Donostiako Udaleko suhiltzaileek 30 urte daramatzate langile kopuru berarekin, eta, azken bi urteetan, langileak hori aldatu nahian ibili dira. Aurtengo mobilizazioen ondoren, udalak konpromisoa hartu du datozen bi urteetarako beste hamabi langile kontratatzeko, eta akordioa sinatu dute. Dena dela, Mikel Goiatxe Donostiako suhiltzaileen zerbitzuko teknikariak eta Egoitz Urbe suhiltzaileak diote suhiltzaile gehiago behar direla. Biek ala biek Gipuzkoako suhiltzaile etxeen arteko koordinazio falta salatu dute.
Donostiako suhiltzaileek 2023ko udan egin zituzten lehen mobilizazioak eta bilerak, udal gobernuari baliabide material gehiago eta langile gehiago eskatzeko. Aseguru etxeen Unespa elkarteak ordaindu egiten die suhiltzaile zerbitzua duten administrazio publikoei, suhiltzaileek kalterik ez izateko egindako lanagatik, eta dirua suhiltzaileen zerbitzuko inbertsioetarako erabiltzen da. Baina Donostiako suhiltzaileek adierazi dute mobilizazioak egiten hasi zirenean ez zutela inbertsioetarako aurrekonturik; alegia, 2023an udalak, aseguru etxeen elkartearen dirua jaso bazuen ere, ez zuela dirua suhiltzaileen zerbitzurako baliatu. «Inbertsioetarako dirurik gabe ezin dira kamioiak berritu, ezta materiala erosi ere», esan du Goiatxek.
Giza baliabideen premia
Suhiltzaileek behar materialei aurre egiteko aurrekontuak dituzte iaztik, baina uste dute ez dela nahikoa diru jartzen langileei dagozkien kontuetarako. Horregatik, mobilizazioei ekin zieten martxoan, eta ekainean itxialdia egin zuten. «Giza baliabideak falta izateak arriskua dakar», dio Goiatxek. Gaur egun, aldundiak Donosti inguruan Zarautzen eta Irunen ditu suhiltzaile etxeak. Hala, hitzarmenaren arabera, distantziak kontuan izanda eta zerbitzua modu egokienean emateko, Donostiako Udaleko suhiltzaileek bere gain hartzen dituzte Donostia, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria eta Andoain herriak. Horretarako, langileek «baliabide eta suhiltzaile gehiago» nahi dituzte.
«Gipuzkoako Foru Aldundiaren suhiltzaile zerbitzuarekin eta beste hiriburuetako zerbitzuekin alderatuta, Donostian askoz ere gutxiago gara»
EGOITZ URBE Donostiako suhiltzailea
Gaur-gaurkoz, Donostian 24 orduko txandetan lan egiten duten sei brigada daude, eta horietako bakoitzean, hamazazpi langile: sarjentua, hiru kabo eta hamahiru suhiltzaile. Baina langileen oporrak edo gaixoaldiak direla medio kopurua alda daitekeenez, langileen gutxienekoari erreparatu behar zaio, suhiltzaileen esanetan: brigada bakoitzean gutxienez 11 behargin behar dira. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren suhiltzaile zerbitzuarekin eta beste hiriburuetako zerbitzuekin alderatuta, Donostian askoz ere gutxiago gara», argitu du Urbek, eta kontatu esku hartze batean edo bestean nahitaez 11 lagun baino gehiago behar izaten direla, protokoloek diotenez.

Donostiako Udalaren asmoa zen gutxieneko langile kopurua hamalaura igotzea, baina langile gehiago kontratatu gabe. Suhiltzaileek ez zuten eskaintza onartu, «aparteko ordu gehiegi» egin beharko zituztelako. Beraz, orain hilabete pasatxo itxialdia egin zuten, eta, horren harira, udalak beste proposamen bat aurkeztu zuen: sei langile gehiago 2026. urterako eta beste sei 2027rako. Langileek onartu egin dute proposamena. «Datozen bi urteetan, egongo da gutxieneko zerbitzua emateko adina baliabide. Hamalau suhiltzaile egongo dira gutxieneko zerbitzuetan», esan du Goiatxek. Dena den, argi diote ez dela nahikoa.
Irtenbidea, hankamotz
Suhiltzaileek udalari eskatu diote langileak kontratatzeaz gain egoeraren aztertzeko, eta azterketan parte hartzeko borondatea adierazi dute «beharko balitz». «Udalari eskatzen diogu egin dezala lurraldearen inguruko azterketa bat aldundiarekin batera, eta iker dezatela zerbitzu egokiena emateko zer inbertsio egin behar den», esan du Urbek. Haren esanetan, Donostiako suhiltzaile etxea txiki gelditu da.
«Datozen bi urteetan, egongo da gutxieneko zerbitzua emateko adina baliabide. Hamalau suhiltzaile egongo dira gutxieneko zerbitzuetan»
GORKA GOIATXE Donostiako suhiltzaileen zerbitzuko teknikaria
Gainera, Donostiako langileek iritzi diote Gipuzkoako eta Donostiako suhiltzaileen zerbitzuak bateratu egin beharko liratekeela. «Bakoitzak bere koordinazio zerbitzua dauka, bakoitzak bere telefono zentrala, baina bai Gipuzkoakoa bai Donostiakoa gela berean daude; zehazki, Donostiako suhiltzaile etxean», aipatu du Urbek. Hortaz, 2027ra bitarte gutxieneko zerbitzua bermatuta egongo den arren, suhiltzaileek berretsi dute beharrezkoa izango dela Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena berrikustea «arazoari konponbidea» emateko.