Gipuzkoak birziklatze tasari eutsi zion iaz

Gipuzkoak birziklatze tasari eutsi zion iaz

Gipuzkoan birziklapena «maila altuetan» mantentzen da, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak asteon esan duenez. Iazko datuak jaso dituzte azken hilabeteotan, eta astelehenean jakinarazi, aldundiak Donostian duen egoitzan. Diputatuak esplikatu zuen birziklapenaren arloan orain bi urteko datu bertsuei eusten diela Gipuzkoak, eta uste du herrialdea «gailurrera» iristen ari dela; izan ere, iaz %52,77koa izan zen birziklatze tasa —orain bi urte, %52,91koa—, eta %59,22koa gaikako bilketa —2023an, %59,34koa—. Hondakinen sorreraren bilakaera ere aztertu du aldundiak, eta, haren datuen arabera, %8 murriztu da 2010. urtearekin alderatuta. 

Zenbakiak apenas aldatu diren 2023tik, eta Ingurumen diputatuak ontzat jo du hori. «Gipuzkoako birziklapen ereduak funtzionatzen du, eta emaitzak dira horrek erakusle, berretsi egin baitute herritarrek konpromiso handia dutela». Nolanahi ere, Asensiok esan du mankomunitate guztiek ez dutela joera bera. «Datuak egonkor mantentzen ari dira, baina ehuneko handi batean. Dena dela, beharrezkoa da hobetzen jarraitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da mankomunitate guztiek erritmo eta norabide berean funtzionatzea».

(ID_17519816280735) (/EZEZAGUNA)
Monica Pedreira eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria eta diputatua, astelehenean, herrialdeko birziklapenaren datuen berri ematen, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Aldundiko Ingurumen Sailari iruditzen zaio «bi frontetan» indartu behar direla politika publikoak: datuak aldatzen ez diren eremuetan herritarren kontzientziazioa areagotuz eta «joera jasangarrienak saritzen dituzten tarifa politiken aldeko apustua» eginez. «Oso oinarri sendoa dugu, baina, hobetzen jarraitzeko, anbizio handiagoko neurriak beharko ditugu», adierazi du Asensiok.

Birziklapen ohiturei dagokienez, bost gune azpimarratu ditu Ingurumen diputatuak: Sasieta (%76,08), Debagoiena (%70,99), Tolosaldea (%67,64), San Marko (%49,68) eta Debabarrena (%50,94). Horiez gainera, Txingudi nabarmendu du, han %1,28 handitu baitzen gaikako bilketaren tasa. «Agian, iritsi da mankomunitateen araberako politika zehatzak pentsatzeko garaia, betiere administrazio bakoitzaren eskubideak errespetatuz».

Beste bizialdi bat

Mankomunitateen araberako politika zehatzez gain, Gipuzkoako Foru Aldundia Berrerabilerarako Prestaketa Zentroa eraikitzeko lanetan ari da. Instalazioak modua emango du ehungintzako hondakinak konpondu, egokitu eta beste bizialdi bat emateko. «Legeak ezarritako helburuak lortzeaz gain, zentroak herritarrekiko konpromiso sozialean urrats bat egitea ahalbidetuko digu; izan ere, han sortzen diren lanpostu berrien %55 gizarte bazterketarako arriskuan daudenentzat gordeko dira», esan du Ingurumen diputatuak. Asmo horren helburua da Gipuzkoak Europan «erreferentziazko lurralde» izaten jarraitzea, eta, hartara, «ekonomia zirkularra indartzea, emisioak murriztea eta enplegu berde berriak sortzea». 

«Gipuzkoako birziklapen ereduak funtzionatzen du, eta emaitzak dira horrek erakusle, berretsi egiten baitute herritarrek konpromiso handia dutela»

JOSE IGNACIO ASENSIO Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua

Aldundiak begiz joak ditu landu nahi dituen beste ildo batzuk: etxeetako elikagaiak alferrik galtzeko joera eta kafe kapsulen bilketa hobetzea. Asensiok dio herrialdean biztanleko 32,67 kilo elikagai galtzen direla alferrik, eta kafe kapsulen bilketak hobera egin duela. 

DATUAK

%27

 

ZENBAT HANDITU DEN KAFE KAPSULEN BILKETA URTEBETEAN. Gipuzkoan, 2023tik 2024ra %27 handitu zen kafe kapsulen bilketa. Orain dela bi urte 96.145 kilo biltzen ziren, eta iaz, 122.166. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak dio igoera horrek «herritarrak gero eta kontzientziatuago» daudela erakusten duela eta aldundiak martxan dituen bilketa sistemak «eraginkorrak» direla.

126.922

 

ZENBAT TONA ELIKAGAI GALDU ZIREN IAZ ALFERRIK. Gipuzkoako Foru Aldundiak jasotako datuen arabera, iaz herrialdean 126.922 tona elikagai galdu ziren alferrik. Aldundiko Ingurumen Sailaren ustez, zenbaki horrek esan nahi du «kontsumo arduratsua» sustatuko duten politika publikoetan sakontzen jarraitzeko beharra dutela, baita nekazaritzako elikagaien kateko eragileekin lanean segitzekoa ere.