Orban ilunei ahotsa emateko

Orban ilunei ahotsa emateko

Astigarragako Udala herriaren memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginetan ari da azken urteotan. 36ko gerraren biktimei aitortza egin zieten orain bi urte, Orri zuriak betetzen dokumentalarekin, eta duela gutxi beste ikus-entzunezko bat argitaratu du, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan estatu indarkeriak hil zituen astigartarrei buruzkoa: Orbanen egia. Zehazki, Joseba Barandiaran Urkola, Tomas Alba Irazusta, Bixente Perurena Telletxea eta Agustin Irazustabarrena Urruzola Legra-ren hilketei buruzko lana da. Eneritz Aulestiak eta Unai Alberdik zuzendu dituzte bi lanak. 

«[Espainiako] Estatuaren indarkeriaren biktimena gai tabua izan da beti, eta guk isiltasun hori hautsi nahi genuen», esan du Aulestiak. Hain zuzen, urteetan isildutako zenbaiti eman diete ahotsa: hildako haien senitartekoei. «Badakigu biktimen hurbilekoentzat ez dela erraza kaxoi hori irekitzea eta bizi izandakoak kontatzea. Beraz, saiatu ginen giro goxo bat sortzen eta elkarrizketatuei konfiantza ematen». Aulestiak uste du asmatu zutela, lortu baitzuten elkarrizketatuek bizipenak kontatzea. «Oso-oso eskuzabalak izan dira. Haiei esker lortu dugu gertukoa eta egiazkoa den dokumental bat egitea». 

(ID_17514538144935) (/EZEZAGUNA)
Begoña Arbelaitz, estatu indarkeriak hildako Agustin Irazustabarrena astigartarraren alarguna, Orbanen egia dokumentaleko irudi batean.

Aulestiak kontatu du «urte askoan ezkutuan egon diren orban ilunak» aurkitu zituztela elkarrizketatuen hitzetan. «Bakoitzak bere orbana zuen», dio. «Urte asko pasatu dira gertakari haietatik, baina zera esan digu batek baino gehiagok: ‘Gure etxeko mahaian inoiz ez dugu gai honetaz horrela hitz egin’».

Gazteengana heltzeko

Alberdiri iruditzen zaio elkarrizketatuei «askatzeko» balio izan diela lanak. «Ni ziur nago dokumental hau egin izan ez balitz, biktimen senitartekoek gertatutakoak isildu egingo lituzketela edo ez luketela dena kontatuko». Justuki, horrexegatik egin dute dokumentala, belaunaldi berriei iraganean jazotakoaren berri emateko. «Gazteengana heltzeko moduko lan bat egin nahi genuen», esan du Alberdik, eta aitortu du lortu dutela.

Orbanen egia abenduan aurkeztu zuten Astigarragan, eta bi egileek esan dute «oso harrera ona» izan zuela. «Adin bat duen jendeak bazuen gertatutakoaren berri, baina gazteak ere etorri ziren dokumentala ikustera, eta ‘Hau gertatu al zen gure herrian?’ zioten batzuek. Jendea oso hunkituta zegoen». 

Aulestiak eta Alberdik badituzte enkarguzko beste lan batzuk, hala nola Astigar kultur elkartearen 50. urteurrenari buruzko ikus-entzunezko bat eta Astigarragako Udalak estatuaren indarkeriaren biktimen omenez eraiki nahi duen harrizko monolito baten eraikuntzaren grabaketa.