Jazz eta blues doinuak adituko dira Ordizian

Jazz eta blues doinuak adituko dira Ordizian

Ate joka da Goierriko hamabigarren Jazzaldia. Etzi hasita eta larunbatera bitarte, jazzaren eta bluesaren doinuek Ordiziako kaleak girotuko dituzte. Askotariko estiloak joko dituzten zazpi talde izango dira, Euskal Herrikoak eta nazioartekoak. Urtzi Etxeberria antolatzailearen hitzetan, jaialdiak «izen bat» eskuratu du azken urteetan eskualdean eta kanpoan, eta entzuleen «leialtasuna» ere lortu du. «Goierrin sona handia lortu dugula uste dut, eta inguruko eskualdeetan ere bai. Jendeak badaki uztaileko lehenengo edo bigarren astean Jazzaldia izango dela gurean». Hala, Etxeberriak gaineratu du urtez urte «gero eta musika talde gehiagok» idazten dietela jaialdian parte hartu nahi dutela esanez. Euskal Herriko taldeak lehenesten badituzte ere, ikus-entzuleei «abaniko zabala» eskaintzen saiatzen dira, eta aurten Parisko talde batek eta Madrilgo bik joko dute.

Iazko aldian bezala, kontzertu didaktiko bat emanda hasiko da etzi Goierriko Jazzaldia. Izan ere, JAC Jaime Alvarellos Correcher blues musikariak Gitarra jazzaren eta bluesaren historian hitzaldia emango du, 21:00etan, Sugaar tabernan. Ostegunean izango da lehendabiziko emanaldia: Arakistain, Kaele eta Morales hirukotearena, hain zuzen ere; 22:00etan izango da, udaletxeko arkupeetan. Hurrengo egunean, hilaren 4an, Ben Lopez Quartet eta Move taldeek joko dute, Plaza Nagusian, 20:30ean eta 23:00etan, hurrenez hurren. Azken egunean, hiru kontzertu izango dira: Ordiziako Musika Eskolarena (19:00), Nuria Culla musikariarena (20:30) eta Jaco Pastorius Legacy 5tet taldearena (23:00). Emanaldi horiek ere Plaza Nagusian izango dira.

Bazkari bateko ideia

Etxeberriak kontatu du Goierriko Jazzaldiaren lehen hazia bazkari baten bueltan erein zutela. Orduan lau lagunek hartu zuten jaialdia antolatzearen ardura, eta, ibilian-ibilian, forma hartzen joan zen. Hasierako aldi hartan, antolakuntzako taldeak ez zuen imajinatu ere egiten hamabigarren edizioa egitera iritsiko zirenik, eta orain, atzera begiratuta, «oso pozik» daude urte hauetan guztietan egindako lanarekin. «Asko gustatzen zaigu halako saltsetan ibiltzea, oso ondo pasatzen dugu, eta horregatik gabiltza antolakuntzan», esan du Etxeberriak. Ordiziako jaialdiak modua ematen die «gustuko musika entzuteko» eta «lagun artean gozatzeko», eta saiatzen dira jendeak «egun onak» pasa ditzan. «Herrian giro polita sortzen da, eta hemendik aurrera ere horrela jarraitu nahiko genuke».

Jazzaldiaren antolatzaileak uste du egun badituztela arrakastarako beharrezko osagaiak. «Lagundu izan gaituzten ezinbesteko elementu batzuk daude: eskarmentua, jaialdia ahoz aho zabaltzea, musikariak ondo zaintzea eta entzuleen erantzun positiboa». Gainera, ekinaldiak babesle talde sendo bat duela erantsi du Etxeberriak; Ordiziako Udala, Kutxa fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Orkli eta Ampo kooperatibak, BERRIA egunkaria eta Irizar taldea, besteak beste.

(ID_15086330) GOIERRIKO 10. JAZZALDIA ARAMAN
Jac Electric taldea Goierriko hamargarren Jazzaldian, orain bi urte, Ordiziako Aramako plazan. GOIERRIKO JAZZALDIA

Laguntzaileei esker, «maila altuko» taldeak gonbidatu ahal izan dituzte, eta horrek entzule berriak erakarri ditu jazzaldira. Are, Etxeberriak dio lehen jende nagusia agertzen zela gehienbat ekitaldietara, eta orain «geroz eta gazte gehiago» izaten direla. «Agian, gazteen artean ohikoagoa da bestelako musika estilo batzuk entzutea, baina jazzean mota asko daude, eta gu saiatzen gara Ordiziara denetik ekartzen».

Plaza Nagusia da jaialdiko ardatza, leku aldetik «estrategikoa» delako, Etxeberriak adierazi duenez. «Plazaren inguruan taberna asko daude, eta emanaldiak plazan eginda, nahi gabe bada ere, edozeinek entzun ditzake». Hortaz, musika gustuko duen oro gonbidatu dute plazara, jaialdian izango diren taldeen estiloak gustatu zein ez. Izan ere, antolatzaileak esan du aurtengo helburua jaialdiaz «disfrutatzea» dela, baita jazz eta blues doinuak Goierriko eta inguruko herritarrengana hurbiltzea ere.