Zer behar du euskarak? Pasa den astean Siadecoren txostena aurkeztu zuten: «Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa». Bertan azaldutako joerak izugarriak dira, etorkizuneko argazki tristea zirriborratzen dute. Beraz, zer da beharrezkoa proiekzio horiek hain izugarriak izan ez daitezen? Zer da premiazkoa etorkizuneko erretratu hori hain goibela izan ez dadin?
Egia esanda, ni iritzi emaile kaskarra baino ez naiz, soziolinguistikan afizionatua eta euskalgintzan amateurra. Horretara, ez dauzkat gakoa eta konponbidea ―ai, baneuzka!―, baina atrebituko naiz esaten. Nire esku balego, sustatuko nituzke pantailak euskaraz: ETB1 indartu, plataformekin akordioak lortu, bideojokoak, filmak… Euskaraz sortu, euskaratu, bultzatu eta hauspotu. Euskara ikastea benetan doakoa jarriko nuke, denendako, maila guztietan. Ikastetxeetara etorritako ikasle berriendako Eusle bezalako programak indartu, eta irakasle gehiago izan eurendako eskoletan. Kirol jarduerak maila guztietan euskaldundu. Gaztetxoendako plan erakargarriak euskaraz muntatu, Euskarabenturaren moduko kontuak zabaldu eta asmatu. Helduen eta zaharren artean kontzientzia zabaldu. Administrazioan motibazio ikastaroak egin, hizkuntza eskakizunak zenbat gauzatarako balio duen adierazi. Eta abar, eta abar, eta abar.
Aitatutako ideia guztiak garrantzitsuak izan litezke, baina askoz garrantzitsuagoak dira horren bultzatzaile eta babesle izango diren pertsonak. Pertsona ekinak, ausartak, tinkoak eta zintzoak ere behar ditu euskarak. Amore emango ez dutenak etsiaren aurrean, ezetzaren parean. Eta badaude halakoak.
Baten izena emango dut: Ana Morales Carro. Ezaguna da euskal zibermunduan aspaldi, eta azken asteotan ezagunagoa egin da lortu duelako Bilboko kale biren izenak aldatzea, borroka luze baten ondoren, etsi ez duelako. Zamaketarien eta Galletaginen etorbideak, Andre Zamaketari eta Emakume Galletaginen etorbideak dira orain, haren konstantzia eta borrokari esker, andrazko horien omenaldia euskarazkoan ezkuta ez zedin. Artikulu ederra argitaratu zuen BERRIAk hilaren 9an, irakur ezazue.
Ana Morales ezaguna da euskal zibermunduan, eta azken asteotan ezagunagoa egin da lortu duelako Bilboko kale biren izenak aldatzea, borroka luze baten ondoren, etsi ez duelako
Halere, jende guztiari ez zaio gustatu aldaketa, eta Gotzon Loberak Euskarak behar ez duena izeneko artikulua idatzi du Deia-n. Tira, Morales adoretsuaren izena aitatu barik, franco txiki, sasijakintsu eta jakinez adjektiboak jaurti dizkio. «Euskara hainbeste maite duten horiek hobe lukete euskara gehiago landuko balute». To eta no. Morales itzultzaile-interpretea da.
Kuriositate gisa, Loberak gezur bat ere badio testuan, mailaren erakusgarri. Eibarko txosnetan Lepoan hartu eta segi aurrera kanta debekatu zutela esaten du, matxista den aitzakian. Nire informanteek dioste aurten askotan jarri dela sanjoanetan. Enfin.
Lobera gorabehera, ez dago euskarak behar ez duenik, euskarak dena behar duelako, denok behar gaituelako, jaun horiek bezalakoak ere beharrezkoak zaizkio —gezur barik, mesedez—. Eztabaida guztiak, iritzi denak. Literatura unibertsaleko klasikoak eta supermerkatuetako bestseller-ak. Prentsa serioa eta eduki friboloa. Zientzialarien tesiak eta magufoen paranoiak. Apostasia eskaerak eta Biblia. Irainak eta loreak. Instantziak eta maitasun adierazpenak. Ezjakinak eta jakintsuak.
Eta gu, zuek eta haiek. Hala ez bada, zertarako?