«Poztekoa da euskara musika urbanora iritsi izana»

Badira urteak musika urbanoak Euskal Herriko kaleak hartu eta eraldatu zituenetik, eta entzuleentzat ahaztezinak diren doinuak sortu ditu. Gaur egun, badira oraindik ere pauso bat haratago joan eta musikarekin esperimentatu nahi duten artistak. Liki Likatsu musika taldeak, hain zuzen ere, minutu gutxian idatzitako bertsoak reggaeton eta cumbia musika estiloekin nahasten ditu. Joseba Tapia eta Chill Mafia erreferentziatzat hartuta, Emaitz Muruak (Hernani, 1998) eta Iker Gamak (Errenteria, 1999) badute formula jendearen oroimenean iltzatuta geratuko diren hitzak idazteko. 

Egun batean, kuadrilla bereko bi lagun elkartu eta doinu urbanoak bertsoekin nahasten hasi zineten. Nola izan zen hori?

IKER GAMA: Gure kuadrillan denok gara musikariak, eta elkartzen garenean abestiak sortzen ditugu. Halako batean, Emaitzek esan zidan: «Noizbait probatu behar dugu autotunea bertsoekin nahasten». Hori izan zen abiapuntua.

Abestiak ez argitaratzeko asmoz sortu zenuten musika proiektua. Zergatik?

EMAITZ MURUA: Ez dudalako nire burua musikaritzat jotzen. Berria da genero hau, hala deitu baldin badaiteke, eta sortu genuenean konturatu ginen polita dela, baina hasieran denbora-pasa gisa sortu zen. Ikerrek La Rutan musika taldean jotzen du, eta ni sarritan joaten nintzen entseguetara. Autotunea probatzen hasi nintzen eta hori izan zen inflexio puntua. Gustatzen zaigulako egiten dugu egiten duguna, eta ikusi genuen interesgarria izan zitekeela.

Abestiak sortzerakoan, zer dator lehenago: bertsoak ala doinua?

MURUA: Hori abestiaren arabera adosten dugu. Bertsoek neurri jakin batzuk dituzte, eta erritmo jakin batera moldatzen dira. Nik Ikerri esan diezaioket: «Reggaeton abesti bat egingo dugu doinu honetan», eta hurrengo egunerako hark doinua egina izango du. Nik hogei minutuko tarte batean bertso batzuk idazten ditut, Ikerrek bi ordutan melodia bat sortzen du, eta bukaeran dena elkartzen dugu. Bion arteko inprobisazio lan bat da.

Zein izan dira zuen inspirazio iturriak?

MURUA: Niretzat, bertsolaritza aldetik, Joseba Tapia izan da erreferentea. Haren doinuek sonoritate eta melodia jakin batzuk dituzte. Horrez gain, Tapiak kopletan edo bertso neurritan egin izan ditu kantak beti. Musikari dagokionez, berriz, Chill Mafia taldea aitzindaria izan da Euskal Herrian, lehen aldiz folklorea eta estilo urbanoa uztartu dituelako. 

GAMA: Chill Mafiaren ondoren loraldi bat izan da. Gure abestientzat, Oiartzualdeko kulturgileak ere inspirazio izan dira: Txiltxoko, Zilibito Records, La Rutan… Ez nuke esango musika urbanoa gure erreferentea izan denik; bai, ordea, euskal musika urbanoan dauden euskal artistak. Underground musikaren eszenatik, hain zuzen ere, asko edan dugu. 

«Musika urbanoa ez da gure erreferentea izan; bai, ordea, euskal musika urbanoan dauden euskal artistak»

IKER GAMA

Underground musikari leial mantentzea garrantzitsua da?

MURUA: Underground musikaren ezaugarri nagusia kaleko musika izatea da, baina guk ez dugu geure burua artista urbanotzat jotzen. Gure musika proiektua zaletasunagatik sortu zen. Musika urbanoa langile klasekoek egin dutena da, eta, horri dagokionez, musika urbanotik gertu gaude, baina nik neure burua gertuago ikusten dut bertsolaritzatik. 

