Beste ezkontza bat Instagramen

Beste ezkontza bat Instagramen

Zenbat urterekin ezkonduko ginen galdetzen genuen aspaldi, sokasaltoan igarotako patio orduetan. Ahalik eta salto gehien egin nahi izaten genituen, ahalik eta urte gehien konplitu, saltoka-saltoka; ez genuen sentitzen ezkon-eskarietarako presarik. Bai, ordea, desiorik eta esperantzarik. Behin batean, utzi genion sokari bueltaka-bueltaka eragiteari, eta horrekin batera, ulertu genuen helduen mezua: ez-dakit-zenbatgarren saltoan, hasi egin behar luke batek presa pittin bat sentitzen. Gaur egun sokari eragingo bagenio, nago lagun talde hartako batek baino gehiagok egingo lukeela bere zapatilarekin propio estropezu ez-dakit-zenbatgarren saltoan.

Ezkontzari beste toki batetik begiratu genion noizbait: loriazko maitasun hunkigarri erromantiko betierekoa ez ezik, ondorio juridiko nahikotxo omen dakartza ezkontzearenak, zera on ugari ekar omen diezazkioke bati ezkontzearenak. Dena dela, han-hemendik iristen zaizkidan ezkontzen bueltako berri ia denak maitasunaren zera horretaz ari dira: jatetxe garestietako zeremoniez, hitz-hartze emotiboez, argazki-saioez, norbere gorpuzkeraren neurrira jositako trajeez, jangela erraldoietako zapi zuriez, gonbidapenaren truke ordaindu behar omen diren horrenbeste euroez, airera botatako loreez, ile-apaindegiko orduez eta norbaiten bizitzako egunik zoriontsuenaz. Uda sasoia iristen da, eta horrekin egun seinalatuak, argazkiak, elkarrizketak, urduritasunak, erosketak, despedidak, eraztunak, txutxu-mutxuak. Asteburu bat eta hurrengo asteburua gabiltza horrelaxe; larunbata esnatzen da, eta konturatzerako izaten dut hatz erakuslea mobileko pantailari itsatsita, argazki batetik besterako trantsizioari hatz puntarekin eutsiz: beste ezkontza bat Instagramen.

Utz ditzagun Instagramen sistema zisheteropatriarkalaren arauetara eraikitako loriazko maitasun hunkigarri erromantiko betierekoaren zeremoniak, eta atera gaitezen kalera

Jendeak sareetan jartzen dituen ezkontzetako argazkiei begira, gogora ekartzen ditut lagunen nobioak, bikote horiek deskribatzen dituzten ametsetako etorkizunak, goizero hasten eta gauero bukatzen diren Whatsapp-eko txatak, abuztuan sare sozialak blaitzen dituzten bost izarreko bidaia erromantikoak, bikoterik ez duen lagunak sentitzen duen hutsunea, familia egiturek indartzen duten presio soziala, monogamiaren nagusitasun morala, eta horrek guztiak bazterrean uzten dituen hautuak, horrek guztiak hori ez den guztiari eragin ohi dion desesperazioa, frustrazioa, inpotentzia.

Jolas kapitalistaz eta zisheteropatriarkalez beteta ditugu patioak, kaleak, etxeak, auzoak, herriak. Ingurura begiratzen dut, eta pentsatzen dut ez ote den ari oraindik patioa, bere parterik handienean, sokaren erritmoan saltoka, aitak, amak erantzuna noiz emango zain. Jolas egiteko kantuak aldatu behar dira; jolas egiteko moduak ere bai. Ekainaren 28a egun aproposa da modu berriak aldarrikatzeko. Utz ditzagun Instagramen sistema zisheteropatriarkalaren arauetara eraikitako loriazko maitasun hunkigarri erromantiko betierekoaren zeremoniak, eta atera gaitezen kalera. Atera ditzagun gure aldarriak: faxismoaren eta genozidioaren kontra, instituzio eta enpresen pinkwashing-aren kontra, harrotasunaren despolitizazioaren kontra, arrazakeriaren kontra, gorputz, ahots, bizitzeko modu disidenteen alde eta borroka transfeministaren alde.