Ezin ‘agur’ esan

Ezin ‘agur’ esan

«—Moztu zuk. —Ez, moztu zuk. -Moztu zuk. —Ez, moztu zuk.». Zenbat film eta telesailetan ez ote da agertu izan telefonoko elkarrizketa memelo eta memegarri hori, ia beti nerabeen artekoa edota maitale hasiberrien artean. Ni neu ere egon naiz trantze horretan, komunikazioa noiz eten jakin ezinda.

Larriagoa zait mezu eta e-mailekin. «Ondo ibili asteburuan», esaten badidate, adibidez, berehala «baita zu ere» esateko gogoa pizten zait. «Jaso dut artikulua, ondo», nik segituan esango nuke «ederto», baina ikasi dut frenatzen, nahiz eta barruak beste mezu bat idazten jarraitzeko eskatu. Barruak eskatzen dit jarraitzeak heziera onekoa delakoan, jende askok horrela ikusten ez badu ere. Beharbada, bidalitako hainbat mezu erantzun barik geratu zaizkidalako, pantailaren beste aldekoak jaso ez balu bezala, edo hilda balego lez. Hori da laburpena: ez dakit agur esaten. Beti dago besarkada bat gehiago ematea, beste musu bat, begirada goxo bat… 

Makinatxo bat negar egindakoa naiz udalekuetan, azken-aurreko egunetik etxera joan arte. Eta ez umetan, ez, gaztaro ederrean, begirale ibili nintzelako Goñin, Euskal Udalekuetan, bederatzi udatan. Negarra bezperan hasten zen Pantxoa eta Peioren Azken dantza abestia jartzen zigutenean azken erromerian. Kantuan, behintzat, itzultzeko promesa zegoen —«badakit nik ere/ bihar dela joaitia./ Bego pena hau,/ itzuliren naiz/ bai berriz Euskal Herrira./ Bego urte hau/ etorriko naiz/ betikotz zure ondora»—, guk ere asmoa bageneukan, baina urtebetean mila egoera egon zitezkeen hurrengo udan ez itzultzeko. Gazteak ginen, baina horretaz kontziente ginen.

Hauxe da ‘despedidia’! Bihotzean eroango zaituztet beti, ‘Hitza’-ko langileak. Eta irakurleoi, honaino ailegatu zaretenoi, milesker, zuei esker iritsi naizelako hona

«Azken dantzan» jartzeko momentua da, udalekuetan moduan, hau delako nire azken artikulua Gipuzkoako Hitza-n. Azkena, eta kantan ez bezala, itzultzeko promesa barik, Gipuzkoako (eta Bizkaiko) Hitza paperetik desagertzeaz batera, gure kolaborazioak ere desagertuko direlako. Ostiralean da joaitia. Bego pena hau, baina ez naiz itzuliren zuen ondora. Ez. Hauxe da despedidia, Oskorriren azken bira eta diskoari izena kenduta, haiek trikitilari zaharrei ere kopiatu zioten lez. «Hauxe da despedidea, Ai despedida honen tristea» kantuan nabil (imajina nazazue Maurizia Aldeiturriagaren ahotsean).

Triste nago, bai, nahiz eta batzuek pentsatuko duten bazela sasoia nire erretiradea (Biba Hiru Truku!) iragartzeko. Bai, luzetxo jardun dut espazio honetan, txoko eta etxe bihurtu zaidana. Eta bizitzan gertatzen den moduan, iritsi behar zen agur esateko momentua, niri gustatu ez arren. Hamaika urte —hamar gehi bat— eman ditut hemen, luze, baina joateko motiboa ez dut gustuko. Ondo kalibratuko zuten paperean berriro ez agertzea gure Hitza-k; hala ere, galeratzat dut digitalean soilik argitaratzea. 

Hamarkada honetan kontu ugari gertatu da, mundua aldatu egin da, pandemia batetik bizirik irten ginen hala moduz, baina jarraitzen dugu gai berberak gako izaten: euskararen kontrako oldarraldia, autoritarismoaren gorakada, emakume eta gutxiengoen aurkako erasoak… oraindik ere artikulu askorako eman lezakete.

Hauxe da despedidia! Bihotzean eroango zaituztet beti Hitza-ko langileak (Ion, Unai, Miren…). Eta irakurleoi, honaino ailegatu zaretenoi, milesker, zuei esker iritsi naizelako hona. 

Ezin agur esan, moztu zuek!