadura osasuntsuak lantzeko aukera asko izan ditugu, eta leku askotatik heldu ahal izan diogu gaiari. Esate baterako, kamerarekin jolastokira atera ginen egun batean, eta hori entretenigarria da ikasleentzat».

Hiru sari banatu dituzte Gazteak On lehiaketan. Epaimahaiaren saria da Toki Alai institutuko 3. eta 4. mailakoek jaso dutena, eta 600 euroko saria ere eman diete. Sari horretaz gainera, beste bat ere banatu dute, bozketa bidez. Hain justu, institutu bereko 1. eta 2. mailako ikasleek egindako Gure gosaria lanak irabazi du sari hori, baita 400 euro ere. «Dirua elikadura osasungarrian inbertitu behar dugu; hori da baldintza bakarra. Ikastetxean dugun baratzea hobetzeko erabil dezakegu, baina ikusiko dugu zer egin», esan du Garciak. Irungo El Pilar ikastetxeak, berriz, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du lehiaketan, Gure baserria proiektuari esker. Irungo Ficoba erakustazokan egin zuten sari banaketa.