Astigarragako tren geltokia 2027aren amaieran irekiko dute

Astigarragako tren geltokia 2027aren amaieran irekiko dute

Astigarragako bizilagunek 2027. urtearen amaieran erabili ahal izango dute tren geltoki berria; izan ere, Astigarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Adif enpresak hura eraikitzeko akordioa sinatu zuten lehengo astean, udaletxean egin zuten agerraldi batean. Han izan ziren Xabier Urdangarin alkatea, Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburua eta Pedro Marco Adifeko presidentea, eta esan zuten geltokia eraikitzeko lanak abenduan hastea dela asmoa. 

Astigarragako alkateak adierazi du udalarentzat «urrats garrantzitsua» dela hitzarmena sinatu izana. «Zalantzarik gabe, oso akordio garrantzitsua da Astigarragarentzat, duela urte batzuk 3.500 biztanle baikenituen eta orain, berriz, ia 8.000. Geltoki berriak Gipuzkoarekin lotuko gaitu». Geltokiak Irun eta Brinkola (Legazpi) lotzen dituen C-1 linearako sarbidea izango du, eta herritarrei modua emango die bestelako garraiobide publiko batean iritsiko ez liratekeen udalerrietara iristeko; Pasaiara, Errenteriara, Tolosara eta Ordiziara, besteak beste. «Udalak hasieratik eman dio erabateko lehentasuna gai honi; izan ere, Astigarragako garraio publikoa oso mugatua da, eta aldiriko tren geltokia martxan jartzean, herritarrentzat asko zabalduko da hainbat herritara joateko konexioa, eta, gainera, mugikortasun jasangarria sustatuko da», esan du alkateak.

«Astigarragako garraio publikoa oso mugatua da, eta aldiriko tren geltokia martxan jartzean, herritarrentzat asko zabalduko da hainbat herritara joateko konexioa»

XABIER URDANGARIN Astigarragako alkatea

Lierni Zinkunegi astigartarrak Errenterian egiten du lan, eta autoz edo motoz egin ohi ditu joan-etorriak. Nolanahi ere, iruditzen zaio tren geltokiak «mesede handia» egingo diola herriari. «Gabeziak ditugu garraio publikoan. Astigarragan urteak eman ditugu Donostia-Hernani autobus linearekin bakarrik; inguruko beste herriren batera joan nahi izanez gero, bi autobus hartu behar ditugu». Kasu baterako, Astigarragatik Tolosara joateko, lehenik Martutenera (Donostia) edo Hernanira joan behar dute, autobusez, eta han trena hartu gero. «Garraio publikoan bidaiatzea zailtzen du horrek».

Zinkunegik kontatu du orain gutxi abiarazi zutela Astigarraga eta Oiartzualdea lotzen dituen autobus zerbitzua. «Aukera hori behintzat badugu, baina Oiartzunera joateko modurik ez daukagu, autoz ez bada», esan du. «Astigartarrek harreman handia dugu urnietarrekin, baina ez daukagu harako autobus zerbitzurik». Horregatik, Zinkunegik uste du Astigarragak beharrezkoa duela tren geltokia. «Orain autoan ibiltzen naiz hara eta hona, edo motoan bestela, baina uste dut herrian tren geltokia egiten dutenean trena hartuko dudala; Tolosara joateko, batez ere. Familia dut han, eta arazoak izaten ditut aparkatzeko. Beraz, gauza ederra izango da garraio publikoan iritsi ahal izatea».

Hamabost milioi eurotik gora

Astigarragako Udalak iazko martxoko osoko bilkuran onartu zuen hitzarmena, eta Euskal Trenbide Sareak ekainean egin zuen eraikuntza lanak lizitatzeko deialdia. Garcia Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak aurkezpenean zehaztu zuen geltokia «angeluzuzena» izango dela, solairu bakarrekoa, nasaren eta trenbideen gainean egongo dela, eta 420 metro koadroko ataria izango duela. Beheko aldean 160 metroko luze izango diren bi nasa eraikiko dituzte, eta eskaileren eta igogailuen bidez lotuko dituzte atariarekin. Terminalera iristeko bidea bakarra izango da: oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat. Igarobide hori 306 metro izango da luze eta 4,5 metro zabal.

«Orain autoan ibiltzen naiz hara eta hona, edo motoan bestela, baina uste dut herrian tren geltokia egiten dutenean trena hartuko dudala; Tolosara joateko, batez ere»

LIERNI ZINKUNEGIAstigarragako bizilaguna

Estazio berria hamabost milioi eurotik gora kostatuko da, eta Adifen, Eusko Jaurlaritzaren eta Astigarragako Udalaren artean ordainduko dute. Adif arduratuko da geltokia eraikitzeko lanen kostuaz, Eusko Jaurlaritzak 2,6 milioi euro jarriko ditu eraikin berrira sartzeko plataforma eraikitzeko, eta udalak bere gain hartuko du pasabidea eraikitzeko lurzorua jartzea, baita mantentze lanak egitea ere.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, «ezustekorik ezean» urtea amaitu baino lehen abiatuko dituzte lanak, eta hogei bat hilabete iraungo dute.