Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetako langileen grebak ere eman du fruiturik: udalarekin aurreakordioa egin berri dute, eta jende gehiago kontratatzea adostu. Maialen San Sebastian gizarte langilea 2019tik dabil gizarte zerbitzuetan lanean, eta esan du lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela zerbitzu egokia emateko. Txomin Lasa ELA sindikatuko udal arduradunak ezohikotzat jo du gatazka, baina adierazi du beharrezkoa izan dela gizarte ereduaren gaineko eztabaida hizpidera ekartzeko. Langileen batzordea —ELAk bederatzi kide, LABek zazpi, CCOOk hiru, eta ERNEk eta Esanek bina— joan den urtearen amaieran hasi zen biltzen, eta ia %100eko parte hartzea izan zen antolatutako hamabi greba egunetan. Akordioa adostuta badago ere, sinatzea falta da.
Urte batzuk badira Donostiako gizarte zerbitzuetako langileak lantaldea handitzeko eskatzen hasi zirela, baina, aurten, lehen aldiz, udaleko alor horretako kide guztiak mobilizatu dira lan baldintzak hobetzearen alde: administrariak, gizarte langileak eta psikologoak. Gizarte ekintzako departamentuak bost sail ditu: laguntzeko unitatea, adinekoen eta desgaitasunen bat dutenen arreta, prebentzioa, haurren eta familien saila, eta gizarteratzekoa eta ekintza komunitariokoa. Hala, iazko urte bukaeran elkartu ziren asanblada batean; hortik abiatuta, otsailean lau lanuzte eta greba egun bat antolatu zituzten. Apiriletik aurrera, 11 greba egun izan zituzten, eta, ekainean bost eguneko greba hasi baino lehen, greba batzordeak Donostiako Udalarekin aurreakordioa egitea lortu zuen. «Borroka aitzindaria izan da, udaletan ez baitira halakoak egiten», esan du Lasak.
Zerbitzuen gainbehera
ELAko kideak adierazi du pandemiak muturrera eraman zuela gizarte zerbitzuetako egoera: «Beharrak areagotu egin dira». Gainera, esan du departamentuko lan baldintzak okertu ahala gero eta jende gutxiago zegoela hartan lan egiteko prest. San Sebastianek berretsi du gizarte zerbitzuetan langile asko pasatu ohi direla denbora gutxian, «gelditzeko asmorik gabe», eta horrek lana zailtzen duela. Hortaz, gizarte langileak erantsi du langileen faltaz gain antolakuntza falta ere badagoela. «Udalak urte hauetan hartu ez duen ardura langileek hartu dute», erantsi du Lasak.
«Kasuak eta erabiltzaileak ugaritu egin dira. Edozeinek izan dezake gizarte zerbitzuetara jotzeko beharra»
MAIALEN SAN SEBASTIAN Donostiako gizarte langilea
Horrez gain, azken urteetan aldatu egin da gizarte zerbitzuetara joaten diren herritarren soslaia. «Orain gutxi arte, gizarte zerbitzuak muturreko esku hartzeekin lotu ohi genituen, baina gaur egun lan handia egiten da prebentzioan. Hortaz, kasuak eta erabiltzaileak ugaritu egin dira, eta gehiago hitz egiten da osasun mentalaz eta etxebizitzaz», jakinarazi du San Sebastianek. «Edozeinek izan dezake gizarte zerbitzuetara jotzeko beharra».
Aurreakordioaren edukiak
Gizarte ekintzako departamentuko langileek hainbat eskari egin dizkiote udalari, eta horien arabera osatu dute aurreakordioa: udalak konpromisoa hartu du lantaldea handitzeko, lan poltsa berriak sortzeko, administrarien egoera egonkorra izan dadin lanpostuen balorazio bat egiteko, haur eta nerabeen babeseko goi mailako teknikari bat kontratatzeko, inpaktu emozionaleko egoeretan jarduteko protokoloa ezartzeko, departamentuaren antolakuntza aztertzeko eta Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuaren eraikina birmoldatzeko. Hasieran, langile batzordeak beste 30 langile eskatu zizkion udalari, eta hamasei lortu dituzte: 2026rako hamar, eta 2027rako sei.
«Bizi izan dugun gatazka berriz ere izango da, jendarte eredua ezbaian jartzen du eta»
TXOMIN LASA Donostiako ELA sindikatuko udal arduraduna
Lasak eta San Sebastianek ontzat jo dute aurreakordioa. Gainera, ELAko kideak esan du zaila izaten dela administrazio publikoari zuzen-zuzenean langileen beharrak adieraztea eta harekin negoziatzea: «Negoziazio bileretan, greba batzordeko kideak egon gara, eta era guztietako langileok eta sindikatuetako aholkulariok parte hartu dugu. Garaipen bat da udala eseraraztea, zenbat langile behar diren adieraztea eta baldintza duinak exijitzea». Hala, Lasak iritzi dio langileak ahaldundu egin direla eta kolektiboa indartu egin dela: «Subjektu politiko bat eratu da elkar ezagutzen ez zuen jendearen artean».
ELAko kideak balio politiko berezia eman dio Donostiako zerbitzu publikoetatik abiatutako lan gatazka horri. Lasak ultraeskuinaren gorakadari aurre egiteko gotorlekutzat dauzka gizarte zerbitzuak, eta uste du, Donostiako udal langileek aurreakordioa lortu badute ere, biharko egunean antzeko gatazkak izango direla: «Bizi izan dugun gatazka berriz ere izango da, jendarte eredua ezbaian jartzen du eta. Zerbitzu publikoak indartu behar dira, eta horren araberakoa izango da jendarte eredua; finean, gizarte zerbitzuek bermatu egiten dizkiote gizarteari dagozkion eskubideak, eta, indartzen ez badira, sektore zaurgarrienak are zaurgarriago izango dira».
UDALAREKIN LORTUTAKO aurreAKORDIOA
Hamasei langile gehiago.
Haur eta nerabeen babeseko goi mailako teknikari bat.
Gizarte ekintzako administrari lanpostuen balorazioa.
Lan poltsa berriak.
Inpaktu emozionaleko egoeretan jarduteko protokoloa.
GLUZerako instalazio egokiak
Gizarte ekintzako departamentua hobetzeko azterketa.