Aranzadi zientzia elkartea hirugarren urtez ariko da indusketa lanetan Amasako Aranerrekako harpean eta Garmendi kobazuloan. Abuztuan ekingo diote lanari, oraindik data zehatzik ez badakite ere. «Orain dela bi urte hasi ginen kobazuloen bila, eta, Amasako ingurua kareharri inguru nahiko garrantzitsua denez, han hasi ginen miaketak egiten», esan du Jon Aldaia Aranzadiko arkeologo eta EHUko doktoregaiak. Katalogo zaharrak begiratzen hasi ziren, baita inguruko baserritarrei galdezka ere, eta, azkenean, Aranerrekako harpea eta Garmendi kobazuloa aztertzea erabaki zuten.
Aranerrekako harpean topatu dute aztarna esanguratsuena: Burdin Aroko zeramika ontzi baten zati ugari. «Ontzi baten erdia berregin ahal izan dugu», esan du Aldaiak. «Nahiko aurkikuntza polita da; izan ere, ontzi handia da, zati guztiak ontzi berarenak dira, eta lortu dugu berregitea. Badakigu ontzia toki horretan hautsi zela eta hantxe utzi zutela». Aranzadiko kideak gaineratu du «oso ondo kontserbatuta» dagoela, hala barnetik nola kanpotik, eta dekorazioak dituela lepoaren inguruan. «Nahiko ondo ikusten da zer teknika erabili zuten ontzia egiteko. Eskuz eginda dago, garai horretan ez baitzegoen tornuaren teknologiarik».

Harpeak bi maila arkeologiko dituela jakinarazi du Aldaiak: bat, Burdin Arokoa, Kristo aurreko bosgarren mendekoa, eta bestea, Goi Erdi Arokoa, Kristo ondorengo seigarren mendekoa. «Nahiko lan daukagu bi maila arkeologikoak aztertzen». Abuztuan abiatuko duten kanpainan, beste eremu txiki bat irekiko dute harpearen barnealdera, ikertu dituzten bi maila arkeologikoak sakonago aztertzeko. «Ematen du habitat nagusia harpearen barrura doala, eta horregatik zabaldu nahi ditugu beste bi koadro, ikusteko nola hedatzen zen etxebizitzaren egitura». Gainera, saiatuko dira aztertzen harpeak nolabaiteko itxituraren bat ote zuen. «Denborarik badugu, sakonean jarraitzeko asmoa dugu, ikusteko maila arkeologiko zaharragorik ba ote dagoen harpe honetan. Espero dugu beste pare bat urte aritzea han lanean, interes handiko aztarnategia baita», esan du arkeologoak.
Harpea bizitoki
Aranzadiko kideek, Aranerrekako harpean egindako aurkikuntzei esker, frogatu dute harpeetan jendea bizi zela orain 2.500 urte inguru ere. Aldaiak esplikatu du Gipuzkoan eta Bizkaian orain arte ez dutela gisa horretako «habitat» motarik aurkitu. «Ziur aski, hau izango da lehenengo aztarnategia». Zer-nolako etxebizitza mota zen jakin nahi dute orain: borda txiki bat ote zen edota ganadua gordetzeko korta moduko bat; han jendea bizi bazen, urteko zer garaitan bizi zen… «Galdera horiei guztiei erantzun nahi diegu aurtengo kanpainarekin».
Goi Erdi Aroko maila arkeologikoan, sutondo handi baten aztarna aurkitu dute. «Ez dakigu zer motatakoa den. Oso erreta dago sedimentua, eta ikusten da tenperatura altuak jasan zituela. Ematen du luzaroan erabili zen sutondo handi bat izan zela», esan du arkeologoak. «Baina harpeak 50 zentimetro baino pixka bat gehiago ditu, eta leku deserosoa da han inor bizitzeko. Ez dirudi oso logikoa leku hori bizileku bezala erabiltzea, suak ke ugari sortuko baitzuen». Sutondoaren ondoan zeramika zati batzuk eta hezurrezko tresna batzuk ere topatu dituzte. «Horrek erakusten digu han etxeko lanak egin zirela». Aurten, Aranzadiko kideei ikerlari batek lagunduko die zer-nolako su mota izan zen jakiten, analitika batzuen bitartez. Aldaiak adierazi du saiatuko direla aztertzen sutondo hori zer tenperaturatara iritsi zen, baita momentu jakin batean edo luzaroan erabili zen ere.
Beherago aztertu nahi dute
Garmendiko kobazuloari dagokionez, aurtengo kanpainan zundaketa bat egin nahi dute, orain arte aritu diren eremutik beherago. «Lehenengo urtean, harrizko egitura bat topatu genuen; bigarrengoan, baieztatu genuen egitura hori arkeologikoa zela, baina ez dizkigu arrasto asko eman jakiteko zer den. Kronologia aldetik dauzkagun azkeneko datuek ez digute inolako ziurtasunik ematen, eta aztarna gutxi daude», esan du Aldaiak.
«Aranerreko harpean beste bi koadro zabaldu nahi ditugu, ikusteko nola hedatzen zen etxebizitzaren egitura»
JON ALDAIA Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoa
Hortaz, beherago jaitsi nahi dute, aztarna gehiago ba ote dagoen ikertzeko. Horren arabera erabakiko dute aurrera begira merezi duen eremu horretan lan gehiago egitea ala ez. Orain arte, metro eta erdi bat jaitsi dira kobazulo horretan, baina Aldaiak dio sedimentuz beteta dagoela. «Kobazuloaren sarrera askoz ere handiagoa izango zen garai batean, eta horrek pentsarazten digu kobazulo hori habitat moduan erabili ahal izan zutela lehenago».
Eremu berean beste aztarnategi bat ere aztertu nahi dute udan. Izan ere, inguruko baserritar batek beste kobazulo txiki bat erakutsi zien iaz, Alustiza baserritik gertu. Kata arkeologiko txiki bat egingo dute han, ikusteko ba ote den aztarnategirik. «Arkeologia polita da gauzak aurkitzen direnean», esan du Aldaiak. «Behin aurkituta, espero dugu emaitza gehiago lortzea eta gure galderei erantzunak bilatzea. Askotan, nahiz eta gehiago induskatu, erantzun baino galdera gehiago sortzen zaizkizu».