Orain dela 25 urte sortu zen Hernaniko Kronika, 2000n, gaurko egunez. Aritz Zerain (Ereñotzu, Hernani, 1973) izan zen sortzailea, Unai Agirre eta Jexux Mari Irazurekin batera. 0. zenbakia maiatzean argitaratu zuten, eta 1.a, San Joan bezperan. Ordutik, egunero argitaratzen da Kronika. Zerain zazpi urtez ibili zen han lanean, eta kontatu du egunerokoan euskarazko prentsaren presentzia bermatzea izan dela ardatza.
Zer dela-eta sortu zenuten Kronika?
Garai hartan hasia zegoen euskarazko herri prentsaren inguruko mugimendua; idatzizko hedabideak sortzen ari ziren, baina aldizkariak ziren gehienak. Testuinguru horretan, Hernaniko Dobera euskara elkarteak herrian euskarazko idatzizko prentsa sortzeko apustua egin zuen. Lehenik, lantalde bat sortu zuten, komunikabide ezberdinetan aritutako jendearekin; Pello Zubiria taldean izan zen, adibidez. Herritarrak ere bazeuden; Xabier Etxeberria eta Beñi Agirre, kasu baterako. Eta ekonomia kontuetan, Ixiar Miner eta Aitor Miner. Hernanin idatzizko herri komunikabide bat sortzea zen helburua, baina egunkaria izatea nahi zuten.
Zer pauso eman zen orduan?
Doberak deialdi bat atera zuen proiektua garatuko zuen lantalde baten bila. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu eta hirurok aurkeztu ginen, eta hortik abiatu zen Hernaniko Kronika.
Kazetari al zineten?
Ez. Gu orduan bertso eskolan genbiltzan. Irazu eta Agirre dezente aritzen ziren plazan; neu ere zertxobait bai. Baina guri hala esan ziguten: proiektua talde batek aurrera ateratzekotan bertso eskolako talde batek aterako zuela. Hala etorri zitzaizkigun, baina gu ez ginen kazetariak. Ni Hernaniko Berria merkatari eta ostalari elkartean nenbilen lanean, eta, beraz, ezaguna nuen herria. Irazuk eta Agirrek kazetaritza lana hartu zuten, eta nik, berriz, publizitatea eta diru kontuak. Halere, azkenerako denetarik egiten zuen bakoitzak, eta formakuntza ugari egin behar izan genituen.
«Esan ziguten proiektua talde batek aurrera ateratzekotan bertso eskolako talde batek aterako zuela»
Zer planteamendu zenuten?
Herriko prentsa izanik, argi genuen joan-etorrikoa izan behar zuela eta baliagarri izan behar zuela herritarrentzat. Ekainean argitaratzen hasi baino lehen, izugarrizko lana hartu genuen herriko taldeekin hitz egiteko. Batetik, proiektua aurkezteko, eta, bestetik, buruan sartu nahi genielako haientzako tresna izango zela. Egunkari bat sortzean hartzailearen larruan jartzen saiatzen zara, baina guk albistea sortuko zuenaren larruan jarri nahi izan genuen. Zera esaten genien: «Zuek antolatutakoa argitaratu nahi dugu, eta horregatik da zuentzat ere interesgarria».
Babesa jaso al zenuten?
Kronika-k hasieratik izan zuen harrera ona. Lehenago ez zegoen halakorik, eta zalantzak izan ziren, jendeak ez baitzuen uste herriak interesa eduki zezakeenik jendeak egiten zuenaren inguruan. Baina berehalaxe ohartu ziren tresna erabilgarria zela. Gainera, erredakzioa herrian bertan dago, eta beti egoten zen irekita. Jendeak ohitura hartu zuen bertara joateko. Papertxo batean lau ohar idatzita eramaten zituzten, eta guk albistea idazten genuen.

Nola antolatzen zineten egunkaria inprimitzeko?
Egunero argitaratu nahi izatearen zailtasun handienetakoa inprentarena zen. Gainera, ekonomikoki helburua zera zen: astean, aldizkari batek A4 formatuan zuen kostuaren antzekoa izatea guk, egunero A3 formatuko orri bat argitaratuta. Herriko kopia denda batekin hitz egin, eta gauero-gauero egunkaria inprimitzeko konpromisoa hartu zuen. Baina bazegoen beste zailtasun bat: banaketa. Ordura arte, euskarazko aldizkariak postontzian uzten ziren, baina ez genuen egunero hori egiteko aukerarik. Kioskoak eta tabernak baliatu genituen jendeak egunkaria eskuratzeko; beraz, euren borondatez hartu behar izango zuten.
Funtzionatu al zuen?
Kezkatuta hasi ginen, baina proiektuak berehalaxe egin zuen aurrera. Gainera, sarea borondatezko jende askok osatu zuen: banatzaileek, inprentakoek… Pixkanaka, sistema bat sortu zen egunero argitaratzearen logistika zailtasunei aurre egiteko, bertakoek lagunduta.
«Pixkanaka, sistema bat sortu zen egunero argitaratzearen logistika zailtasunei aurre egiteko, bertakoek lagunduta»
Finantzaketa iturriak beharko zenituzten.
Esango nuke oraindik ere hori izaten dela zailena. Udalak hasieratik egin zuen aldeko apustua, eta indarrean jarraitzen du orduan sinatutako hitzarmenak. Gainera, Dobera euskara elkarteak egunkaria finantzatzeko baliatu zuen bazkidetzaren kuotaren zati bat, eta aldundiak eta Jaurlaritzak ere ematen dituzte laguntzak. Baina apustu handiena herriko merkatariek egin zuten, publizitatea jartzeak konfiantza edukitzea eskatzen baitzuen. Badaude hasieratik publizitatea jarri izan dutenak.
Zer bilakaera izan du Kronika-k?
Ardatz nagusia egunerokotasuneko presentzia bermatzea izan da. Hasiera batean, astelehenetik ostiralera argitaratzen genuen, baina, hortik gutxira, asteazkenetik igandera bitarte hasi ginen, asteburuak ere betetzeko. Gero, beste egun bat gehitu genuen, eta, azkenerako, beste bat. Geroago, asteburuetako zenbakiari orrialde gehiago gehitu zitzaizkion. Bestalde, Hernaniko herrian hasi baginen ere, egunkaria eskualdera zabaldu genuen; eskualde administratiboa Buruntzaldea da, baina naturalagotzat jotzen genuen Urumea errekak zehaztutako bailara. Urumea bailarako Kronika da geroztik.
25. urteurrena ospatzen ari zarete.
Egungo taldeak egitarau polita osatu du: mahai inguru bat egin dugu, erakusketa bat, bertso saioa… Eta gaur, 12:00etan, San Joan jaiei hasiera emateko, Kronika-ko kideek botako dute txupinazioa. Egindako lana aitortzeko modu bat izango da, eta, segur aski, gaur egingo dugu ospakizunik handiena.