Onintze eta Garazi Garrido ahizpa bikiek (Beasain, 2000) txikitatik izan dute mundua ulertzeko jakin-mina. Horrexek bultzatuta, Gizarte Antropologia gradua ikastea erabaki zuten, eta egun irakasleak dira biak. Iruditzen zaie hezkuntzan antropologia ez dela behar bezain ikusgai, eta lanean ari dira diziplina horrek «behar duen lekua» izan dezan. Gizakari proiektua sortu zuten martxoan, antropologia gizarteratzeko eta sare bat eraikitzeko asmoz.
Zergatik aukeratu zenuten Antropologia gradua ikastea?
ONINTZE GARRIDO: Sentsibilitate handiko pertsonak izan gara txikitatik, eta beti izan dugu gure inguruan gertatzen dena ulertzeko jakin-min handia; gauzen zergatia galdetzeko joera, eta pertsonen jokabideak aztertzeko eta behatzeko interesa. Batxilergoko irakasle Arroin Mujikak gomendatu zigun Antropologia ikastea, eta berehala konturatu ginen horixe zela guk ikasi nahi genuena.
Zer da antropologia?
GARAZI GARRIDO: Antropologia kultur aniztasunaren azterketa da. Munduan hainbat kultura eta bizimodu daude, eta antropologiak horien arteko desberdintasunak aztertzen ditu. Besteak beste, ohiturak, sinesmenak, harreman sozialak, botere egiturak, identitate prozesuak eta hezkuntza moduak jorratzen ditu, betiere testuinguru jakin batean kokatuta.
«Gizakari proiektuaren asmoa da antropologia gizartean hedatzea eta Euskal Herriko hezkuntza sistema begirada antropologiko kritiko batetik ikertzea»
GARAZI GARRIDO Antropologoa
Antropologiaren barruan askotariko arloak izango dira, ezta?
GARAZI: Bai, hala da. Adibidez, Jose Migel Barandiaran antropologoak bi ildo nagusi landu zituen: batetik, arkeologia, kobazuloetan lan eginez eta aztarnak bilduz, eta, bestetik, lan etnografikoa. Gu lan etnografikoan aritzen gara gehien; gizarte garaikideak lantzen, alegia. Lan etnografikoari gaur egun antropologia sozial edo kultural deritzoguna, eta ez hezurrak aztertzea.
Zer da sortu berri duzuen Gizakari proiektua?
ONINTZE: Gizakari izenak hitz joko adierazgarri bat du atzean: giza, gizakia, eta kari, arrazoia. Azken batean, pertsonak dira gure proiektuaren neurria eta zentzua. Nerabeekin egiten dugu lan, eta haiek dira gure eguneroko arrazoi nagusia. Haiengandik ikasten dugu, eta haiekin batera pizten zaigu gizartea eraldatzeko sena.
Zein da proiektuaren helburua?
GARAZI: Gure proiektuak bi helburu nagusi ditu: antropologia gizartean ezagutaraztea eta hedatzea, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema begirada antropologiko kritiko batetik ikertzea eta eraldatzea.
Eta nola lortu helburu horiek?
GARAZI: Gure asmoa da askotariko ekinaldiak antolatzea.
Zer, adibidez?
GARAZI: Sare antropologiko bat sortu nahiko genuke.
Zer da hori?
GARAZI: Antropologian interesa dutenen talde ireki bat izango litzateke, elkarte baten moduko zerbait. Gure asmoa da ekinaldiak antolatzea herriarentzat eta herritarrentzat, parte hartzea, hausnarketa eta gizarte eraldaketa sustatuz. Sare hori eraikitzea garrantzitsua da elkarlanerako espazio bat sortzeko, ikuspegi antropologikodun herri dinamikak garatzeko eta ekintza kolektiboak bultzatzeko.
Antropologia gizartean zabaltzeak zer onura dakartza?
ONINTZE: Batez ere, begirada aldaketa bat. Aldaketa hori zentzu askotan gertatzen da, baina, bereziki, pentsamendu kritikoa eta giza balioak garatzeko aukera ematen du. Antropologiak gure ingurunea, kultura propioa eta beste errealitate batzuk ulertzeko tresnak eskaintzen dizkigu, aurreiritziak zalantzan jarriz.
Irakasleak zarete. Zein dira gaur egungo nerabeen beharrak?
GARAZI: Entzunak izateko behar handia dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da sormena garatzeko espazioak izatea. Informazioz inguratuta bizi garen arren, askotan ez dute argi izaten zertarako ari diren ikasten, eta horrek frustrazioa eta desmotibazioa dakartza. Gaur egungo erritmo biziak eta presio sozial zein akademikoak antsietatea eta ziurtasun falta eragiten diete.
«Badirudi interes berezi bat dagoela antropologoak hezkuntza sistematik kanpo uzteko, eta horrek areagotu egiten du gizartean behar bezain ikusgai ez egotea»
ONINTZE GARRIDO Antropologoa
GARAZI: Askotan, nerabeei sumatzen diegu bere buruan sinistea falta zaiela. Sekulako gaitasuna dute, eta guk, irakasle moduan, klasean berpiztea dugu helburu: haien potentziala aitortu, elikatu eta loratzen laguntzea, ikaskuntza espazio bizi eta eraldatzaile bat eraikiz.
Uste duzue gizartean nahikoa garrantzi ematen zaiola antropologiari?
GARAZI: Ez. Euskal Herrian eta Espainian ez zaio nahikoa garrantzi ematen. Jende askok ez daki zer den, ezta zertarako balio duen ere. Beste herrialde batzuetan behar duen lekua ematen zaio, eta lan aukera zabalagoak daude. Adibidez, Erresuma Batuan eta Frantzian antropologoek hainbat arlotan egiten dute lan, hala nola instituzioetan, administrazio publikoan eta sektore pribatuan. Toki horietan, antropologoen lana esanguratsua da.
Zein da Euskal Herriko hezkuntza sisteman antropologiak duen lekua?
ONINTZE: Esaterako, Euskal Herriko eskola publikoetan apenas dugun gure ezagutza transmititzeko aukerarik. Nahiz eta gaitasuna izan, legez gaur egun Filosofia ikasgaia bakarrik irakats dezakegu. Lehen, Historia eta Geografia irakats genitzakeen, baina aukera hori ere kendu egin digute. Badirudi interes berezi bat dagoela antropologoak hezkuntza sistematik kanpo uzteko, eta horrek areagotu egiten du gizartean behar bezain ikusgai ez egotea. Hori kezkagarria eta arriskutsua da, gure ustez; izan ere, antropologiak eskaintzen duen ikuspegi kritikoa eta kulturarteko ulermena ezinbestekoak dira gaur egungo gizarte konplexu eta plural honetan. Gure diziplinaren bazterketa ez da soilik profesionalak garenon kalterako: gizarte osoaren galera da.