Martxan dira Zarauzko trafikoa arinduko duen saihesbidearen lanak

Martxan dira Zarauzko trafikoa arinduko duen saihesbidearen lanak

Hasi dituzte Zarauzko saihesbidea eraikitzeko lanak. Azpiegitura berriaren helburua da herriko zirkulazioa hobetzea, herrigunea zeharkatzen duen N-634 errepideko trafikoa arintzeko eta trafiko astuna zuzenean Abendaño eta Errotaberri industrialdeetara bideratzeko. Lanek hamar milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dute, eta Altuna y Uria eta Amenabar eraikuntza enpresek egingo dute. Aurreikuspenen arabera, saihesbidea 2027. urte hasierarako erabilgarri egongo da, erakunde publikoek jakinarazi dutenez.

Errepide berria 1.560 metro luze izango da, Astiko biribilgunetik hasi —AP-8 irteera— eta Frantsesbidea kaleraino, eta noranzko bakoitzean errei bat izango du. Adar berriari lekua egiteko, Astiko egungo biribilgunea egokitu egingo dute, eta «elipse forma» emango diote. Izan ere, adar berria Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkotan, eta autobidea zeharkatuko du, azpiko kaxoitik Sarobeaundiraino. Han biribilgune bat eraikiko dute, eta Buztinzuriko biribilgunera iristeko hiru adar izango ditu: AP-8 autobidearen irteera, Asti biribilgunearekin lotzeko bidea eta industrialdera joateko bidea. Azken horrek Zarauzko hirigunearekin lotura izango du, egungo autobide azpiko pasabidetik. 

Saihesbidea T formako bidegurutze batean amaituko da, Frantsesbidearen parean, eta han bigarren konexio bat izango du hirigunearekin, bai eta Errotaberri eta Abendaño industrialdeekin ere. Zarauzko trafiko banaketa hobetzea lortu nahi dute hala; batez ere, jatorria edo helmuga industrialdeetan duten ibilgailu astunentzat.

«Saihesbide berriari esker, ibilgailuen fluxua udalerriaren bizitzarekin eta ongizatearekin orekatu ahal izango da»

EIDER MENDOZA Gipuzkoako ahaldun nagusia

Ekainaren 4an, lanen gaineko xehetasunak emateko agerraldia egin zuten Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Frantsesbide inguruan. Han hasi dituzte azpiegitura berria eraikitzeko lanak. 

«Eragin positiboa»

Mendozari iruditzen zaio Urola Kosta eskualde osoak eta, bereziki, Zarautzek «beharrezko» dutela saihesbidea, eta «pozgarria» dela lanak abian jarri izana. Izan ere, ahaldun nagusiak uste du herritarren «segurtasunaren, erosotasunaren eta ongizatearen mesederako» izango dela. «Gaur egun, N-634 errepideak udalerriaren erdigunea zeharkatzen du, horrek dakarren trafiko karga guztiarekin. Saihesbide berriari esker, ibilgailuen fluxua udalerriaren bizitzarekin eta ongizatearekin orekatu ahal izango da, eta industrialdeetarako sarbideak ere berrantolatuko ditu».

(ID_15067558) (/EZEZAGUNA) img_7743
Zarauzko saihesbidea eraikitzeko lanak, asteon. ARITZ MUTIOZABAL

Zarauztarren mesederako izateaz harago, Mendozak uste du Urola Kostako trafikoan ere «eragin positiboa» izango duela, bai eta «lurralde orekarako» eta «eskualdeko gidari guztien mesederako» obra garrantzitsua ere izango dela. «Eskualdeko ekonomiaren eta industriaren lehiakortasunari ere ekarpena egingo dio», gaineratu zuen. «Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen biribilgunea osatu ostean, aldundiaren lehentasuna izango da lurraldeko mugikortasunean giltzarri diren guneen segurtasuna eta trafiko fluxuak hobetzeko lanak egitea».

«Aurrerapauso garrantzitsua izango da Zarautzentzat, bai mugikortasun aldetik, bai herriko industriaren lehiakortasuna hobetzeko»

XABIER TXURRUKA Zarauzko alkatea

Txurruka alkatea esker onez mintzatu zen agerraldian, uste baitu zarauztarrentzat «oso proiektu garrantzitsua» dela saihesbidea. «Urteetan egindako lanak fruitua eman du. Saihesbidea eraikitzea aurrerapauso garrantzitsua izango da herriarentzat, bai mugikortasun aldetik, bai herriko industriaren lehiakortasuna hobetzeko».

Atzera begirakoa

Agintaldiz agintaldi atzeratuz joan den proiektua izan da. Urteak aurrera joan ahala, aurrerapauso batzuk izan dira, Errotaberriko urbanizazio lanek eragindakoak. Kasu baterako, Frantsesbidea eta industrialdea lotzen dituen errepidea ireki zuten 2021ean, 2018az geroztik itxita egon ondotik. Harrezkero, trafiko astuna Araba kaletik doanean, Frantsesbidea hartzen du trafikoak. Ez du herrigune guztia zeharkatzen, baina oraindik herri barnetik du bidea.

Zarauzko Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022ko otsailean iragarri zuten estreinakoz saihesbidearen proiektua, eta aurreikusi azpiegitura joan den urterako bukatuta egongo zela. Iaz, udalak ikusgai jarri zuen proiektua, xehetasun guztiekin, eta aldundiak urte amaieran lehiaketara atera zituen saihesbidea egiteko lanak. Orain, exekuzio lanak adjudikatuta eta obrak hasita, hasi da atzerako kontaketa.