«Iltzatuta dugu herritarrei emandako hitza»

Gipuzkoan hogei alkatetza pasatxo dauzkate talde independenteek, eta haietako bat Alegiakoa da. Duela bi urte izendatu zuten hango alkate Regina Sorarrain (Alkiza, 1969). 2019an sortu zen Aurrera Alegia talde independentea, eta, orduko hauteskundeetan, Sorarrain zerrendaburu zela, lau zinegotzi atera zituzten. Dena den, ez ziren ezerezetik sortu, Sorarrainek dioenez, taldekideak «herria bizi duten herritarrak» baitira. Gainera, alkateak esan du politika baino nahiago duela herrigintza.
Orain bi urte Aurrera Alegiak aurkeztutako programak herritarren hitza jaso nahi izan zuen, eta, egun, alkateak esan duenez, osatuta dago programaren zati handi bat. Osasun zentroa da adibideetako bat, Sorarrainek azaldu baitu eraberritze integrala eraikitzeko obra jada lizitatuta dagoela, eta, gainera, udala ez dela obrarekin zorpetu. Osasun zentroaz gain, eremu berean kokatzen dira bertako tabernaren eta igogailuaren eraberritzeak.
Kirolgunea eraberrituta dute jada. «Herri honentzat oso garrantzitsua da kirola. Horregatik, gimnasioa egin dugu, frontoiko zorua eta aldagelak eraberritu ditugu, eta futbol zelaiko harmaila eraiki dugu», adierazi du alkateak.
«Zubia eraberrituko genuela hitzeman genuen, eta hala egin dugu: lizitatuta dago proiektua»
Franconi eremuarekin eginbeharrekoak zeresana sortu izan du Alegian; bertan daude eskola zaharrak, baina eremua ez da erabilgarri egon azken ia ehun urteetan. Orain, Ura agentziak bertaratzeko zubia eraberrituko du, eta horrek uholde arriskua murriztuko du. «Zubia eraberrituko genuela hitzeman genuen, eta hala egin dugu: lizitatuta dago proiektua. Herritarrekin erabakiko dugu etorkizunean eremua nola biziberritu».
Haur, nerabe eta helduentzako aisialdiari ere erreparatu dio udalak: gaztelekua ireki dute, eta adinekoentzako planak egin dituzte. Hauteskundeetan aurkeztutako programako sei planetatik, lau garatu dituzte. Bi falta zaizkie, eta beste bi proiektu ere badituzte, aurreikusi gabekoak: adinekoentzako zaintza zerbitzua eta mugikortasuna hobetzeko plana.
Parkeen eraldaketa egiteke dute, eta alkateak dio oraindik ere asko dagoela egiteko: «Asko egin da programatik kanpo, baina asko dago egiteko. Iltzatuta daukagu herritarrei emandako hitza, eta haien bizimodua hobetzeko ardura dugu. Horretarako, zerbitzu publikoak egoki kudeatu behar dira».
«Merkatuak espazio goxoa izan behar du»

EAJk 11 alkatetza ditu Gipuzkoan. Haien artean, Azkoitikoa. Ana Azkoitia (Azkoitia, 1970) da alkatea, eta aurreneko agintaldia du, baina ondotxo ezagutzen du udala: 2015ean sartu zen zinegotzi, EAJrekin, eta bi agintaldi alkateorde gisa egin zituen. Azkoitiak esan du 2023an programa zabal bat osatu zutela, eta hiru eremu bereizi zituztela: herria, bailara eta udalaren barne antolaketa.
Etxebizitzari garrantzia eman nahi izan diote. Aurreko legealditik martxan daude zenbait proiektu; Txalon Erreka auzokoa, kasurako. Aurreikusia zegoen bertan etxebizitzak egitea, eta amaituta dago auzoan egiteke zegoen bidea. Hortaz, instalazioak prest daudenean, alokairu sozialerako 70 etxebizitza eraikitzea da asmoa. Laurogei etxebizitza pribatu eraikitzeko helburua ere badu Azkoitiko Udalak, baita alokairu sozialerako beste 45 etxebizitza egitekoa ere. Gainera, herria tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera osatzen ari da udala, alkateak baieztatu duenez. «Legeari dagokionez, tentsio handiko eremu izateko betetzen dugun irizpidea prezioen igoerari dagokiona da», adierazi du alkateak.
«Legeari dagokionez, tentsio handiko eremu izateko betetzen dugun irizpidea prezioen igoerari dagokiona da»
Udal gobernuak zaintza zerbitzuetan ere jarri du arreta. 2021ean udalak protokolo bat sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, zaintzari zegokionez eman beharreko pausoak zehazteko. Azkoitian horren ondorio da inauguratu berri duten eguneko zentroa; alkateak zehaztu du aurrekoak baino hamar toki gehiago dituela. Atal psikogeriatrikoa eraberritze prozesuan dago, eta aurtengo urte amaierarako espero dute bukatzea. Aurrera begira tutoretzapeko etxebizitzak eraiki nahi dituztela azaldu du Ana Azkoitiak, eta proiektua aztertzen ari direla beste eragile batzuekin batera.
Herriko merkataritza sustatzeko, kontsumitzailearen erosketak etxera eramateko zerbitzua jarri dute martxan, eta Azoka Plaza eraberritu dute. «Merkatuak espazio goxoa izan behar du herriko ekoizleentzat», azaldu du EAJko kideak.
Urte berezia izan zen iazkoa: 700 urte bete zituen Azkoitiko herriak. Urte osoan antolatutako ekintzen bidez ospatu ahal izan zuten 700. urteurrena, eta alkateak kultur programari buruzko balorazio oso positiboa egin du. Horren haritik, ziurtatu du martxan daudela beste hainbat proiektu, bai hizkuntzari, bai hirigintzari, bai ingurumenari lotutakoak. «Orain dela bi urte programa zabala osatu genuen, eta ahal izan den guztiari eutsi diogu; ez gara geldirik egon. Dena den, oraindik ere proiektu asko ditugu martxan».
«Harrera ona egin nahi diegu etorri berriei»

