«Erromeria Egunak 25 urte betetzeak esan nahi du gauzak ongi egin ditugula»

«Erromeria Egunak 25 urte betetzeak esan nahi du gauzak ongi egin ditugula»

Dantza, musika eta giro aparta. Errenteriak baditu ongi pasatzeko osagaiak, eta bihar denak nahastuko dituzte, herriko Erromeria Egunaz gozatu ahal izateko. Festak 25. urtea beteko ditu aurten. 10:30ean hasiko dute egitaraua, dianarekin, eta hamaiketakoa egingo dute ondotik, Koldo Mitxelena plazan. Musikaren txanda izango da gero, Aiko taldearekin; Xabier Olaskoaga plazatik abiatuko dira, eta herriko kaleak girotuko ditu. Bazkaria egingo dute segidan, Merkatuzarrean. Arratsaldean, Bixkor txaranga abiatuko da Merkatuzarretik, eta txistulariak, trikitilariak eta dultzaina jotzaileak izango dira Alamedan. 18:30ean, Patxi Perezek dantzaldia egingo du, eta Gabezinema erromeriak itxiko du egitaraua, 22:30ean, Agirre Lehendakaria plazan.

Erromeria Eguna Errenteriako kultura sustatzeko beharrak bultzatuta antolatu zuten herriko bederatzi lagunek, 1998an. Tartean zen Juantxo Maia (Errenteria, 1951), eta lehendabiziko urtean zuen ilusio berberarekin aterako da bihar kalera. Uste du festa beste 25 urtean behintzat izango dela.

Festak mende laurdena beteta, baduzu oraindik dantzatzeko gogoa?

Oso baldarra naiz, eta hobe ez banaiz dantzatzen. Nire lana antolatzea da, ekitaldia egiteko behar diren gauzak prestatzea. Horrela jardun dut beti.

Lehen urtetik zabiltza antolakuntzan?

Bai. Bederatzi lagun elkartu ginen 1998an, erromeriak oinarri hartuta egun berezi bat antolatzeko gure herrian. Batu ginen guztiak dantzari izandakoak ginen, edo dantza munduan aritutakoak; beraz, bagenekien nondik hasi.

Zer dela-eta hasi zineten antolatzen Erromeria Eguna?

Behar batek bultzatu gintuen. Ikusten genuen Errenteriak horrelako egun bat behar zuela, gure kulturak beste bultzadatxo bat behar zuela herrian, eta guk erromeria bat egitea nahi genuen. Errenterian, udalak eta hainbat eragilek beti sustatu dute kultura, eta gaur egun, are gehiago. Dantzak, historikoki, garrantzia izan du gure herrian, eta hori goraipatzeko aitzakia ederra izan zen egun hau sortu izana. Dantzariak eta musikariak kalera atera nahi genituen, herri guztiak goza zezan haiekin.

«’Jendea etorriko al da?’, galdera egiten genion geure buruari; azkenean, egunean bertan ikusi genuen egindako lanak fruituak eman zituela»

Lehenago, Ereintza taldearekin hainbat ekitaldi egiten zenituzten.

Hala da. Urte asko daramatzagu Errenterian Dantzari Txiki Eguna antolatzen, eta ehunka dantzari gazte elkartzen dira. Askotan antolatu ditugu Gipuzkoako aurresku eta dantza sueltoko txapelketak ere. Euskal dantzek presentzia eduki dute herriko kultur programan, eta Erromeria Egunarekin areagotu egin zen hori.

Nolakoa izan zen lehenengo urtea?

Oso indartsu hasi ginen. Apustu handia egin genuen, eta pil-pilean zeuden musika taldeak erakarri genituen, hala nola Gozategi eta Alaitz eta Maider. Jendeak oso ondo erantzun zuen; leporaino bete zen herria. 

Arrakasta aurreikusten zenuten?

Ez genekien zer pentsatu. Lehenengo urtea zen, eta kezka ugari genituen. «Jendea etorriko da?», galdera egiten genion geure buruari. Azkenean, egunean bertan ikusi genuen egindako lanak fruituak eman zituela. Ez zen zaila izan lehen pausoa ematea eta ekitaldi bat lehen aldiz egiteko erabakia hartzea, gogo handia baikenuen.

Gauzak ondo atera ziren, beraz. Harro sentitzen zarete?

Erabat. Erromeria Egunak 25. urteurrena beteko du, eta horrek esan nahi du gauzak ongi egin ditugula. Harrotasun puntu bat ematen digu. Dena dela, harrotasuna baino gehiago, poztasuna eta asetasuna sentitzen ditugu. Gainera, azken urteotan ikusi dugu Euskal Herrian erromeriak ugaritu egin direla, eta askok esan digute gu izan gaituztela eredu. Euskal Herriko kulturaren oinarri sendo bat dira erromeriak, eta asko pozten nau gero eta gehiago garela ikusteak.

Nolakoa izan da hasieratik gaur arteko bilakaera?

Errenteria Euskal Herri osotik etorritako jendez bete zen lehen Erromeria Egunean, eta hala da gaur egun ere. Plazer handia da herri bazkaria askotariko lekuetako jendearekin egitea, jende eta istorio asko ezagutzeko aukera ematen baitu. Ilusioa handituz joan da urtez urte. Jendeak gogo handia izaten du uztaila iristeko eta Erromeria Eguna ospatzeko, madalenak baino astebete lehenago egiten baitugu normalki.

Aurten, 25. urteurrena dela eta, gogo berezia al duzue?

Uste dut baietz. 25. urteurrena da, eta horrek ilusioa areagotzen du. Jende askok horixe esaten digu, eta nabaritzen dugu parte hartzaileek ere egun handi bat igaro nahi dutela. Herri bazkarian, adibidez, 370 lagun izango gara, eta hori ikaragarria da. Urtero izaten ditugu joaldunak, eta haiekin hitz egin dut eta normalean baino gehiago etorriko dira; izan ere, badakite efemeride berezia izango dela guretzat. Joaldunek ere guk dugun ilusio bera dute, aspalditik baitatoz gurera.

«Seguru izango dela erreleborik, ez daukat dudarik, eta nik uste dut beste hainbeste urtez izango dugula Erromeria Eguna»

Erromeria Egunaren etorkizuna bermatuta al dago? Gazteek erreleboa hartuko dutela uste duzu?

Gu hasi ginenean, ez ginen ez gazteak eta ez zaharrak, eta parte hartzaileen adinak hortxe-hortxe jarraitzen du. Badira gazteak ere, noski, eta are gehiago azken urteotan. Seguru izango dela erreleborik, ez daukat  zalantzarik, eta uste dut beste hainbeste urtez izango dugula Erromeria Eguna. Nolanahi ere, guretzat oso garrantzitsua da jasotzen dugun laguntza; herriko komertzioek, tabernek eta ikastolak ezinbesteko laguntza ematen digute, baita udalak ere. Haien babesik gabe ezingo genuke eguna antolatu, eta hori eskertzekoa da.

Beraz, hasierako bederatziak gazteagoei lekukoa emateko zorian zaudete?

Gu beti egongo gara hemen, ahal dugun guztian laguntzen.