Sanjoanak pizten direnean Hernanin, Tolosan, Arrasaten, Andoainen, Seguran, Eibarren, Pasai Donibanen, Olaberrin, dena pizten dela ematen du. Txupinazoak egiten du pum zeru zati horietan guztietan, eta lehertzen da uda bat gure begien aurrean. Uda bat: festak, festak eta festak. Hortik aurrera, santuari santua bezala lotzen zaio kafeari pintxoa, arratsalde-pasari egun-pasa, goizeko poteoari arratsaldekoa. Festa txiki eta handiek betetzen dute uda. Denbora librea egiaz denbora libre legez aprobetxatzeko irrika pizten zaigun urteko sasoian, dena bihurtzen da festa: erromeriak, txankletak eta izar uxoak.
Jende maitearekin elkartzea eta etxera bueltatzeko presarik ez sentitzea eztarrian, hori izan daiteke uda. Zerua ilundu arte ez akordatzea afalorduarekin. Jaiegunetan, gorputzak nahi duenean jaikitzea ohetik, nahi duenean etzatea berriz. Alde egiteko ordurik izan gabe luzatzea kafe-elkarrizketak. Denborari irabaztea, moduren batean. Eta hori ospatzea jende maitearen alboan, festa txiki eta handietan.
Denbora librea egiaz denbora libre legez aprobetxatzeko irrika pizten zaigu urteko sasoi honetan, eta etengabe ari gara festatxoak inbentatzen denbora librerik izan ez dezagun. Ez dakit nik hori ote den moduren batean denborari irabaztea…
Lagun batzuei esan berri diet, oraintxe bertan, nire gogoz, sakatuko nukeela botoi bat derrepente biharko eguna irailaren bata edo bia edo hirua bihurtuko lukeena. Ez da egia; gustuko ditut udako ezohiko ibilerak. Baina urduritasuna heltzen zait tripara, etorri ez den uda bat imajinatzen dudanean: errutinaren erabateko hausteak egunero zer egin erabaki beharra dakarrelako eta badakidalako ez dela posible izango egon nahi nukeen zeru zati horien guztien pean egotea. Eta ez dakidalako nire gorputzak ze erantzun emango dion ezin horri. Gaugiro ederreko larunbat iluntze batean, abuztuan, erabakitzen baldin badut etxean geratzea, gustuko pelikula bat jartzen badut telebistan eta nire pipa pakete faboritoa topatzen baldin badut armairuan, bakarrik egoteko gogoz etxeratu banaiz eta pisukiderik ez baldin badago etxean, gustura eta lasai egoteko nahikoa arrazoi eta gehiago baldin badut, baina lagunak baldin badaude Euskal Herriko ez-dakit-zenbat tokitan eta ni hor bakarrik baldin banago, nahi dudalako baina bakarrik, korapilo estu-estu batek hartuko dit bularraldea agian. Norabait joan nahiko dut eta ez dut joaterik izango agian. Arraroa da sentsazioa, baina urtero-urtero hartzen dit gorputza: festatik kanpo lasai egon nahi dudan edozein egunetan, bakardadearen zentzurik txarrena zabaltzen da eztarritik triparaino, mamu txiki bat bailitzan, eta loaldiak izorratzen ditu bere pausoen pisuak. Lehertzen denean uda bat gure begien aurrean, pum, ematen duenean dena piztu dela, piztu egin behar omen gara geu ere, mugitu, planak egin, nekatu, joan, denborari aurrea hartu etengabe; ezin omen dugu galdu festarik. Urduri jartzen nau horrek. Festa txiki eta handiek betetzen dute uda. Denbora librea egiaz denbora libre legez aprobetxatzeko irrika pizten zaigu urteko sasoi honetan, eta etengabe ari gara festatxoak inbentatzen denbora librerik izan ez dezagun. Ez dakit nik hori ote den moduren batean denborari irabaztea…
Lagun berberei esan berri diet ezetz, ez nukeela sakatuko mundu guztiaren ilusioak zapuztuko lituzkeen botoi hipotetikoa, baina nahi nukeela imajinatu uda bat, noizbait etorriko dena, presarik eta presiorik gabe hartuko gaituena, txupinazoek pum egiten duten zeru zati horietatik urruti gaudenean. Ustekabean iristen diren festa txikiak izaten dira, gero, berezienak; erromeriak, txankletak eta izar uxoak.