«Gure esku dago nola zahartu nahi dugun aukeratzea»

«Gure esku dago nola zahartu nahi dugun aukeratzea»

Agnes Irigoyen (Paris, 1968) podologoa eta posturologoa da, eta duela zazpi hilabetetik ari da nutrizio zelularrean oinarritutako aholkularitza lanetan, bere kasa. Iaz izan zuen nutrizio zelularraren berri, eta osasunean «onura nabarmenak» ekarri zizkiola-eta jarraitu zuen arlo horretan trebatzen. Nutrizio mota horri buruzko solasaldi bat eman zuen lehengo astean, Ordizian, gaiaren gaineko informazioa zabaltzeko asmoz. Cathy Mendez eta Cristina Saralegi adituak izan zituen lagun.

Podologoa zara berez. Noiz eta nola izan zenuen elikadura zelularraren berri?

Joan den urteko irailean osasun arazoak izan nituen: oso nekatuta eta puztuta sentitzen nintzen, eta aurretik neukan hipotiroidismoarekin batu zitzaidan. Nire ondoezaren erroa bilatzen saiatu nintzen, eta Monica Sarasa podologoak elikadura zelularrari buruzko informazioa eman zidan; oinarri zientifiko sendoa duen elikagai osagarri bati buruzkoa, zehazki. Gomendatu zidana egiten hasi nintzen, eta gaur egun esan dezaket oso ondo sentitzen naizela. Elikadura mota horrek nigan izan duen eragin positiboa ikusita, gai horretan sakontzea erabaki nuen, baita jendeari horren berri ematea ere. Horrekin lotuta, eskerrak eman nahi dizkiot Cathy Mendez Boo medikuari, nutrizioari buruz dakidan gehiena hari esker dakit eta.

«Nutrizio zelularrari esker, nutrienteak zuzenean xurgatzen ditu gorputzak, eta osorik iristen dira zelula barrura»

Zer da elikadura zelularra? Eta zerk bereizten du nutrizio tradizionaletik?

Azken batean, elikadura gure gorputzari beharrezkoak ditugun elikagaiak eta mantenugaiak ematen dizkion prozesua da; ehunak sortzeko balio du, baita energia emateko ere. Askotariko estres faktoreak direla eta, gure zelulek nutrienteak digeritzeko, xurgatzeko eta asimilatzeko gaitasuna galtzen dute, eta, aldi berean, zeluletan sortzen diren hondakin, toxina eta partikula desegokiak kanporatzeko mekanismoak oztopatuta egoten dira. Nutrizio zelularrari esker, nutrienteak zuzenean xurgatzen ditu gorputzak, eta osorik iristen dira zelula barrura. Modu horretan, lehengai egokia ematen zaio zelulari, eta horrek modua ematen du funtzio optimoak garatzeko.

Dietak nola eragiten du zelulen funtzionamenduan?

Esan daiteke jaten dugun hori garela. Gure gorputzeko zelula bakoitza jasotzen dituen nutrienteetatik sortzen da, baita gure egoera mental eta emozionala ere. Elikadurak eragin zuzena dauka gure gorputzeko organo bakoitzean eta osasun mentalean. Elikadurak eta eguneroko ohiturek moldatzen duten gure osasuna.

Osasuntsua al da elikadura zelularrean oinarritutako dieta bat?

Bai, jakina. Funtsezkoa da jaten ditugun mantenugaien kalitatea ona izatea. Garrantzitsua da jaten duguna organikoa eta manipulazio urrikoa izatea. Elikagaia zaindu egin behar da, bere jatorri naturaletik kontsumitzailearengana iritsi arte. Kalitate ziurtagiriak berme handia dira horretarako. Mantenugai bat osasuntsua izango da gure sistemak digeritu eta xurgatu badezake; bestela, toxikoa izan daiteke. Nutrizio zelularrak gure zelulentzako oinarrizkoak diren funtzioak berreskuratzen ditu, gero eta hobeto funtziona dezaten. Zelulak hondatzea eragozten du, eta laguntzen du zahartzen eta gaixotzen dituen estres oxidatzailea zuzentzen.

Zer harreman dago elikaduraren eta gaixotasunen artean?

Gaitzak faktore anitzekoak dira. Hala ere, gaixotasunaren erroan dauden kausa nagusi batzuk honako hauek izan daitezke: inflamazioa eragiten duen edo gure metabolismoarekin bat ez datorren elikadura, zelulen deshidratazioa, odolaren eta zelulen pH-aren azidotasuna, luzaroan pilatutako emozio blokeatuak, zelulen intoxikazioa… Gure gorputzak berezko oreka galtzen duenean, gaixotasunak sortzen dira; hau da, osasuna galarazten duten faktoreak nagusitzen direnean eta hobetzen laguntzen dutenak gutxitzen direnean.

Elikadura zelularrak lagundu al dezake zahartzaro osasuntsu bat izaten?

Bai, erabat. Argi dago zahartzea bizitzaren parte dela, baina, hein batean, gure esku dago nola zahartu nahi dugun aukeratzea: ahul eta minberatuta, edo gure zelulei osasuna eta ongizatea emanez. Izan ere, nutrizio zelularrak narriadura eta zahartze goiztiarra saihesten ditu, eta zelulen barneko konponketa bultzatzen.

«Gaixotasunak sortzen dira gorputzean osasuna galarazten duten faktoreak nagusitzen direnean eta hobetzen laguntzen dutenak gutxitzen direnean»

Kirol errendimenduan ba al du eraginik?

Zientifikoki frogatuta dago kirolarien artean eragin positiboa daukala elikadura zelularrak.

Zer eragin, adibidez?

Muskuluen errendimendua %13 hobetzen du. Efektu nagusien artean, ikusi da giharren, tendoien eta lotailuen osasuna indartzen duela, eta horrek murriztu egiten du lesioak izateko arriskua.

Eta dagoeneko lesio bat izanez gero?

Giharren eta beste ehun konektiboen konponketa azkartzen eta sustatzen lagunduko du, muskulu-eskeletoko zelulak indartuz eta berrituz. Gainera, gure hezurrak ere babesten ditu.

Zertan hasi behar da osasuna hobetzeko?

Gure gorputzari behar duena emanez. Horregatik, garrantzitsua da egunerokoan ohitura osasungarriak izatea: egoki elikatzea, loari garrantzia ematea, ondo hidratatzea, naturarekin harremana izatea, harreman osasuntsuak edukitzea, eta nork bere burua eta ingurua errespetatzea.