Gaurtik hasita irailaren 21era arte, Andoain (Gipuzkoa) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Renferen tren zerbitzuen erabiltzaileek autobusez egin beharko dituzte bidaiak, abiadura handiko trenaren lanak direla eta trenbideak itxita egongo baitira. Renferen esanetan, bi hilabete horietan 8.000 autobus zerbitzu baino gehiago jarriko ditu trenez eskaini ezin duen zerbitzu hori ordezkatzeko.
Andoaingo geltokian hainbat erabiltzaile kexu agertu dira zerbitzuagatik. Izan ere, Andoaingo Gudarien Hiribidea, geltokia dagoen errepidea, itxita dago lanengatik, eta autobusak geltokitik 500 metro baino gehiagora ari dira geratzen. Hori dela eta, hainbat erabiltzaile autobusen kanpoaldean Renfek arretarako jarri dituen langileekin hizketan ikusi ditu BERRIAk. Gonzalo izeneko gizon bat autobusetatik geltokira egin beharreko tarteaz kexatu da, makuluak baititu ibiltzeko. «Distantzia hau oso luzea da niretzat, oso motel ibiltzen naiz», adierazi du.
Murrizketek ez dute berdin eragingo bi hilabete osoetan zehar. Aldiriko trenei dagokienez, uztailaren 25etik abuztuaren 3ra, aipatutako ibilbide osoan zehar egin beharko da bidaia autobusez: Irundik Andoainera. Abuztuaren 4tik irailaren 7ra, Hernani (Gipuzkoa) eta Irun arteko tartea izango da autobusez egin beharko dena. Irailaren 8tik 21era, berriz, Pasaia (Gipuzkoa) eta Irun arteko zatia izango da lanek oztopatuko dutena.
Hala ere, autobusak ez dira tren geltoki guztietan geratuko. Irundik Andoainera biderako zentzuan, Irun, Irungo Bentak, Lezo-Errenteria, Pasaia, Herrera, Intxaurrondo, Ategorrieta, Gros, Donostia, Hernani, Urnieta eta Andoain geltokietan geratuko dira autobusak; hau da, Loiola, Martutene eta Hernani Erdia geltokietan ez dira geratuko autobusak.
Distantzia ertaina eta luzea
Tarteko distantziako trenei ezberdin eragingo die mozketek. Orokorrean, Irun eta Andoain artean izango da mozketa, baina tarte batzuetan Irun eta Altsasu (Nafarroa) artekoa izango da, eta zati horretan guztian jarriko dituzte autobusak erabilgarri. Irun eta Altsasu artean bidaia autobusez egin beharko da abuztuaren 7tik 11ra eta abuztuaren 21etik 25era.
Madril-Irun eta Bartzelona-Donostia distantzia luzeko lineek ere moldaketa anitz izango dituzte, eta zerbitzua moztuko den lekuak aldatzen joango dira: Gasteizen, Tolosan (Gipuzkoa), Iruñean… Renferen webgunean ikus daitezke moldaketa guztiak.