Diruaren hotsa

Diruaren hotsa

«Txin-txin, txin-txin diruaren hotsa, haretxek ematen dit, maitia, bihotzian poza». Halaxe kantatzen genuen ―oraindik abesten zenean― lagunarteko afalosteetan, elkarri lepotik oratuta. Diruaren hotsak ematen dit poza bihotzean! Harrapazank, Txiribiton. 

Egia da dirua ezinbestekoa zaigula bizi garen mundu honetan. Diru barik ez dago ezer egiterik, edozertarako kontu korrontea, bankuko txartela edota telefonoko aplikazioa behar delako. Hala da. Sos gabe ez gara nor gizartean, pertsonon influentzia ez delako gehienetan jakintzan edo sortze gaitasunean neurtzen, dirutan baino. Txintxinen eragina besteen gainetik dago, gurtu egiten dugu, bihotzean poza ematen digulako. 

Berriki Jeff Bezos ―Amazonen jabea― ezkondu egin da, Venezian. Hiri eder horretako biztanle askok protesta egin zuten ezkontide amerikarrak Adriatikoko txoko hori «erosi» egin zuela salatzeko. Ezkontzan 50 milioi dolar gastatu ei ditu Bezosek. Hori guztiori irratian entzun nuen. Baina aurretik emandako albistea Oxfamek egindako txosten batena izan zen. Horren arabera, munduko aberatsenen %1ek bere aberastasuna 33,9 mila milioitan handitu du 2015etik hona. Kantitate horrek 22 aldiz lortuko omen luke pobrezia desagerraraztea planetan. %1 hori 3.000 pertsona dira. Sare sozialetan esaten den moduan, berri bi elkarrekin hobeto ulertzen dira. Bezos 3.000 horien artean lehenengo postuetan dago. 

Venezia «erosi» ez ezik, The Washington Post egunkari entzutetsua ere erosi zuen 2019an. Aurtengo otsailean, justu Trump boterera iritsi berri, kazetako jabeak hauxe adierazi zien iritzi emaileei: «Egunero idatziko dugu bi oinarriren alde eta defentsan: askatasun pertsonalak eta merkatu librea. Beste gai batzuk ere ahotan hartuko ditugu, jakina, baina oinarri horien kontrako ikuspuntuak beste batzuek argitaratuko dituzte». Ttak, askatasuna. Ttak, diruaren hotsa. 

Dirua beharrezkoa zaigu mundu doilor honetan, baina otxinen hotsa ez dadila izan gure bihotzari poza ematen dion soinu bakarra

Esanguratsua adierazpena, batez ere, sei urtean jabetza izan arren, Trumpen erregimena boterera igo ostean izan delako. Kargu hartze ekitaldian ere bera lako aberats okitu batzuekin batera egon zen, Trump babesten. Trumpismoaren horma-bularra dira mila milioidun horiek, indartu eta bermatzen dituztelako kolore laranjako lehendakariaren erabakiak, zoratzekoak badira ere. 

Bagenekien diruak boterea ematen duena, baina oraingoan inongo lotsa barik erakusten dute. Plutokrazia dela esan genezake. Wikipediaren arabera, hauxe da plutokrazia: (grezieraz ploutos aberastasuna + krazia boterea) estatuko buruzagitza hiritar aberatsen klase batean zentralizatua duen gobernu era edo sistema politikoa da; bertan, gizarteko mailen artean ezberdintasun handiak eta gaindiezinak daude.

Aberatsenetan aberatsena izateak plazer handia emango diela pentsatzen dut, bihotzian poza. Poz hori, ordea, langileen esplotazioagatiko ardura neutralizatzeko nahikoa ote da? Amazoneko banatzaileek botiletan txiza egin behar izatea diruaren hotsak ostenduko du? Beharginen duintasuna eta egoera hobea bermatzeak horrenbesteko aldaketa ekarriko luke bere dirutzan? Lehenengo postuetan egotetik 3.000.era pasatzera, esate baterako, hainbesteko aldaketa izango litzateke? Zekenkeriak eta zitalkeriak ez ote daukate mugarik?

Esan bezala, dirua beharrezkoa zaigu mundu doilor honetan, baina otxinen hotsa ez dadila izan gure bihotzari poza ematen dion soinu bakarra.