Euskararen ezagutza goraka, baina motelago

Euskararen ezagutza goraka, baina motelago

Donostian euskararen ezagutza maila handituz doa, baina gero eta motelago. Ondorio hori atera du Siadeco ikerketa elkarteak Donostiako Udalak enkargatu zion lanean. Hain zuzen, hiriko euskararen etorkizuneko egoera aztertu du Siadecok. Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak ohartarazi du euskararen ezagutzan gehiago eragiteko helburuak diseinatu beharko dituztela aurrerantzean ere. Hala, Siadecoren ikerketak datozen hamar urteetako Euskararen Plan Orokorra diseinatzeko balioko dio udalari. Orain arteko planak bost urtekoak izan badira ere, oraingoan «harago» begiratu nahi du udalak, Insaustik esan duenez.

Donostian 2036ra artean hazi egingo da euskararen ezagutza maila, %52,9raino, baina hazkunde erritmoa moteldu egingo da. 1991n %27,3 ziren euskal hiztunak, eta duela lau urte, %46,7. Hain zuzen ere, 2021ean 45-64 urte bitarteko %33,7 ziren euskal hiztunak, eta 65 urtetik gorakoen artean, %25,3. Aurreikuspenen arabera, 2036an 45-64 urte bitarteko %52,9 izango dira euskaldunak, eta 65 urtetik gorako %30,2.

[articles:2143792]

Donostian iazko urte amaieran bukatu zen azken bost urteetan indarrean egon den Euskararen Plan Orokorra, hizkuntzaren normalizaziorako bide orria. Plangintza berria diseinatzeko, ordura arteko ezagutzari teknika zientifikoak gehitu nahi izan dizkio udalak. Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuaren buruak kontatu du egoeraren diagnosia egiteko hiriaren ikerketa soziolinguistiko eta demografikoa egitea erabaki zutela. Hala, Siadecori eskatu zioten ikerketa abiatzeko, eta Donostiako iragana, oraina eta etorkizuna aztertu ditu ikerketa taldeak.

Biharko euskal hiztuna

Hasteko, 1991tik 2021era hirian gertatutako joera demolinguistikoak aztertu ditu Siadecok, eta 2036ra bitarteko proiekzio demolinguistikoa egin. Zehazki, hizkuntza ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabileraren arabera lortu ditu datuak. Horrek doituko du datozen hamar urteetan indarrean egongo den Euskararen Plan Orokorra diseinatzeko oinarria. «Orain arteko usteak baieztatzeko balio izan du ikerketak, eta euskararen transmisioak duen garrantzia azpimarratzeko», esan du Otamendik.

«Orain arteko usteak baieztatzeko balio izan du ikerketak, eta euskararen transmisioak duen garrantzia azpimarratzeko»EDURNE OTAMENDI Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren burua

Insausti Euskara zinegotziak kontatu du udalak jakin nahi izan duela 2036ra arte nola aldatuko den gizartea soziolinguistikoki eta demografikoki. Euskal hiztuna nolakoa izango den jakin nahi izan dute, baita zerk baldintzatuko duen ere. Horretarako, iraganeko joera historikoak kontuan izanda, azken hamarkadetako euskararen susperraldien azterketa egin dute. Hala, bi aldagai bereizi dituzte: hezkuntza eta etxeko transmisioa. «Gaur egungo euskal hiztunak bi arrazoigatik euskaldundu dira: etxeko transmisioan euskara lehenetsi delako edo hezkuntza sisteman euskaldundu direlako», azaldu du Insaustik. Dena dela, gaur egungo testuinguruari dagokionez, zinegotziak beste aldagai esanguratsu bat aipatu du: migrazio fluxua.

Ezagutzak zeresana

Ondorio nagusi batzuk atera dituzte. Datuen arabera, euskararen ezagutzari dagokionez, orain arte progresiboa izan da hazkundea, eta, ezagutza mailak hazten jarraituko duen arren, erritmoa moteldu egingo da. Bi aldagaik baldintzatuko dute ezagutzaren hazkundea: migrazio fluxuek eta etxeko transmisiorako joerek. Izan ere, areagotu egin da gaztelera ere transmititzeko ohitura, eta, beraz, orain hamarkada batzuk euskara lehenesteko joera handiagoa bazegoen ere, datozen urteetan haurrei ele bitan egiteko joera gailenduko da.

«Azken urteotan asko erreparatu zaio euskararen erabilerari, baina datuek argi utzi dute oraindik asko dugula egiteko hizkuntza gaitasunari dagokionez»JON INSAUSTI Donostiako Udaleko Euskara zinegotzia

«Azken urteotan asko erreparatu zaio euskararen erabilerari, baina datuek argi utzi dute oraindik asko dugula egiteko hizkuntza gaitasunari dagokionez. Azken finean, hiztun elebidunak, erronka sozial edo testuinguru kolektibo batean, erosoen sentiarazten duen hizkuntza erabiliko du, eta, beraz, gaitasuna lantzen ez bada, erdarara jotzeko ohitura areagotuko da», adierazi du Euskara zinegotziak.

Helburu nagusiak

Testuinguruari erreparatuta, Donostiako Udalak lau helburu aurreikusi ditu. Lehenik eta behin, gaitasunean eragitea da asmoa. Insaustik aipatu duenez, «euskal hiztun osoak» lortu nahi dituzte. Bigarrenik, euskararen arnasgune geografikoak babestu nahi ditu udalak. Horretarako, Insausti zinegotziak dio hezkuntza sistema eta administrazioa euskararen erabilera sustatzeko eremu izango direla hemendik aurrera ere, baina leku gehiago eskuratzea dela asmoa, aisia, kultura eta kirola ere euskararen erabilera indartzeko gune izan daitezen. Hirugarrenik, etorri berriak euskarara hurbiltzea izango da helburua. Hala, aurreikusi dute euskaltegietan joera aldatu egingo dela, euskararen ezagutzarik ez duen jende gehiago matrikulatuko baita. Euskara hurbiltzeko motibazio estimulagarriak sustatzea izango da laugarren xedea. «Guri tokatzen zaigu hirian lidergoa hartzea; Euskara Zerbitzuari dagokio».

Metodo zientifikoetara jotzeko hautua goretsi du Insaustik: «Orain arte susmoak eta intuizioa erabili ohi izan ditugu, baina merezi duen garrantzia eman behar zaio euskararen normalizazioari. Zientifikoki hitz egiten hasi behar dugu, datu eta aurreikuspen zehatzak erabilita». Siadecoren ikerketa esku artean, datozen urteetako Euskararen Plan Orokorra diseinatzeko hausnarketa prozesua abiarazi du udalak, askotariko elkarte eta eragileekin. Plangintza urte amaierarako amaitzea espero dute.

Zifrak

%52,9

Zenbat euskal hiztun izango diren 2036. urtean. Donostian, 2036ra artean hazi egingo da euskararen ezagutza maila, %52,9ra, baina hazkunde erritmoa moteldu egingo da. Duela lau urte, %46,7 ziren euskal hiztunak.

%30,2

Zenbat euskal hiztun izango diren 65 urtetik gorakoak. Zahartu egingo da euskal hiztunaren profila. 65 urtetik gorakoen artean %25,3 ziren 2021ean, eta 2036an %30,2 izango direla aurreikusi dute.