GAMA: Eta norbaitek artista urbanotzat joko bagintu, ez dugu hori salduko. Nik musikaren alde profesionaletik gertuago ikusten dut neure burua, baina musika proiektu hau ez doa hortik.

«Doinu berrien bila baitabil euskal jendea», diozue Liztorra abestian. Hori ikusita, zer eskaini nahi duzue zuek?

MURUA: Guk ez diogu ezer eskaini nahi euskal jendeari, gustatzen zaiguna besterik ez dugu egiten. Genero urbanoan askotan izaten da egotrip-a edo harrokeria puntu bat, eta gurea hori da, doinu berrien bila baitabil euskal jendea. Gaur egungo euskal eszenan folklorea eta musika urbanoa uztartzen direla ikusten dugu, eta hori da gure eskaintza, baina guk ez dugu mezu zuzen bat bidali nahi: «Euskal Herriko musika aldatzera gatoz!». Ez. Hau da gustatzen zaiguna, eta nahi baduzu, hartu.

GAMA: Azken finean, guk ez dugu ezer berria deskubritu. Guk egiten dugun musika jendeari ondare bat uzteko da, olatu hau aprobetxatu eta guk esateko: «Hau horrela ere egin daiteke».

Zerbait zor dio euskal musika urbanoak bertsolaritzari?

MURUA: Ez, bertsolaritza eta musika urbanoa bateraezinak diren bi ekoizpen kultural dira. Gure musika sortu dugun honetan, ikusi dugu bateragarriak izan daitezkeela eta etorkizunari begira interesgarria izan daitekeela. Sekulako poza hartuko nuke beste batek trap-a eta bertsoak nahasten dituela entzungo banu. Baina, izatez, bateraezinak dira.

Hitz zorrotzak eta gazi-gozoak dituzten abesti dantzagarriak ere kaleratu dituzue; Non osti zaude, Donosti? abestia, adibidez.

MURUA: Nik uste dut gorputz batek egiten duen oro politikoa dela. Nork eta nondik abesten duen jakinda, musika ere politikoa da, eta aldarri politikoak zabaltzeko baliatu behar da. Euskal musikaren eszenan hori galdu egin da; euskal gatazka amaitu zenetik musika ez da lehen bezain politikoa. Zuk egiten duzun dena politikoa den heinean, garrantzitsua da hautu bat egitea eta baliabide horiek aprobetxatzea.

«Zuk egiten duzun dena politikoa den heinean, garrantzitsua da hautu bat egitea eta baliabideak aprobetxatzea» 

EMAITZ MURUA

Eta azken urteotan aldaketarik sumatu duzue, mezu politikoei dagokionez, euskal musikan? 

GAMA: Bai, eskerrak. Musika urbanoak aurretik zegoen purpurinazko belaunaldiarekin hautsi du.

MURUA: Hizkuntza baten normalizaziorako ezinbestekoa da toki guztietara iristea, eta poztekoa da euskara musika urbanora iritsi izana. Arrakasta lortzeko asmoz, ordea, badaude euskaraz abesten duten pertsonak ere. Zure barrutik sortzen den hori egin behar duzu, eta erdaraz ekoiztea sortzen bazaizu, erdaraz ekoitzi; baina euskaraz abestea hautu politikoa izan dadila.

Urte honen erdirako jada EP bat eta bi abesti kaleratu dituzue. Zein izango dira hurrengo pausoak?

MURUA: Orain arte, barruan sortu zaiguna plazaratu dugu; ez dugu helburu jakin bat jartzen. Azken finean, bi lagunen arteko jolasa da Liki Likatsu, eta etorkizunari begira ez dugu helburu jakinik. Oraindik aurreratu ezin daitezkeen kolaborazioak ditugu hitzartuta, baina hurrengo hilabeteei begira jolasten jarraitu nahi dugu, gure inguruko lagunekin eta Euskal Herriko beste artista batzuekin.