EH Bilduk dauzka Gipuzkoan alkatetza gehien: 51. Haien artean da Oiartzungoa. Joana Mendiburuk (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1976) orain bi urte hartu zuen Oiartzungo alkatetza, aurreneko aldiz. Ordura arte, herri mugimenduaren parte izanik ere, ez zen politika instituzionalean murgilduta egon. EH Bilduk hamahiru hautetsi ditu Oiartzungo Udalean, eta haietatik 11 berriak dira; hortaz, talde izaera indartzea izan zen haien lehen helburua, norbanakoen araberako agintaldi bat izan ez zedin.
Bizitza duinak bermatu nahiak zehaztu du Mendibururen agintaldiaren bide orria. «Ongizatea, berdintasuna, bakarrik egon nahi gabe ere bakarrik dauden pertsonen egoera aztertzea, adineko pertsonak zaintzea, kirola eta osasuna» aipatu ditu alkateak. Horretarako, egunerokoan ez ezik etorkizunean arreta jarri behar dela dio. Gainera, garrantzitsutzat jo du lurraldean ere bizitza duinen aldeko lan ildoari eustea, ahaztu gabe ezberdinak direla herri bakoitzaren beharrak eta baliabideak.
«Begirada non jartzen, horrek besterik ez du baldintzatzen proiektu bat aurrera eramateko erabakia»
Oiartzungo Udalak emakumeentzako aholkularitza juridikoa jarri du martxan. Era berean, gazte topalekua ireki zuten legealdiaren hasieran. Bertan, sexu aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete gazteei. «Begirada berdinzale batetik abiatutako proiektuak dira, eta, inbertsio handirik egin gabe, egiazko zerbitzu on eta zuzenekoa lor daiteke. Begirada non jartzen, horrek besterik ez du baldintzatzen proiektu bat aurrera eramateko erabakia». Beste alde batetik, prozesu parte hartzaileak abiatu dituzte liburutegia berritzeko eta hirigintzaren arloko eraberritzeak martxan jartzeko: «Parte-hartze prozesuak oso aberasgarriak izan dira. Denen artean hartu ditugu erabakiak, eta xehetasun ugari zehazteko ere balio izan dute», esan du alkateak.
Orain arte, herriko kulturgintzak eta ondareak ibilbide oparoa izan dute, eta Mendiburuk aitortu du jarraitutasuna eman nahi izan diotela egindakoari, betiere euskara ardatz izanik. Izan ere, Oiartzungo herria UEMAren parte den heinean, euskararentzat «arnasgunea» da, alkateak dioenez, eta erantsi du badutela erronka berri bat: kulturartekotasuna. «Harrera ona egin nahi diegu etorri berriei, eta, aldi berean, euskararen presentzia bermatu nahi dugu».
Burujabetzan sakontzea izan da aurtengo legealdiaren ardatz nagusietako bat: energiaren arloan, elikaduran eta mugikortasunean. Mendiburuk azaldu du aurreko legealdietako erabaki estrategikoek modua eman dutela Oiartzunen berezko ur edangarria egoteko, birziklatze tasa altuak lortzeko, udal haur eskola sortzeko eta beilatoki publikoa egoteko. Bide horretan jarraitzeko asmoa adierazi du alkateak.
Ingurumena zaintzea ere ezinbestekotzat jo du, eta gaiari eusteko asmoa adierazi: «Udalaren baso eremuak berreskuratzeko, zaintzeko eta handitzeko asmoa daukagu». Bestetik, herritarren arretarako zerbitzua inauguratu dute, irisgarritasuna hobetzeko asmoz.