Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro eskalatzaileek (Donostia, 1998) jaso dute Joxe Takolo beka, Joxe Urbieta Takolo zenaren omenez Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak ematen duten 4.000 euroko laguntza. Horri esker, Kirgizistanera joko dute udan, Djangart mendilerro ezezaguneko mendiren bat eskalatzera. Hango hainbat mendi dituzte begiz joak, eta haietan bideren bat zabaldu nahiko lukete. Txintxurreta eta Muro hilabete barru abiatuko dira, uztailaren 26an, eta esan dute «itsu samarrean» joango direla, zer aurkituko duten oso ondo ez dakitela. Justuki, horretxeri eman dio balioa epaimahaiak. Azken orduko kontuak fintzen ari dira egunotan.
Gauza gehienak itxita dauzkazue. Zer-nolakoa izango da bidaia?
IMANOL MURO: Uztailaren 26an dugu joaneko hegaldia, eta hurrengo egunean iritsiko gara Bixkekera, Kirgizistango hiriburura. Erosketak egiten pasatuko dugu eguna. Hilaren 28an, Tamgako etxalde moduko batera joango gara, kamioi sobietar batek jasoko gaitu han, ibaia zeharkatzeko. Zorte pixka batekin, 29an iritsiko gara beheko kanpalekura.
MIKEL TXINTXURRETA: Behin han gaudela, bailara batean sartuko gara, eta han jarriko dugu beheko kanpalekua. Gure asmoa da han hiru menditara igotzea, eta bost egun eskaini nahi dizkiogu mendi bakoitzari. Irteera horien ondotik, beheraino jaitsi, eta egun bat hartuko dugu atsedenerako. Igo nahi ditugun gailur guztiek dituzte 4.800-5.300 metro inguru.
Urduri al zaudete?
TXINTXURRETA: Oraindik ez. Gauzak ixten ari gara egunotan, plan guztia definitzen. Hala egongo gara eguna iritsi arte. Azken batean, ohituta gaude horrelako planak antolatzen, nahiz eta sekula ez dugun neurri horretako abenturarik egin.
MURO: Ni urduri nago, eta ez dakit lasaitzerik lortuko dudan han egon arte. Bi kontu ditugu oraindik ixteko: garraioa eta materiala alokatzea. Hilabete oso batez egongo gara han, gu bakarrik. Ikaragarrizko sentsazioa izango da, baina urduri ere jartzen nau.
Zer dela-eta eman zenuten izena Joxe Takolo bekan?
TXINTXURRETA: Horrelako abentura bat egiteko asmotan ginela jakinda, beharrezkoa genuelako laguntza ekonomikoa.
MURO: Hegaldia hartu genuen aurrena, eta nora joan gintezkeen begiratu gero. Behin bidaia aztertuta, beka eskatu genuen. Lor genezakeela pentsatu genuen, proposatzen genuen proiektuagatik.
«Ohituta gaude horrelako planak antolatzen, nahiz eta sekula ez dugun neurri honetako abenturarik egin»
MIKEL TXINTXURRETA Eskalatzailea
Oso jende gutxi izan da zuek eskalatu nahi dituzuen bideetan.
MURO: Bai. Nahiko proposamen originala da: jende gutxi ibili da han, gu izango ginateke lehendabiziko euskaldunak bide horiek egiten…
Eta zergatik erabaki zenuten hara joatea?
MURO: Egia esan, iparrorratzak eraman gintuen Kirgizistanen eskalatu nahi izatera. Bideak irekitzeko potentziala dute, eta toki interesgarria dela iruditu zitzaigun.
Beka zuentzat zela esan zizuetenean, zer?
MURO: Polita izan zen hori. Begira: ni irakaslea naiz batxilergoan, eta Aste Santua baino lehen Alemaniara eta Belgikara joan ginen ikasleekin, ikasbidaian. Autobusean nengoen Azpeititik deia jaso nuenean, Gantera bidean. Mikeli kontatu nion berehala.
TXINTXURRETA: Ni lanean nengoen, eta ilusio handia egin zidan jakiteak diruz lagunduko gaituztela proiektu hau gauzatzeko. Bekaren laguntzarik gabe ezingo genuke halako zerbait egin.
MURO: Mendiaz asko dakien talde bati interesgarria iruditu zaio gure proiektua, eta horrek poz handia ematen du.
Orain hilabete egin zenuten bidaiaren aurkezpena, Azpeitian. Han esan zenuten ez dakizuela oso ondo zerekin egingo duzuen topo. Errespetua ematen dizue horrek?
TXINTXURRETA: Bai, baina abentura gisa hartuko dugu. Informazio bila aritu gara, eta, Google Earth-i esker, topatuko dugunaren ideia bat egin dugu. Halere, behin han gaudela ikusiko dugu benetan zer dagoen eta zer den interesgarria.
MURO: Zer topatuko dugun ez jakitea aho biko ezpata da, hara iritsi arte ez baitugu jakingo zeri egin beharko diogun aurre.
Nola itzuli nahiko zenukete?
MURO: Alpinistek zera esaten dute beti: bizirik, haserretu gabe eta helburuak lortuta. Horixe nahiko genuke guk ere.
TXINTXURRETA: Haserretu gabe itzuliko garela da seguruen dakiguna, txikitatik baikara lagunak. Espero dugu bizirik itzultzea, kontatu nahi baitugu gure bidaia.
«Bizirik, haserretu gabe eta helburuak lortuta itzuli nahi dugu Kirgizistandik»
IMANOL MUROEskalatzailea
Ez da elkarrekin egingo duzuen lehen abentura, ezta?
TXINTXURRETA: Ez. Bidaia asko egin ditugu elkarrekin. Akaso, duela bi urte Perura joan gineneko hura izango da egin dugun potenteenetako bat. Pou anaiek irekitako Hanan Paccha bidean izan ginen, Urus mendian. Aurretik genuen informazio bakarra zera zen: Pou anaien argazki bat eta paretaren neurriak.
MURO: Oso baldintza gogorrak zeuden. Inoiz ez dugu hain izotz gogorrean eskalatu. Nik asko sufritu nuen; hamazazpi bat orduko irteera izan zen. Leher eginda iritsi ginen beheko kanpalekura.
Izan al duzue sustorik inoiz?
TXINTXURRETA: Bai, Perun bertan. Churup mendira joan ginen, baina ez genuen bidea aurkitu. Azkenean, saihesbide bat irekitzen hasi ginen, eta hasieran, harria zen dena. Halako batean, Imanol erori egin zen, hamar metro.
MURO: Oso eroriko txarra izan zen. 5.200 metrotan geunden, eta zintzilik geratu nintzen, bizkarra horman nuela. Badirudi indarberrituta nagoela, baina denbora behar izan dut.
Igo dituzuen gailurren artean, zein duzue maiteen?
MURO: Axitarteko Giobanni corpo-corto izeneko bidea, adibidez.
TXINTXURRETA: Boliviako Condoriri. 18 urterekin egin genuen elkarrekin.